|
2006/06/21
Kutxetan ere, euskal hitzarmenaren alde!
LABen ustez, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde egitea ekintza sindikalean eta negoziazio kolektiboan apustu estrategikoa egitea da. Lau kutxetan gure marko propioa aldarrikatzeko ordua heldu da; aldarrikapen honek hitzarmenen negoziaketan atal garrantzitsuena izan behar du. Gai honi lehenbailehen ekin behar diogu, kutxak gero eta sukurtsal gehiago zabaltzen ari direlako estatu mailan eta horrek ordezkaritza sindikala aldatu eta Euskal Herriko langileek indarra gal dezaketelako.
Horregatik, LABen gure negoziazio markoa lortzearen alde lan egingo dugu.
Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alorrean, kutxak ere borroka esparrua dira eta horregatik publikoki adierazi nahi dugu aldarrikapen hau kutxetatik haratago doala eta politikoek ere badutela zeresana eta zeregina honen inguruan. Euskal kutxetan lanean dihardutenek argi izan behar dute marko propioa lortzea oso garrantzitsua dela beraientzat, euren lan baldintza eta soldatetan eragingo baitu. Kutxen zuzendaritzak bultzatzen ari diren zabalkundea oso arriskutsua da baita negoziazio kolektiborako ere. Ez diogu inori eskubiderik kendu nahi; kontrakoa, eurek negoziatu nahi dutena errespetatzen dugu eta Euskal Herrian sinatzen denari atxikitzeko aukera ematen diegu.
Gure ustez, datozen kutxetako hauteskundeek LABek berak bakarrik aurrera daraman euskal esparruaren aldeko aldarrikapena indar dezakete. Hasieran ere aipatu dugu, politikoek badaukate zeresana gai honen inguruan, EAJ eta EAk kontrol politiko handia daukate euskal kutxetan eta ezin dira atzean gelditu, zerbait egin behar dute. LABek kutxetan, euskal negoziazio esparruaren alde egitera deitzen ditu edo bestela esan dezatela estatukoa nahiago dutela. Ez dago erdibiderik, ezta orain arte egin duten moduan erantzukizunak saihesterik ere. Iritzia emateko ordua da.
LABek kutxetan ere Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko apustu serio eta irmoa egin nahi du. Gure konpromisoa argia da eta Euskal Herriko kutxa guztietan proposatuko dugu, gertatuko balitz fusionatutako kutxan ere bai.
Aurten hasitako BBK-ko hitzarmenaren negoziazioa ez da guretzat eredugarria; ez alor honi dagokionean, ezta edukietan ere. Euskal esparruaren gaia LABek baino ez du defendatu negoziazioan eta kutxako zuzendaritzak CECA gisako hitzarmen baten alde egiten du gainera, estatu mailakoa eta egun BBK-k duena baino eskasagoa. LABek lehenengo puntuan, negoziazio esparruaren ingurukoan, orain arte azaldu duguna oinarri hartuta; proposamena Euskal Herri mailan izan dadila planteatzen du. Kanpoko langileak hemengora edo CECA hitzarmenera edo estatuko kutxetako hitzarmenera atxiki daitezkeelarik edo beste hitzarmen bat negoziatu euren esparruan. Enpresa eta sindikatuak ez ziren gogotsu azaldu proposamen honen aurrean. CCOOren kasuan, kontra agertu zen eta ELAk oraindik ez dela momentua esan zuen. Enpresak, berriz, ez zuen erantzun, ez zuen ezer ere ez esan. Ez da harritzekoa BBK, batez ere EAJren inguruko enpresaren gustukoa ez izatea proposamena. Berak egindako eskaintzan, CECA hitzarmenean, kutsu estatalekoa, oinarritutako soldata taulak gehi %15a, iradokitzen dira.
Guk aurrera joko dugu gure proposamenarekin eta LABen sinadura ildo honetatik joango da; hitzarmena esparru propioaren ildotik joan dadin.
LABek gai hau aztertzeko hainbat asanblada egin ditu eta Euskal Herrian negoziazio esparruaren aldeko babesa handia izan da. Gure ustez, eta enpresak kontrako bidea hartu nahi duen arren; hitzarmen berriaren oinarrietako bat izan behar da gai hau, BBK-ko langileen lan baldintzen hobekuntzarekin batera.
|