2004/10/25
BBVAk eskandaluzko etekinak lortu ditu: 2.059 milioi euro gordin irailera arte.

Aurtengo lehenengo bederatzi hilabeteotan BBVAk lortutako etekinak, gure ustetan lotsagarriak dira, iazko aldi berean lorturikoak baino %18,4ko igoerarekin.

BBVA publikoki harro agertzea, jendartean jende asko egoera larrian eta hainbat gabeziarekin bizi denean jasanezina da. Espekulazio finantzarioak aberastasuna esku gutxitan pilatzen duen bitartean, gazteek prekarietate handia jasaten dute, familiei gero eta gehiago kostatzen zaie hil amaierara heltzea eta etxebizitza duin bat lortzea ia ezinezkoa izaten da.

BBVAk ezin du ezkutatu etekin horiek egoera batzuen ondorio direla: bere langileek pairatzen duten prekarietatea, bezeroei kobratzen zaizkien gehiegizko komisio eta gastuak, zerbitzuen azpikontratazioa kostuak merkatzeko langileen lan baldintzak okerragotzeko. Era berean, azken urteotan 13.000 lanpostu baino gehiago hondatu dira sektorean estatuan, horietatik 1.300 baino gehiago Euskal Herrian.

Sindikatuok ezin ditugu datu hauek alde batera utzi, agerian uzten baitute desberdintasun soziala eta finantza erakunde handiek dituzten erraztasunak eta kontrol falta, beti ere langileriak gero eta zama handiagoa jasaten duenean.



inprimitu