2006/03/28
Ondarroa - Pasa den astean hildako marinelaren heriotza salatu dute.

Atzo goizean eta arratsaldean kontzentrazioak egin zituzten ondarrutarrek pasa den astean Irlandako uretan hil zen marinelaren heriotza salatzeko.

Lehenengo kontzentrazioa LAB sindikatuak antolatutakoa izan zen, eta 11:00etan izan zen OPAO aurrean. Alfonso Perez Ferradasen kasua azkenengoa bada ere, aspalditik ematen ari den fenomenoa dela salatu dute. "Lan istripu gehiagorik ez" lemapean, bihotzekoak eragindako heriotza bat lan baldintzen eragin zuzenagatik izan daitekeela diote. Jon Iñaki Alkorta LABeko ordezkariaten hitzetan, aspalditik salatzen dabiltzan gaia da itsasoko lanak dituen baldintza txarrak, bai istripu kontuan eta bai beharra egiteko eran. «Ez dago ordutegirik, ez dago atsedenik, egunean lasai egin daitezke 16-18 ordu lan. Pare bat egun egin itsasoan, beste bat etxean, buelta itsasora..., eta guzti horrek sortzen duen estresak, zoritxarrez, bihotzeko batek sortutako heriotza, naturala izan beharrean, aurreko faktoreek eragindakoa izatea dakar». Zentzuz jokatzeko deia. Arrantzako kasuari «sen onagaz» heltzeko ordua dela ikusten dute, lan erritmo horregaz pasa den astekoa moduko kasu asko gerta daitezkeelako. Gainera, bertako arrantzaleen adina ere kontuan hartu beharrekoa dela esan du Alkortak. «Gero eta zaharragoak dira, gazte gutxi dago, eta itsasoan beharrean daudenek urte asko daroez erritmo gogorrean lan egiten. Beraz, bihotzekoak eragindako heriotzak eta beste istripu batzuk emateko aukera gehiago daude». Hori gutxi balitz, itsasoan daudenean edukitzen duten zerbitzu medikua gutxienekoa dela diote. «Beste edozein enpresak izan dezakeen botikina daukate. Bihotzeko baten aurrean, esate baterako, ez daukate ezer. Dakien bati deitu eta haren aholkuei jaramon eginez jokatu behar dute. Eta zer edo zer eman behar izanez gero, eta edukiz gero, eman. Eta, noski, baldintza horietan edozer gauza gerta daiteke edozein momentutan». Salaketa horren bidez, bai Eusko Jaurlaritzatik eta baita armadoreen partetik ere «neurriak hartzea» eskatu du sindikatuak. «Jendea beharrera, bere eguneroko ogia irabaztera joaten da, eta hilda amaitzen du; hori astakeria bat da» gehitu du LABeko ordezkariak. Arrantza sektorearen mahaia sortzeko eskaria. Sindikatuen aldetik salaketa egiten dutela, baina «gaia serio heldu eta mahai bat sortu eta itsasoko beharra aztertzeko garaia» dela iritzi dio. «Horrelakoak ahalik eta gutxien gertatzeko» zehaztu du. Baina goizean egindako kontzentrazioa ez zen bakarra izan. 19:00etan Alamedan beste bat izan zen. LAB sindikatuaz gainera, Ezker Abertzaleak, Amatxurek eta hainbat gizarte eragilek deitu zuten. Goizean portura eroandako lelo beragaz batu ziren, oraingoan herrian bertan, 20 bat lagun. Arrantza sektorearen egoera orokorrean jorratu eta irtenbideak bilatu beharra azpimarratu du, berriro ere LAB sindikatuak. Lan baldintzen eta segurtasunaren hobekuntza derrigorrezkoak direla deritzote, «arrantzak geroa izatekotan». Horregaz bat, arrantzaren krisia «sekulako larriena» izanik, instituzioen aldetik «inplikazio zuzena» eskatu dute, sektoreko mahaia eratzeko.


inprimitu