|
2003/12/05
Inposaketarik ez! Euskal Herriak bere Hezkuntza. Euskal Herritik Mundura, eta Mundutik Euskal Herrira
Euskal Herriak, munduko gainontzeko herriek bezala, inguruak ezarritako erronkei erantzuteko era berezia izan du. Erantzun propio hauek kultur ondare bihurtzen joan dira, beste herriekiko hartuemanen bidez aberastutako ondarea, hain zuzen ere. Hezkuntza izan da kultur ondare hori belaunaldiz belaunaldi transmititu eta eraberritzeko akuilua. Egun, globalizazioaren eta uniformiazazioaren aurrean, kultur aniztasunaren balioa aldarrikatzen den honetan, bestelako mundu baten eraikuntzarako geure ekarpena egin nahi dugu. Eta eginbehar horretarako, geure hezkuntza bitarteko eta estrategia propioak garatzea ezinbestekoa da.
Hezkuntza sistema propioa eraikitzeko urratsak
Hezkuntza bitarteko propioen beharraz oharturik, eginbehar horri heldu diogu euskaldunok. Azkeneko hamarkadei erreparatuz, geure herrian egondako hezkuntza ekimenen ugariaz ohartzen gara. Batzuk bakarrik aipatzearren: ikastolen mugimendua, euskal eskola publikoaren aldekoa, eskola publikoan auzoz auzo euskarazko lerroak irekitzeko egindako lana, ikasle mugimenduak egindako ekarpenak, euskal unibertsitatearen alde emandako urratsak, hezkuntza ez-formalaren eta aisialdiaren eremuan egondako ekimenak, gaztetxe, eskola, auzo elkarte zein kultur etxeetan burututako tailerrak, helduen euskalduntze eta alfabetatzerako eraikitako hezkuntza-sarea... Gainera, eredu propioa garatzeko ekimen horien oinarrian hezkuntzaren ikuspegi aurrerakoia garatzeko kezka presente egon da.
Hezkuntza sistema propioa, euskaldunoi ukatutako eskubidea
Saiakera hauek, kanpotik ezarritako lege, dekretu eta bestelakoekin topatu egin dira askotan. Izan ere, hezkuntza sistema propioa izateko aukera historikoki ukatua izan zaigu. Eta gaur egun, edalontzia erdi beterik ikusiko du batek eta erdi hutsik besteak; baina, edozein kasutan ere, euskal lurraldean garatzen den hezkuntzaren ardatz nagusienak Parisen eta Madrilen finkatzen direla errealitate objektiboa da. EAEko eta Nafarroako gobernuek ardatz horiek egokitu eta kudeatzeko eskumena baino ez daukate. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan ez dago horretarako aukerarik ere. Errealitate hau gordinki azaldu zaigu azkeneko urte hauetan egondako hezkuntza esparruaren berrantolaketarekin.
Frantziar hezkuntza sistema: zaharrak berri
Paris hainbat neurri hartzen ari da hezkuntza esparruari dagokionean, berau Europar Batasunaren administrazio- eta ekonomia-irizpideetara egokitzeko asmoz. Baina funtsean, Euskal Herriarekiko, zaharrak berri:
· Lapurdik, Zuberoak eta Behe Nafarroak ez dute hezkuntza mailako eskumenik.
· Baionan dauden fakultateak, Pabeko Unibertsitatearen menpe daude. Ehunka euskal ikasle kanpora joatera beharturik aurkitzen da.
· Euskal irakaskuntzari etengabeko oztopoak jartzen zaizkio. Euskara ez da ofiziala, eta beraz murgiltze eredua ez dago baimendurik sare publikoan. Ikastolei dagokionez, azpiegitura, irakaslego eta finantziazio arazo etengabeei egin behar diete aurre.
Espainiar hezkuntza sistemaren berrantolaketa
Espainiar estatuak azkeneko hamarkada luzean egindako hezkuntza berrantolaketari handienari ekin dio, honako neurri nagusi hauen bidez: Humanitateen Dekretua, Kalitatearen Legea, Lanbide Heziketen Legea eta Unibertsitaterako Legea. Neurri eta lege hauek guztiek honako hiru ezaugarri hauek dituzte:
1. Madrilen erabaki eta Hego Euskal Herrian ezartzen dira.
2. Espainiar hezkuntza sistema homogenizatu eta fiskalizatzea bilatzen dute.
3. Hezkuntzaren gaineko ikuspegi atzerakoi, akademizista eta autoritarioan oinarritzen dira.
Neurri hauek Hegoaldeko euskal lurraldeetan aplikatzen ari dira. Hezkuntza sistema propioaren beharra inoiz baino ageriagoa da, azken finean Hego Euskal Herriko bi hezkuntza administrazioei Madrilen onartutakoa aplikatzea beste aukerarik ez baitzaie geratzen.
Nafarroako Gobernuaren kasuan, kolaborazioa erabatekoa da: hizkuntza eredu berriak, testuliburuak zentsuratzeko egitasmoa, unibertsitatean euskara debekatzeko legea egiteko saiakera (porrot egin zuena), euskarazko ikastetxeei ezartzen zaizkien etengabeko oztopoak, EAEko Gobernuaren kasuan, hezkuntza sistema/esparru propio baten aldeko diskurtsoa egiten da, baina praktikan Madrilen ezarritako neurriak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe eta unibertsitateetan aplikatzen ari direla ikusten dugu.
Inposaketarik ez! Euskal Herriak Bere Hezkuntza
Lege, dekretu eta neurri hauek guztiek hezkuntza sistema propio baten bidean orain arte eman ditugun urratsak kinka larrian jarri nahi dituzte, eta horregatik, ezin ditugu onartu. Guk dakigu, inork baino hobeto, zer nolako hezkuntza eredua behar dugun herri honetan. Areago, hezkuntza eredu hori eraikitzeko determinazioa hartua dugu. Eta beraz, inposaketa hauei guztiei erantzun sendoa ematearekin batera, hezkuntza eredu horren eraikuntzari eutsiko diogu, oraindik indar eta gogo handiagoz, emateke ditugun urratsak emanez, esaterako haur eskola euskalduna eta hezitzailearen eraketa, lanbide heziketaren euskalduntzea, euskal kurrikuluaren osaketa, murgiltze ereduen ezarrera, euskal unibertsitatearen sorrera edota tokian toki beharrezkotzat jotzen direnak.
|