|
2006/09/18
«Antxoaren arazoa kontrol falta da». Euskal flotan antxoa eta hegaluze gehien arrantzatzen duen "Santana Berria" ontziaren patroia da Juanjo Azkue. Arrantzaldiez, antxoaren arazoaz eta sektorearen etorkizunaz mintzatu da.
Nabari zaio ez dagoela elkarrizketetara ohituta. Ez da berritsua, ez. Baina badu esatekorik. Arrain motak bezainbeste hizpide ematen dituen euskal arrantza flotan, Juanjo Azkuek (Getaria, 1962) gidatzen duena harrapaketa handienak egiten dituen ontzia da. Bai antxoatan bai hegaluzetan arrantzontzi baten batez besteko harrapaketak bikoiztu eta zenbaitetan hirukoiztu egiten ditu Getariako Santana Berria-k; Getariako beste ontzi bat -Marińelak- du pareko bakar. Biak dira oso ezagunak kostaldeko herri arrantzaleetan.
Hamabost egun egin ditu itsasoan. Gauerdia pasata iritsi da portura Santana Berria eta 32.000 kilo hegaluze deskargatu ditu -freskoan saltzeko arraina da gehiena eta horregatik hamabost egunetan bi edo hiru ateraldi egin ohi dituzte-. Lo pixka bat egin eta ezer gehiagotarako asti handirik gabe, eguerdian, BERRIA-ren erruz, atzera portuan da Juanjo Azkue. Badago mugimendua. Kamioiak joan-etorri dabiltza oraindik, hegaluzea kargatu eta eramaten. Asteburua etxean igarotzeko asmoa du (biharamunean Euskal Jai Eguna da, Zarautzen, ondoko herrian).
«Hori zuk diozu», erantzuten dio, apaltasunez, arrantza munduan izen handia duela esaten dion kazetariari. Hura arrantzara nora doan zelatan egoten omen dira beste ontziak. Irribarrea atera zaio hori entzutean, baina bere sekretuaz galdetu eta deseroso jartzen hasi da. «Ez dago sekreturik!». Saiatu egin behar da, dio; «... eta abilezia pixka bat izan». Azkenean, Azkueren ustez, faktore asko batzen dira harrapaketa onak esplikatzeko: Gehiago harrapatzeak ontzian «gehiago inbertitzeko aukera» ematen dio baita «jende onena» izateko aukera ere. «Esperientzia ere izango da», gehitzen du. Bere ontziaren harrapaketa ikusgarrien gaian, dena den, ez du amua gehiago heltzeko asmorik.
Beste bat orduan. Zer moduz hegaluzearekin? «450 tona hegaluze harrapatu ditugu aurten. Ederki. Aurtengo arrantzaldia txukuna izan da eta joan den urtekoa ere bai». Prezioarekin, gainera, ez du kexurik. «Hegaluzearekin bi prezio egiten dira. Freskoa eta fabrikarakoa. Prezioa eskariak eta eskaintzak ezartzen dute eta fabrikarakoaren kasuan nazioarteko kontserberak eta hainbat kontu sartzen dira prezioan. Freskoan diru gehiago ateratzen da. Horregatik azken 15 egunetan hiru aldiz ekarri dugu arraina. 60.000 bat kilo. Bada, horietatik 6.000 dira fabrikarako. Eta gure moduan denak».
ANTXOAREN ARAZOA.
Salneurriekin jarraituz, antxoaren aurtengo prezioa «zoragarria» izan da Santana Berri-ko patroiarentzat, gutxi badago, garestiago saltzen da-eta. Eta argi dauka: «Nik askoz nahiago nuen aurreko urtean geldialdirik egon ez balitz». Geldialdi eta guzti, Frantziako pelagikoek -eta Donibane Lohizunekoek- milioi bat kilo antxoa harrapatu zutela dio Azkuek. «Joan den urtean kuota 4.500 tonakoa zen. Bada, gu ez ginen 2.000ra ere iritsi. Frantsesek, guk emandakoarekin eta abar, 1.000 inguru harrapatu ahal zituzten. Kasualitatea, geldialdia erabaki zen. Hemen borrokatu egin ginen arrantzaldia ixteko, eta lotsagarria da, milioi kiloa harrapatu zuten eta. Eta ez bazen itxi... bi milioi kilo harrapatuko zituzten!».
Bizkaiko Golkorako Europatik ezarritako antxoa harrapaketa kuota osoaren %10 dagokio Frantziari. Baina Juanjo Azkuek zalantza asko ditu hori betetzen duten. Eta geldialdirik gabe, nahiz eta kuota bete, pelagikoek arrantzatzeari utziko ziotenik ez du uste. «%10eko kuota bete eta sardina harrapatzen dutela esaten dute».
«Utz ziezaietela eta harrapa zitzatela bi milioi, ea zer gertatzen zen. Jendea sentsibilizatuta dago antxoarekin eta iskanbila egongo zen. Egongo zen presio pixka bat». Haserrea nabari zaio Santana Berri-ko patroiari. «Zertarako balio dute kuotek ez badira ezertarako ere kontrolatzen. Antxoa berriz sortzen bada, haiek 10.000 tonarako baimena izan eta 40.000 harrapatzen badituzte? Berriz ere gutxituko da antxoa. Arazoa ez antxoarik ez dagoela. Arazoa kontrol falta da eta pelagikoek nahi adina harrapatzen dutela».
Getariarraren ustez, egiaz, kuotaren %10arekin ez daukate bizitzerik. 80 pelagiko pare egon beharrean 10 biziko lirateke. Gainera, Espainiako Gobernuak berdela harrapatzeko kuota zatia ematen die antxoatan aritzen diren Frantziako pelagikoei, «gure berdela!».
Antxoaren arrantzan geldialdia egiteagatik diru laguntza jasoko dute euskal arrantzaleek. Azkueren haserrea areagotu egiten da gaiaz hitz egiterakoan. «40 egun geldituta, eguneko 45 euro kobratzeko. Faborez... Gehiago merezi dit itsasora joateak. Eta ez nik gehiago harrapatzen dudalako; erdia harrapatzen dutenei ere ez die konpentsatzen».
Dena den, diru laguntza oso gutxi jasotzen dituztela azpimarratu du Azkuek. Harentzat flota berritzeko laguntzak bai izan ziren beharrezkoak. «Orain ontzi gutxi badaude, askoz gutxiago egongo ziren bestela».
IRAGANA, ORAINA, GEROA.
Portura begiratu du. Azkuek arrantza sektorearen apaltzea ontziekin ez, jendearekin neurtzen du. «Arrantzarako jendea topatzea zailagoa da. Herriko jenderik ez dago». Bizimodu gogorra delako. «Etxetik kanpora denbora asko pasatu behar da, familiatik urrun, ordutegirik gabe, lan ordu asko segidan, lo gutxi eginda... Baita hilabetean milioi bat pezeta eskainita ere jendeak nahiago du gutxiago irabazi eta erosoago». Bizitzeko modua da, dena den, Santana Berriko patroiaren ustez aldatu dena. «Gure aitak, eta aitonak gehiago begiratzen zuten gerora eta orain momentuan bizi gara gehiago. Baina hori lehorrean ere igarriko da».
|