|
2008/03/11
OSAKIDETZA. LABek zerbitzuaren kalitatea aldarrikatzen du eta Administrazioak, ordea, dirua eskaintzen du trukean
Osakidetzak azken urteotan izan duen bilakaerak argi eta garbi erakusten du zein den PNVren administrazio eta zerbitzu publiko eredua EAEn. Alderdi honen eredu sozialaren arabera, Osakidetza zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtu du eta, gaur egunera arte, zerbitzuak pribatizatzeari eta kanporatzeari etengabean ekin dio. Osasungintzaren merkantilizazio hau eta lan baldintzen prekarizazioa izan dira azken urteotan borrokatu behar izan ditugun arazo nagusiak.
Negoziazio prozesua hasita, Osakidetzak argi eta garbi erakutsi zuen sindikalismo korporatiboa bultzatzeko borondatea zeukala eta, horrela, SMErekin akordioa erdietsi zuen. Bertan klase sindikatuok inolaz ere onartu ezin ditugun elementuak agertzen ziren, hala nola esklusibitate osagarria orokortzea.
Egoera honek aukera eman zigun batasun sindikal sendoa sortzeko. LABek batasun hau dinamizatu zuen, proposamenak eraman eta mobilizazioak aktibatu zituen, gure militanteen lanari esker. Honetaz gain, lan arloko aldarrikapenak ez ezik, kalitateko zerbitzu publikoa ere helburu sindikal moduan exijitu beharreko kontzeptua dela zabaldu genuen.
Honen ostean, negoziazioa berriro hastea lortu genuen. Osakidetzak mobilizazio sindikal eta sozialak helarazitako mezua jaso eta mahai gainean "diru gehiago, baina osasun publikorako eredu berbera" jarri zuen. Honen bidez, aste batzuk lehenago onartezintzat jo zituzten eskaera sindikal batzuk bete nahi izan zituzten.
Honekin batera, Administrazioak maneiatzen zuen negoziazio ereduari eutsi zioten. Honen arabera, sindikatu bakoitzari eskaini zizkioten proposamenak, alde biko batzarretan oinarriturik, eta mahai sektorialera batzarretan adostutakoa baino proposamen baxuagoak eraman zituen. Administrazioak markatu zituen epeak eta denborak, hauteskunde lehiari begira, batez ere.
Prozesu honetan zehar, batasun sindikala ahultzen hasi zen. Izan ere, SATSEk aldarrikatu izan duen edukia jaso egin zuen: osagarri espezifikoa, alegia. Beste sindikatuentzat, Administrazioa bestelako edukiak planteatu eta apurka aldatuz joan zen, harik eta momentu honetan baloratzen ari garen azken proposamenera heldu arte.
Gailendu beharra dago enpresa honetan "produzitzen" den produktua osasungintza publikoa dela. Beraz, negoziazio kolektibo honetan LABek, klase sindikatu soziopolitikoa den heinean, honako hau hartu behar du kontuan:
- Soldata, lan baldintza eta hainbat aldarrikapen laboral.
- Osasun publikoaren defentsa, pribatizazioen eta kontzertazio politiken kontrako borroka, e.a.
Osakidetzak mahai gainean ipini zuen bere azken proposamenean aurrerapenak badira, baina batez ere ordainsariei dagozkie hauek, ez baita sartzen osasungintza ereduaren inguruko sakoneko gaietan, ezta gure plataforman funtsezkoak ziren gaietan, hala nola soldata taulen berrantolaketan. Administrazioak dirua eskaintzen du, ereduaren trukean, eta elementu hau ezin dugu alde batera utzi, kontuan izanda mobilizazioetan zehar, lan baldintza hobeagoak ez ezik, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko ere eskatu izan dugula. PNV burutzen ari den eredu sanitarioan aldaketa estrukturalak bilatu behar ditugu, kontrabotere lanaz eta osasungintza publiko, unibertsal eta kalitatekorako alternatiba koherenteaz.
LABek uste du ez dagoela gatazka amaitzeko benetako baldintzarik, ezta Osakidetza eta PNVri sindikatu korporatiboekiko sinadura oparitzeko. Aurrera egiten jarraitzeko benetako aukerak badirela uste dugu, batasun sindikalaren barruan dauden sindikatuekin batera borrokaturik.
Era berean, jakitun gara zelako kontradikzio ekarri dizkigun prozesu honek barne mailan. Hauek bideratzen ahaleginduko gara, analisiaren bitartez eta gure egituretan eztabaidaturik, sindikatuak sektore publikoaren inguruko hausnarketan sakondu eta hausnarketa hori praktika sindikalean sistematizatzen joan beharko baitu.
|