· euskara   · castellano
FORMAKUNTZA   | AGERKARIAK   | EUSLAB   | EUSKALHERRIA   | NAZIOARTEKOA
                    

Garraioak eta Telekomunikazioak

· Trenbideak
· Hegazkinak
· Errepideak (bidaiari eta merkantzien garraioa)
· Telekomunikazioak
· Arrantza
· Itsaso Merkataritza






Ez da etorkizuna



Ez da etorkizuna



Ez da etorkizuna


 

2006/10/09
Ez da etorkizuna

Uda osotik zehar, arrantzaz aritzen den iragarkia ikusi ahal izan dugu komunikabideetan. Honetan, argazki ezberdinen bitartez arrantza sektorearen iragana eta etorkizuna ikustarazi nahi digute.

IRAGANA EMATEN DU, BAINA ETORKIZUNA DA zioen Baskongadetako Gobernuak zabaldutako eta finantzatutako publizitate honek. Horrela, aditzera eman nahi digute hegaluzearen arrantzan aritzen den baxurako azpisektore honek etorkizun eta aukera itzelak dauzkala aurretik.

Hala ere, Euskal Herrian sektore honen egoera ikusita, iragarki honek errealitatea ezkutatu besterik ez du egiten. Jendarteari sinistarazi nahi diote etorkizunerantz nabigatzen den sektorea daukagula geure herrian, gauzak oso bestelakoak direla jakinda ere.

Euskal Herriko arrantza eta, batez ere, baxurakoa, noraezean dabil. Pairatzen dituen arazo estruktural larrien ondorioz ezin ditu amarrak askatu eta iraganeko ohitura eta usadioei eutsi behar die gaurko egunean ere geure portuetan.

Kalak agortzen ari dira eta honezkero ez da apenas espezierik geratzen. Antxoarekin gertatu dena epe laburrean geure bizibiderako ezinbestekoa den beste edozein espezierekin ere gertatu ahal da. Arrantza intentsiboa, espezie artean berezi barik, gero eta gehiago harrapatzean oinarritzen dena izan da egoera honen erantzulea. Gure kaletako espezie gehienen egoera erakusten digun icebergaren tontorra besterik ez da antxoaren egoera.

Baina hau ez da arazo bakarra. Harrapatutako arrainak saltzeko orduan, gure portuetan oraindik erabiltzen da antzinako eta zaharkitutako beheranzko enkantea. Honela, arraina iraganeko prezioetan saltzen da lonjetan, eskaerak kontrolatuta, eta komertzializazio prozesuan ezinezko suertatzen da ekoizleen esku irabazirik gelditzea. Flotaren errentagarritasuna arriskuan jartzen dute eta ezinbestekoa izaten zaie arrantzaleei ahalik eta espezie gehien harrapatzea, edozelan, eta, era berean, arrantza arduratsurik ez erabiltzeak kolapso arriskua dakar.

Honetaz gain, tostartekoen lan baldintzak benetan dira iraganekoak eta esan genezake gaurko egoera kaxkarragoa dela orain 40 urtekoa baino: arrantzaleek lan gehiago egin behar dute, segurtasun neurriak gutxiago dira, atseden gutxiago hartzen dituzte eta gainera parteko soldataz, lan jardunaldirik gabe, opor barik, 9 hilabeteko kanpainetan patroi armadorearen ordenuetara. Egoera hau iraganean ere ez zen gertatzen.

Errealitate honen aurrean, arrantzaren etorkizunaz egin liteke berba? Sektorea iraganean dago ainguratuta. Armadoreak desengainatuta daude pilatzen diren arazo guztiak ikusta: kaletan sartzeko problemak daude, ez da errentagarria, gasolioa gero eta garestiagoa da, ontziratzeko prest dagoen arrantzalerik ez dago, beste sektore batzuetan lana topatzea nahiago dutelako...

Baina egoera hau ez da gaur goizekoa. 25 urte baino gehiagotan, PNV gobernuaren eta arrantza sailaren buru egon dela, arduradunek begira egon besterik ez dute egin. Ontziak Euskal Herriko portuetatik irteten ziren, berriro ez itzultzeko, Pasaian, Lekeition, Mutrikun eta hainbat herritan gertatu den bezala. Flotaren suntsipena erabatekoa izan da. Arrantza sektorea estrategikoa da geure herrian eta horregatik arrantza lehiakor eta errentagarria da aldarrikatzen dena; hala ere, PNVk entzungor egin eta ez du honekin bat datorren arrantza politikarik bultzatu nahi izan.

Azken urteotan, arrantza sailak ez du kontuan hartu gure kaletan gero eta baliabide gutxiago daudela, ez du etorkizuneko gestiora begirako berrikuntzarik egin; bitartekarien menpe utzi du sektoreko komertzializazioa eta ez du ahaleginik egin salmenten irabaziak ekoizleen esku gelditu daitezen: nahiz eta arrantzaleak izan esfortzua egiten dutenak, bitartekariak dira agintzen dutenak.

Hau ez da norberaren burua zuritzeko sasoia, ezta etorkizunera begira baino, iraganean geldituta dagoen sektorearen publizitaterik egiteko momentua ere. Sektoreak etorkizunik izango badu, arrantza arduratsu eta iraunkorrean oinarritutako politika bultzatu behar da: komertzializazioa ekoizleek kontrolatu behar dute; antzinako ohitura eta usadioak laga eta belaunaldi aldaketa bermatuko duten lan baldintza duinak ezarri behar dira. Horixe da bide bakarra gure portuek etorkizun ekonomikoa izan dezaten eta Euskal Herrian elikadura subiranotasuna lor dezagun.

LEO BELAUSTEGI
LABeko arrantza arduraduna


 
LAB sindikatua Ekintza sindikala SektoreakArloak Prentsa