2006/10/23
Gipuzkoako metalaren komertzioa: LABen babesik ez duen hitzarmen eskasa.

ELA eta UGTk Gipuzkoako metalaren komertzio hitzarmena sinatuko dute laster. Hitzarmenaren sinadura lau urte berandu heldu da, 2001-2002ko hitzarmenaren ondoren (ELAk sinatu ez zuena). Sasoi hartan ELAk hitzarmena gogor salatu zuen, bere ustez, hitzarmenaren mamia eskasa zelako. Baina benetako arrazoia beste bat zen, ELAk negoziazio kolektiborako estrategia zeharo aldatu nahi zuen. Bere asmoa enpresa akordioak bultzatzea zen hitzarmen sektoriala baztertuz. Horrela, enpresa txikiak baztertuta geratuko ziren.

Baina orain, hauteskunde garaian gaudenez, ELAk hitzarmena piztu nahi du eta negoziazio mahaia albo batera utzita, berak negoziatu. Orain lau urte genituen edukiak baino eskasagoak adostu dituzte eta noski, atzerapenak kobratu gabe. Ezinezkoa da orain ontzat ematea lehen sinatu ezin zitekeena; salbu interes ezkuturen bat egotea langileriaren interesen gainetik. 2003. urtetik hitzarmen hau eta merkataritzako beste zenbaitzuk adosteko asmorik ez bazuten, ez da arraroa hauteskunde garaian murgilduta gaudenean ELAk presa izatea hau konpontzeko? Sindikatu horren helburu bakarra ordezkariak berritzea da eta horretarako zerbait aurkeztu behar du: denbora honetan guztian exijitu ditugun gutxienekoak batzen ez dituen arren eta hitzarmena eskasa den arren. Argi dago gertatutakoaren errudun nagusia patronala dela, sindikatuok planteatzen genituen edukiak ez dituelako onartu nahi izan; nahiz eta onartzeko modukoak izan. Zoritxarrez, azkenean lau urteren buruan patronalak aurkitu du nahi izan duena, hitzarmen eskasa sinatzeko laguna. LABek salatu nahi du ezin dela horrela jolastu sektoreko langileekin. Langileek errespetua eta zergatik atzeratu den hitzarmena azaltzea merezi dute. Hitzarmen hain eskasa sinatzeko ez zen hainbeste denbora itxaron behar. Bestalde, LABek lan baldintzak arautuko dituen sektoreko hitzarmena defendatzen jarraitzen du eta ez dator bat ELAk hartutako erabakiarekin, interes partikularrak langileen gehiengoaren aurretik jartzearekin. Honako hau da lortutako akordioa: 2003: KPI+0,25 (patronalaren gomendapena) atzerapenik gabe. 2004:KPI+0,25 (patronalaren gomendapena) atzerapenik gabe. 2005: KPI+0,40. 2006: KPI+0,75 eta lau orduko lanaldi murrizketa. 2007: KPI+0,75 eta lau orduko lanaldi murrizketa. 2008: KPI+0,75 eta lau orduko lanaldi murrizketa.



inprimitu