|
2005/03/14
Zer gertatzen ari da Bizkaiko Egurgintza Hitzarmenarekin?
Bizkaiko egurgintzaren langileok urtebete baino gehiago daramagu 2003 urteko hitzarmenarekin eta oraindik ez da hitzarmen berriaren beharra aldarrikatzeko mobilizaziorik egin.
Nortzuk ote dira egoera honen erantzule nagusiak?
Lehenik eta behin patronala, negoziazio mahaian jarrera zekena duena eta bereari eusten diona. Hitzarmena sinatzeko eskaintzak erabat ez nahikoak dira eta ez dute sektorearen arazoa
konpontzen. Sektore honen ezaugarririk nagusienak honako hauek dira, soldata baxuak, urteko lanaldi handia eta prekarietatea.
Bigarrenik, sektorean delegatu kopururik handiena duen ELA sindikatua. Honek sektore borroka baztertzea erabaki du eta sektoreko langileak hitzarmen barik utzi ditu, baldintza okerragoko
enpresa paktuak sinatu dituen bitartean. Gehiengoa duen sindikatua izateak ematen duen erantzukizunarekin, ELAk hitzarmenaren aldeko mobilizazioak bultzatu behar zituen. Hori egin
beharrean, denbora igarotzen utzi du langileen interesak defendatu gabe.
Eta azkenik, CCOO eta UGT; hauek ez dute inolako ekimenik planteatu egungo egoera desblokeatzeko.
Nori egiten dio mesede?
Inolako presiorik gabe, egungo egoerarekin oso eroso dagoen patronalari eta negoziazio mahaian guztiz errefusagarriak diren proposamenei eusten segitzen du. ELAri, zeinak erakunde gisako bere
interes propioak defendatzen dituen, sektoreko langileen interesak alde batera utziz. ELA luzamendutan ibili da eta badabil, inolako ekimenik aurkeztu gabe. Negoziazioa luzatu du bere erakundeari une bakoitzean komeni zaizkion interesen arabera.
Nori egiten dio kalte?
Sektorearen langile guztiei, oraindik 2003ko hitzarmena aplikatzen zaie eta.
LABek oso argi dauka sektore hitzarmenen defentsa, hauetan ezartzen baitira sektore guztiarentzako baldintza minimoak. LABek eskura dituen bitarteko guztiak jarriko ditu, hitzarmen berriak lan baldintzetan aurrera pausua suposa dezan.
LABen argi ikusten dugu sektorea mobilizatzen hasi beharra. Hori dela eta, LABek mobilizazioei ekingo die, sektoreko langileen kezkei irtenbidea emango liokeen zurgintza hitzarmena
exijitzeko patronalari. Patronalak jakin behar du negoziazioan aurrera pausu esanguratsurik
eman ezean, LABek ekintzak gogortuko dituela, grebarako deia sektorean baztertu barik.
Honez gain, LABek gainontzeko sindikatuei erantzukizunez jokatzeko eta patronalaren aurrean zurgintza hitzarmen duinaren beharra aldarrikatzeko dinamikei hasiera emateko deia luzatu
nahi die. Alde batera utzi behar dira interes propioak eta sektoreko langileen interesei lehentasuna eman behar zaie.
2005
|