|
2006/04/10
Bizkaiko merkataritza grebari buruzko balorazioa. Olatz Arozena, zerbitzu pribatuetako idazkaria.
Bizkaiko ehunkien merkataritza arloan, larrua eta zapaten arloan, merkataritza metalean, eta altzari azpisektorean apirilaren 7an egindako grebak jarraipen ona izan du; nahiz eta langileen aldetik ez duen jarraipen bera izan toki guztietan. Beste behin ere, merkataritza sektoreko langileak kalera irten dira lan egoera salatzeko eta lan baldintza eta soldata hobeak exijitzeko.
Joan den urtarrilaren 5ean ere kalera irten ziren eta honen ondorioz CEBEC patronalaren hasierako planteamenduak aldatu ziren; hala ere, mugimendu hauek ez dira behar bestekoak izan eta akordiotik nahiko urrun daude. Patronalaren proposamen hauek ez dute batzen lanaldiaren murrizketarik eta honek aurrera jotzea oztopatzen du.
Joan den astean elikagaien merkataritza hitzarmenaren sinadurarekin ikusi ahal izan genuen posible dela akordioa lortzea, beti ere edukiz josia bada. Horregatik uste dugu CEBEC patronalak eduki hauek beste hitzarmenetara trasladatu beharko lituzkeela, egoera desblokeatzeko.
Sektore honetan lan egiten duten gehienak emakumeak dira eta prekarietatea da nagusi: aldi baterakotasuna, lan partzialeko kontratuak eta soldata oso baxuak. Ezegonkortasunarekin bukatu beharra dago eta sektore honen lan baldintzak, orokorrean, duintzeko soldatak igo edo orekatu behar dira.
Orain arte merkataritza sektorea mobilizatzea espero ez bazen; igande eta jaiegunetan zabaltzearen kontuarekin aurrera eramandako borrokak mobilizaziorako bidea ireki zuen.
Azkenik, adierazi nahi dugu negoziatzen jarraitzeko prest gaudela eta CEBEC patronalari jakinarazi nahi diogu gure eskaintzak kontuan har ditzala eta negoziazio mahaira benetan hitzarmena sinatzea ahalbidetuko duten edukiak ekar ditzala.
|