2004/11/26
Ordutegi komertzialak - Gasteizeko gobernua Madrilen aurrean makurtu da.

Gasteizeko gobernuak, Madrilen agindupean, ordutegi komertzialen araudiari buruzko dekretu proiektua aurkeztu duela jakin dugu. Ibarretxe eta bere gobernua, euskal gizarte eta inplikatutako eragile sindikal, sozial eta komertzialen gehiengoaren iritziaren kontra jarri da. LABek bere haserrea adierazi nahi du, behin eta berriro igande eta jaiegunetan irekitzearen kontra gaudela agertu baitugu.

Gasteizeko gobernua ez da beren eskumen propioak onartzeko gai. Ez du ezta sektorean irekitzeari buruzko dauden akordioak errespetatzen ere eta nahiago du gobernua espainiarrak inposatzen dionera makurtu.

Hauxe bada euskal hiritarron erabakia errespetatzeko eredua, gutxi edo ezer gutxi espero dezakegu EAJ, EA eta EBk osatzen duten gobernu honetatik. Nahiago dute Madrilgo erabakietara makurtu legislatu baino. Eta horixe da eskatzen dioguna, herri honetako herritar gehienen interesen arabera. Inposaketa eta txantaje hau ez ditugu onartuko Gasteizeko gobernua dirudienez onartzeko prest egon arren. Langileak, merkatari txikiak eta hiritarrak orokorrean mobilizatuko ditugu, aurrekaririk gabeko esparru komertzial, kultural eta harremanen esparruen kontrako erasoaren aurrean. Esparru hauek eraldatzeko asmoa dago gehiengoaren iritzia kontuan hartu barik eta Madrilgo aginduetara eta merkatal -gune handien interesetara makurtuz.

Lotsagarria iruditzen zaigu, pribatuan eta hainbat bileratan beti kontrakoa adierazi duten bitartean, orain bat-batean eta gehiengoaren iritzia kontuan izan gabe onartzera behartzea.

Nahikoa da! Nagusikeriari, ausardia faltari eta txotxongiloa den eta Madrilgo aginduei men egiten dien gobernuari ez. Ez dugu erregulazio hau onartuko eta inposaketa honi aurre egingo diogu. Herritarrei eraso honi gogor erantzuteko deia luzatu nahi diegu.



inprimitu