|
2005/01/19
EAE-ko Auzitegi Nagusiak Mercedes Benz-en aurkako ebazpena gezurrezko lan edo zerbitzu jakineko kontratuak direla-eta
EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpen baten bidez zigortu berri du Gasteizeko MERCEDES BENZ enpresa, eta lau langile kaleratu izanak bidegabetzat jotzen du (enpresak hauen kontratuak iraungitzat eman zituen).
Egoera honi 2004ko urtarrilean ekin zitzaion. Sasoi hartan, Mercedes Benz enpresak iraungitzat jo zituen hamaikatxo langileren lan edo zerbitzu jakineko kontratuak. Esan zutenez, ibilgailu zaharraren ekoizpenak azkena ikusi zuen, eta ibilgailu berri baten irteera-aldiari ekin ziotela: NCV2-a alegia.
Dena dela, lau langilek adierazi zuten arazoa ez zetzala lan kontratua iraungitzean: kontratatuaren arabera bete behar zituzten zereginek, edozein ibilgailu eraiki behar zela ere, zirautelako.
Lehen auzialdian, Lan Arloko Gasteizko Epaitegiak eta orain, EAEko Auzitegi Nagusiak lan hauek ohikotzat eta iraizpenak bidegabetzat jo dituzte, eta enpresa zigortu du izapide-aldiko soldatak ordaintzera eta langileak berriz hartzera, eta hala izan ezean, dagozkion kalte-ordainak ordaintzera.
Iraizpenak gertatu behar izan ez zirenez, LABek eskatzen dio enpresari berehala har ditzala berriro langileak: hauen nahia delako. Aurkakoa arrazoi ez-objektiboek eragindako bazterkeria litzateke, jarrera larderiatsu eta baztertzaileekin zerikusi handiagoa dituzten arrazoiekin alegia. Jokaera hauek baztertu beharko genituzke lan harreman normalizatu batzuetan.
LABek azpimarratzen du Mercedes Benzek zein autogintzan diharduten enpresa-laguntzaileek lan edo zerbitzu jakineko kontratuak iruzurrez darabiltzatela: unean uneko ekoizpenaren beharren arabera ez direlako egiten, eta langile hauek enpresako ohiko jardueran dihardutelako. Hau benetako iruzurra da, eta eragindako langileei eragiteaz gain, Arabako gizarte osoari egiten zaio ere: Erakundeek gizartetik ateratzen dituen baliabideak multinazionalen esku laga dituztelako.
|