2006/03/30
Elikagaien merkataritza hitzarmenaren sinaduraren balorazioa.

LABek poz handiz hartu du elikagaien merkataritza arloko hitzarmenaren sinadura, CEBEKen egoskorkeriak ez baitzuen uzten akordiorik sinatzen hain beharrezkoa den lanaldi murrizketa onartu nahi ez zuelako. Urte bete luzea joan da negoziaziotan, mobilizazio ugari egin dira eta urtarrilaren 5ean merkataritza osoan greba izan zen. Azkenean, 2006-2007 urteetarako 13 orduko lanaldi murrizketa eta iazko KPIren gaineko %1,35eko igoera onartu da (2005erako %4,55 eta 2006rako %5,05); lorpen hauek sindikatuen proposamenetara hurbiltzen direlako akordioa sinatzea erabaki da. Gainera, seme-alabak izateagatik 3 egun naturaletik lanegunak izatera pasatu da, hileko 100 euroko plusa gaueko lanagatik eta garraio publikorik ez daukatenentzako kilometroko 0,20 euroko garraio plusa lortu da. Akordio hau sinatu ondoren gure ustez posible da datorren apirilaren 7an greba deituta dagoen merkataritzako beste sektoreetan adostasuna lortzea (metala, ehuna, orokorra, larrua eta altzariak). Momentuz behintzat, negoziazioak hasiak dira hainbat hitzarmenetarako eta elikagaien akordioan lortutako elkar ulertzea hauetan islatzea besterik ez da falta. Argi dago ez dugula atzera egingo gure aldarrikapenetan eta elikagaien hitzarmenean lortutakoa beste hitzarmenetarako eskatuko dugula. Urtebeteko atzerapenaren ondoren eta planteatutako mobilizazioak direla medio; elikagaien hitzarmenean lortutako helburuak beste hitzarmenetan ere lor daitezkeela uste dugu eta horren alde borrokatuko gara. Negoziazio honek argi eta garbi erakutsi du batasun sindikala eta herrialdeko hitzarmenaren aldeko langileen borroka direla hitzarmen duina lortzeko bideak, sektore honetako langileek merezi duten duintasuna. Hitzarmen probintziala deusezteko saiakeren aurrean, LABek aurrerapausoak lortzeko balio duten batasuna, borroka eta elkartasuna ahalbidetzen dituen marko bakarraren alde lanean jarraituko du, LABek akordioa lortu duten pertsonak zoriondu nahi ditu. Badakigu urtarrilaren 5eko greba oso gogorra izan zela eta zein zaila den epe luzera lorpenak ikusaraztea enpresa barrutik eta kanpotik presionatzen ari denean grebara ez irteteko. Horregatik, benetan, zorionak eta gure elkartasuna greba egunean euren lanaren duintasunagatik kalera irten ziren langileekiko.



inprimitu