|
2007/10/02
Sidenorreko enplegua suntsitzeari EZ!
Uztailean Sidenorren zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espedientea ezarriko zuela jakinarazi zuen. Espediente horrek 464 lanposturen galera ekarriko luke, horietatik 343 Euskal Herrian kokatuta dauden lantegietan. Hau da, Sidenorrek gure herrian sortzen dituen lanpostuen %15,86. Gaur egun, 2163 langile dira Basauri, Gasteiz, Elgeta, Azkoitia eta Legazpiko lantegietan ari direnak. Azken biak CIE Automotive taldeko GSB-Acero enpresari erosi zizkion iaz Sidenorrek.
Zoritxarrez, esan behar dugu espedientearen aurkezpena aurreikusi genezakeela; orain urte pare bat Gerdau talde brasildarrak Sidenor erosi zuenean horren beldur baikinen eta era berean, argi zegoen erabakiak Brasilen hartuko zirela eta ez Euskal Herrian. Horrek guztiak Euskal Herriko lantegietan izango lituzkeen ondorioekin.
LAB, honako arrazoiengatik, espediente horren aurka dago:
1.- Espediente honek 343 lanpostu suntsituko lituzke Euskal Herrian eta 100 Espainiar estatuan; berreskuratzerik izango ez luketen lanpostuak dira. 2005. urtean 25 milioi euroko etekinak eta 2006an 60 milioi publiko egin zituen enpresa batek kalitateko enplegua sortu beharrean, lanpostu gehiago suntsitzeko erabakia hartzea ulertezina da.
2.- Espediente honen ondorioz, batetik, GSB-Aceroren Azkoitiko altzairu-fabrika itxi egingo da; dagoeneko, jarduerarik gabe baitago. Bestetik, Gasteizkoa ere ixtear geratuko da 420 langile izatetik 130 besterik ez baititu izango.
3.- Hemendik aurrera Sidenor-Gerdauk Euskal Herrian eskainiko duen enplegua askoz ere kaskarragoa izango da. Zergatik?
- Sidenorren zuzendaritzak azpikontratazioa areagotzeko asmoa dauka. Horretarako, lan baldintza kaskarragoetan jarduten diren azpikontratek (soldatak, lanaldia, etab, ...) enplegu zuzena ordezkatuko dute.
- Orain arte lege-iruzurrean egiten ziren aldi baterako kontratuak egiten jarraituko dute; nahiz eta murrizteko asmoa dutela iragarri. LABek beti salatu du, berak bakarrik gainera, iruzurrean oinarritutako aldi baterakotasun tasa ikaragarria dela Sidenorren. Espediente honen negoziazioan gai hau mahai gainean egon baldin bada; LABek arazoa behin eta berriz planteatu duelako batzordean izan da.
- Bestalde, nominan dauden langile fixoen enpleguaren kalitatean ere eragingo du espediente honek; hemendik aurrera ehunaka izango direlako, batez ere Gasteiztik Basaurira eta Azkoititik Legazpira lekualdatuko dituzten langileak. Horren ondorioz, langile horien lanaldia luzeagoa izango da eta bidean istripua izateko arriskua pairatu beharko dute.
4.- Zuzendaritza asmo txarrez aritu dela ere salatu behar dugu, ikusi besterik ez dago uda bete-betean abiatu zuela espedientea eta ahalik eta arinen egin nahi izan dela enpresa batzordeak ezer jakin gabe. Horretarako, sasi-negoziazio batzorde bat eratu zuten.
Sasi-negoziazio batzordearen bilerak zelakoak izan diren ikusita, badirudi benetako negoziazioa zenbait sindikatuk batzordetik kanpo burutu dutela; langile eta enpresa batzordeari bizkar emanda. Egiaz, non eta norekin negoziatu da Enplegua Erregulatzeko Espedientea?
Negoziazio mahaian irudikatu duten sasi-negoziazioak ez du Sidenorren hasierako planteamendua ezertan ere aldatu: enpresa guztiz errentagarria izan arren, 343 lanpostu suntsitzea.
5.- Ulertezina da Eusko Jaurlaritzaren jarrera. Sidenorren zuzendaritzak lanpostuak suntsitzeko eta kalitatea murrizteko dituen planen aurrean Jaurlaritzak ez du ezertxo ere esan; horregatik bere isiltasunak konplize bihurtzen du. Gerdauk Sidenor erosi zuenean, duela bi urte, ez al zuen esan Eusko Jaurlaritzak enplegua mantendu egingo zela? Orain zergatik ez dute ezer esaten?
6.- Azken baten, Enplegua Erregulatzeko Espediente hau Euskal Herriko ehun-industriala pixkanaka-pixkanaka suntsitzeko beste pausu bat da. Horretarako, enplegua murriztu eta dagoena kaskartuko du azpikontratazioaren eta iruzurrezko aldi baterakotasunaren bitartez. Horrexegatik, LABek ez du onartzen ezta onartuko zuzendaritzaren espedientea.
Egoera hau izanik, LABek hasieratik planteatu zuen mobilizatzeko beharrizana. Kontrakoa esan duten arren, ez da egia proposamenik egin ez dugula, zuzendaritzaren asmoei aurre egiteko erantzun sindikala pizteko proposamenak egin baititugu.
Hilabete hauetan zuzendaritzaren asmoa salatzeko Basauri eta Bilbon kontzentrazioak burutu ditugun sindikatu bakarra izan gara. Gainera, irailean, espedienteak eragina daukan lantegi guztietan asanbladak egitea proposatu genuen, baina gainerako sindikatuek (CCOO, UGT, ELA eta UDO) ez dute mobilizatu nahi izan, zuzendaritzari espedientea ezartzeko ateak zabalik utziz.
7.- Prentsaurreko honetan gauden LABeko kideak jakinarazi nahi dugu, datozen egunetan egingo diren asanbladetan argi eta garbi azalduko dugula espedientearen aurka gaudela berreskuratuko ez diren ehunaka enplegu suntsitzen dituelako. Euskal Herriko beste enpresa batzuetan gertatu legez, (La Naval, Babcock, etab.), oraingoan ere estalitako industria-birmoldaketa dugu aurrean; kasu honetan, ekitaldiz ekitaldi milioiak irabazten dituen enpresaz ari gara. Beraz, sektorearen motorra den eta milioietako etekinak irabazten dituen enpresa batek hori egiten badu; zer ez dute egingo beste enpresa batzuek?
ELA, UGT, CCOO eta USO sindikatuei Sidenorren zuzendaritzak dituen asmoei oniritzirik ez emateko eskatzen diegu. Ez dezatela onartu Euskal Herriko industri-sektorean 343 lanpostu suntsitzea. Argi dago enpresak ezin izango dituela bere planteamenduak aurrera eraman sindikatuen babesik gabe. LABek eman du bere iritzia, orain gainerako sindikatuek espedientearen inguruan daukaten iritzia ematea dagokie.
|