2003/12/05
Hezkuntza sistema propioaren aldeko protokoloa.

SARRERA Euskal Herriak, munduko gainontzeko herriek bezala, inguruak ezarritako erronkei erantzuteko era berezia izan du. Erantzun propio hauek kultur ondare bihurtzen joan dira, beste herriekiko hartuemanen bidez aberastutako ondarea, hain zuzen ere. Hezkuntza izan da kultur ondare hori belaunaldiz belaunaldi transmititu eta eraberritzeko akuilua. Egun, globalizazioaren eta uniformiza-zioaren aurrean, kultur aniztasunaren balioa aldarrikatzen den honetan, bestelako mundu baten eraikuntzarako geure ekarpena egin nahi dugu. Eta eginbehar horretarako, geure hezkuntza bitarteko eta estrategia propioak garatzea ezinbestekoa da. Hezkuntza bitarteko propioen beharraz oharturik, eginbehar horri heldu diogu euskaldunok. Azkeneko hamarkadei erreparatuz, geure herrian egondako hezkuntza ekimen ugariaz ohartzen gara. Saiakera hauek, kanpotik ezarritako lege, dekretu eta bestelakoekin topatu dira askotan. Izan ere, hezkuntza sistema propioa izateko aukera historikoki ukatua izan zaigu. Eta gaur egun, edalontzia erdi beterik ikusiko du batek eta erdi hutsik besteak; baina, edozein kasutan ere, euskal lurraldean garatzen den hezkuntzaren ardatz nagusienak Parisen eta Madrilen finkatzen direla errealitate objektiboa da. Errealitate hau gordinki azaldu zaigu azkeneko urte hauetan egondako hezkuntza esparruaren berrantolaketarekin. Paris hainbat neurri hartzen ari da hezkuntza esparruari dagokionean, berau Europar Batasunaren administrazio- eta ekonomia-irizpideetara egokitzeko asmoz. Baina funtsean, Euskal Herriarekiko, zaharrak berri. Espainiar estatuak azkeneko hamarkada luzean egindako hezkuntza berrantolaketa handienari ekin dio, honako neurri nagusi hauen bidez: Humanitateen Dekretua, Kalitatearen Legea, Lanbide Heziketaren Legea eta Unibertsitaterako Legea. Lege, dekretu eta neurri hauek guztiek hezkuntza sistema propioaren bidean orain arte eman ditugun urratsak kinka larrian jarri nahi dituzte, eta horregatik, ezin ditugu onartu. Guk dakigu, inork baino hobeto, zer nolako hezkuntza eredua behar dugun herri honetan. Areago, hezkuntza eredu hori erai-kitzeko determinazioa hartua dugu. Eta beraz, inposaketa hauei guztiei erantzun sendoa ematearekin batera, hezkuntza eredu horren eraikuntzari eutsiko diogu, oraindik indar eta gogo handiagoz. Helburu horrekin sortu da Protokolo hau. OINARRIAK Honako hauek dira Protokoloaren oinarrian dauden premisak: 1. Euskal Herriari, munduko beste edozein herriri bezala, bere hezkuntza esparrua antolatu eta arautzeko eskubidea dagokio, era horretan bere erronka kultural, sozial eta ekonomikoei aurre egin ahal izateko, eta munduaren luze-zabalari geure ekarpena egiteko. 2. Euskal Herriari eragiten dioten hezkuntza erabakiak Euskal Herrian bertan hartu behar dira, euskaldunon arteko eztabaida libre eta demokratikoaren bidez. Guk geuk baikara hobekien dakigunak zer nolako hezkuntza beharrak ditugun. 3. Beraz, kanpoan hartzen diren eta Euskal Herrian aplikatzen diren hezkuntza erabakiak ez dira legitimoak, eta inposaketatzat jo behar dira ezinbestean. 4. Kanpoan hartzen ari diren erabaki horien legitimitate eza, gainera, areagotu egiten da espainiar estatuak eginiko azken lege eta dekretuen kasuan. Batetik, hezkuntza eduki aldetik uniformizatzaile eta atzerakoiak direlako. Eta bestetik, erabakiak hartzeko prozedura erabat antidemokratikoa jarraitu delako. KONPROMISO OROKORRAK Protokolo honi atxikimendua adierazten diogun lagunok edo eragileok honako konpromiso hauek geure egiten ditugu: 1. Espainiar eta frantziar estatuak hezkuntza arloan burutzen ari diren inposaketaren aurrean jarrera kritikoa izango dugu. Madrilen eta Parisen hartutako erabakien, zein berauetatik eratortzen diren neurrien, zilegitasun eza salatuko dugu. 2. Geure esku dagoen guztia egingo dugu, beti ere norberaren ahalmenen eta aukeren arabera, euskal ikastetxe eta fakultateetan espainiar hezkuntza berrantolaketa eraginkorra izan ez dadin, eta frantziar hezkuntza sistemak euskal nortasunaren eta euskararen aurka hartzen dituen neurriak bertan behera gera daitezen. 3. Geure eremutik hezkuntza sistema propioaren alde lan egiteko konpromisoa berresten dugu. Hor ditugu, zentzu honetan, heldu beharreko erronka garrantzitsuak: haur eskola euskalduna eta hezitzailearen eraketa, lanbide heziketaren euskalduntzea, euskal kurrikuluaren osaketa, murgiltze ereduen ezarrera, euskal unibertsitatearen sorrera edota tokian toki beharrezkotzat jotzen direnak. TOKIKO KONPROMISOAK (tokian toki eztabaidatu eta adostu beharrekoak).



inprimitu