|
2005/11/17
Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbiketa hitzarmen probintziala sinatu egin da Sinatu egin da dagoeneko Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbiketa hitzarmen probintziala. LABek positibotzat jo du ASPEL patronalarekin batera sinatzea (ELA-LAB-ESK-CCOO-UGT), sektoreko langileen baldintza ekonomiko eta sozialak hobetzen dituzten funtsezko aurrerapenak biltzen baitira; baita lanaldi partzialeko kontratatutakoen kolektibo zabalerako hobekuntza espezifikoak ere.
Bestalde, sektore honetan emakumezkoaren presentzia oso handia izanda, langile hauentzako alde berri eta oso positiboak jasotzen dira ere bai, oraindik guztiz nahikoak ez diren arren.
Azpimarratu beharreko hobekuntzak:
Indarraldia: bi urtekoa, 2005eko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra arte.
Soldata: 2005erako soldata igoera KPI+0,80 izango da. 2006rako KPI+1,20 izango da.
Garraio plusa lan eguneko ordainduko da eta 1,55 eurokoa izango da 2005ean eta 1,75 2006rako, duen lanaldi portzentajea kontuan hartu barik. Halaber, langileak, zentro bat baino gehiagotan lan eginez gero, kantitate hauek jasoko ditu horietako bakoitzeko.
Kontratazioari dagokionez, postu berriak betetzeko edo zerbitzua handituz gero, lehentasuna izango dute eta beti zentroan duten antzinakotasunaren arabera, lanaldi partzialeko kontratua dutenek.
Atsedena langile guztiei aplikatuko zaie lanaldiaren araberako proportzioan, eta lan egindako denboran konputatuko da.
Errelebo kontratua, erretiro partzialerako baldintza legalak betez gero, langileak eskatuta emango da.
Haurdunaldirako arrisku kasuetan soldataren %100, eta seme-alaben zaintzagatiko eszedentzia kasuetan, hiru urtetan lanpostua gordetzeko eskubidea izango du.
|