|
2004/11/25
EAEko Mahai Orokorraren gaurko bileran berriro bi gai nagusi izan dira eta bietan LABek bere desadostasuna agertu behar du
Lehena, aurrekoan mahai gainean geratu zen dekretuaren proposamenei emandako erantzuna. Dekretu berria, langileen lan osasunari dagokio, eta, orduan azaldu bezala, bere bidez Gobernuak bere langileen lan istripuen eta lanbide-gaixotasunen gertakizunetatiko babesa mutuen eskuetan utzi nahi du.
Gaur ekarritako zuzenketek ez dute aldatu dekretuaren muina, LABek egindako proposamena baztertuz. Ondorioz, Gobernuak ez du horren ardura zuzenean hartuko, Osasun Sistema Publikotik bideratzeko aukera alboratuz. Esan genuen bezala honek Sistema Publikoaren ahulezia indartzeko besterik ez du balioko.
Bigarren gai nagusia, 2005ko negoziazio kolektiboari dagokio. Administrazioak aurrerapauso batzuen asmoa agertu badu ere, LABen proposamenetik oso urrun gaude.
Batetik, hainbat gaietan konpromisoak hartzeko borondatea azaldu dute: soldataren proposamena izandako KPIra gerturatzeko asmoa azaldu; behin behinekotasunaren ehunekoa 8an finkatu; ordezkapen eta errelebo kontratuak (laboralentzat, momentuz) bultzatu; azpikontratazioen katalogoari buruz hitz egiteko borondatea agertu, homologazio baldintzak onartuz; gaixotasun arruntak sistema publikotik kontrolatzea eta euskalduntzeko borondate argia berrestea.
Baina, bestetik, konpromiso horiek zertan zehaztuko dira? Soldataren kopurua zehaztu gabe utzi dute; odezkapen eta errelebo kontratuak, momentuz, laboralentzat soilik izango lirateke eta ez da aipatu funtzionarioentzako bestelako neurririk; azpikontratazioen katalogoaren proposamenak berak bere barnean du azpikontratazioak izan behar direla onartzea eta, noski, daudenak bertan behera uzteko asmorik ez izatea eta, momentuz, proposamena soilik dagokio horretaz hitz egiteko asmoari, ez horren azpian egon daitekeen letra txikiari.
Gaixotasun arruntak sistema publikotik kontrolatzea eta euskalduntzeko borondate argia berrestea positiboak al dira? Kontrakoa, bada, faltako litzaiguke! Kontua da aurrepausoak eman behar ditugula bietan eta, hasieran azaldu dugun bezala, Osasun Sistema Publikoari dagokionez ez du ematen jauzirik izango denik. Euskalduntzeari dagokionez, argi dago daukagunarekin ez dela nahikoa, lehentasunak lehentasun 25 urte pasa ondoren EAEko administrazioa eta bere eremu guztiak urrun daude euskaldunak izatetik, dortokaren martxan ez dugu bidea egingo!
Beste hainbat gairi dagokionez Administrazioak sakon ikertu beharko lituzke bai proposatzen zaizkionak bai ematen dituen erantzunak. Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunerako neurriak ez dira mugatzen sarbidera, osatu nahi dugun Batzordean hori baino askoz lan gehiago legoke, bestela zergatik langileen piramide guztietan ez dago parekotasunik? Lan Osasunaren tratamendu egokia egiteko ez da nahikoa bere batzordeak osatzearekin, bitartekoak behar dira dagoen lan guztia aurrera eramateko.
Lanpostuetako arriskuen balorapena egin gabe zailki egingo dugu prebentzioa, are gutxiago dauden ondorioak saihestu. Lizentzia eta baimenen berrikuspena, berdinketa bidean ulertu beharrean pribilegiotan sartzea ulertzen badugu, desberdintasunak handitzen joango gara.
Aparteko orduekin bukatzeko zer egingo duten ez dakigu, ez baitute hitzik ere luzatu; are gutxiago, beste administrazioekin jorratzen hasi behar ditugun bideei buruz.
Azkenik, gaur Gasteizen deituriko Borroka Egunarekin bat etorri nahian, bertan izandako LABen ordezkaritzak mobilizazioetarako zergatiak jasotzen dituen dokumentuaren irakurketa egin du.
|