|
LAB Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintzako Batzordean izandako dimisioen aurrean.
Duela bi hilabete baino gehiago Hizkuntza Plangintzako Atxikiak eta Batzordeko beste kide batek dimisioa aurkeztu zuten. Orain berriz, bi hilabeteren buruan, Batzordeko kide gehienek dimititu dute.
Badira jada bi urte Burillo jauna unibertsitate aitzindari jarririk. Hasiera batean bazegoen errektore taldeak euskararen inguruan zerbait eginen zuelako esperantza, baina orain arte egin diren gauza bakarrak izan dira Gobernu Kontseiluan, alde batetik, Batzordearen Barnearaudia onartzea eta, beste aldetik, "Bases para el diseño de una planificación lingüística en la UPNA" delako txostena (gaztelania hutsez, jakina) onartzea. Txosten honek ez zuen inon inolako zalapartarik atera, izan ere, lehendik han-hemenka onartu zena (bai unibertsitateko estatutuetan, bai lege foraletan edota bai Nafarroako Justiziako Epaitegi Gorenean erabakitakoa) onartu baitzen besterik gabe.
Batzorde honetako kideek beren dimisioa aurkezteko eman dituzten arrazoiak Errektoeari berari igorritako gutun batean biltzen dituzte, besteak beste hauxe diote: "Batzordeak onartu ondoren Hizkuntza Plangintzarako Atxikiak helaraziriko proposamenen aurrean, baina, ez du erantzunik eman Errektoretza Taldeak. Bi aldiz proposatu du Batzorde honek euskarazko irakasgaiak titulazioetan ezartzeko plana, aurtengo ikasturterako eta heldu denerako, baina ez bata ez bestea ez ditu aintzat hartu Errektoretza Taldeak".
Atxikiaren dimisioaren ondoren (martxoaren 22an) batzordearen jarduera txoil gelditua dago. Gaur egun (maiatzaren 31a), ez dute oraindik ere Atxiki berria izendatu.
Euskara dela eta, heldu den urteko ikasgaien eskaintzan (Errektorearen agintaldiko hirugarren ikasturtea) ez da ia-ia inolako berrikuntzarik aurtengoarekin alderatuz, eta hurrengoetan ere ez du ematen gehiegi aurreratuko denik gai honetan, zeren Atxikiaren hitzak ekarriz: "arazorik latzena da ez dela inolako plangintzarik edo etorkizunerako proiekturik egiten. Oso anarkikoa da dena". Eta Errektorearen jarrera zein den ikusita (cf. "Burillok beti eskuak garbitzen ditu euskararen inguruko gaietan") ez dirudi aspaldi honetan arraka dakargun arazoari ekiteko gogo handiegirik duenik.
Talde honek ez du ontzat eman Batzordeak burututako "enborreko ikasgai bat lehenbiziko urtean titulazioko" proposamena. Zein proposamen egin behar zaio, orduan, ikasgairen bat edo batzuk euskaraz egin nahi dituen ikasleen %30 horri?
Atxikiaren eta Batzordeko kide gehienen dimisioak azken 11 urteotan izan den taigabeko dimisio-zurrunbilora garamatza berriz ere, eta honek garbiki adierazten du euskararen gaiari ez diotela inondik heldu nahi.
Euskara dela eta, NUPen dagoen eskaintza eskasa eta egoera hau nolabait gainditu beharreko auziaz, iragan apirilean ezagutara eman zen Nafarroako Parlamentuko Hizkuntz Politikari buruzko txostenean ere garbikiro agertzen da. Bertan honako hau azpimarratzen da (gaztelania hutsez, noski): "Se considera como muy insatisfactoria la oferta de enseñanzas en euskera en la UPNA".
Agertutakoa ikusi ondoren, geuren buruari galdetzen diogu: noiz ekinen zaio behar bezala gai honi unibertsitate honetan? Noiz irtenbideren bat emanen gero eta ugariagoa den eskaerari?
Errektoreari eskatzen diogu jar ditzala lehenbailehen bitarteko guztiak "Batzordearen jarduera erabat geldiarazita dagoen une hau" gainditzeko (Batzordeak Errektoreari zuzendutako gutunean aipatzen dira hitz hauek), eta halaber, ikasleei eskatzen diegu heldu den 22an eta 23an burutuko den aurrematrikulazioan ikasketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko eta ikasgaiak euskaraz jar daitezen eskatzeko; aurrerapausorik egitekotan horrela lortuko baita.
Juan Jose Zubiri
Enrike Galartza
Nafarroako Unibertsitate Publikoko LABkideak
|