|
2005/01/17
Jaiegunetan irekitzearen kontrako manifestazioa.
Gasteizeko gobernuak ezin dezake bere erantzukizuna ekidin ezta akordio partzialak ahalbidetu ere.
LABen Zerbitzu Pribatuak sektoreko arduradunek oso positibotzat jo dute hilaren 16an egindako manifestazioak izan zuen babes kualitatibo eta kuantitatiboa. Manifestazioa, igande eta jaiegunetan saltokiak irekitzea ahalbidetzera bideratutako Gasteizeko gobernuaren dekretuaren kontra izan zen.
Hilaren 16an argi geratu zen merkataritzaren ordezkaritza handi baten nahia, bai langileena bai merkatari txikiena egungo egoera manten dadin, hau da, zero jaiegunetan irekitzeko. Exijentzia hau, sektorean enplegua defendatzeko eta merkataritza txikia biziraun ahal izateko planteatu da.
Hemendik aurrera, Gasteizeko gobernuak euskal gizarteak eskatu diona kontuan hartu beharko du, egungo errealitatea erregulatzeko dituen eskuduntzak erabiliz eta Madrilgo gobernuaren zein merkatal gune handien presioei aurre eginez.
Halaber, akordio partzialei edo irteera faltsuei bidea emateko saiakerak egon badaudela ohartarazi nahi dugu. Hau guztia, erantzukizunak ekiditeko eta gune handiei eta sektoreko multinazionalei laguntzeko, gero eta jaiegun gehiagotan irekitzea lortzeko margen nahikoa utziz.
Azkenik, manifestazioan parte hartu zuten pertsonak zoriondu nahi ditugu eta aldi berean, eskubide honen defentsan orain arte bezala borrokatzen jarraitzera animatu, langile, merkatari eta herritarrei eragiten baitie.
|