2005/11/25
Postako langile landatarrek mobilizazioak eta lanuzteak egingo dituzte erregaien prezio igoera dela eta

Langile landatarrekin egindako asanblada eta kontsulten ostean, ESK, ELA, LAB eta CGT sindikatuek 3 orduko lanuzteak (norberaren lanaldiko azken hirurak) deitu dituzte Bizkaian azaroaren 28 eta 29rako. Egun bi hauetan hainbat mobilizazio egongo dira Euskal Herrian eta egun osoko lanuzteak Galizian eta Levanten.

Lanuzte hauen arrazoia zera da, erregaien prezioaren etengabeko igoera eta nekazal guneetan gutunak banatzeko bere ibilgailu propioa jartzen duten langileei Postak ordaintzen dien indemnizazioaren gaurkotze falta. Ekarpen hauengatik Postak ordaintzen duen konpentsazioaren azken gaurkotzea (erregaiagatik zein ibilgailuaren amortizazioagatik), 2003ko urtarrilean izan zen. Garai hartan, hilean 4,80 euro autoetarako ibilitako kilometroko eta 2,13 euro motorretarako ordaintzea erabaki zen. 2003an kantitate hauek kostu errealaren azpitik bazeuden, ordutik erregaien prezioaren etengabeko igoerak ( %30-40 artekoa gasolina edo gasolio erabiltzen den arabera), Postako langile landatarren egoera jasanezin bihurtu du. Langile hauek euren poltsikotik ordaindu behar dute gutun banaketaren kostuaren gero eta zati handiagoa. Nekazal guneetako banaketa zerbitzu publiko honen unibertsalitatearen espresiorik gorena dela kontuan hartzen badugu, pertsonal honekin (10.000 pertsona inguru estatuan) Postak egiten duen utzikeriak Postaren egungo kudeatzaileen (PPren aurreko garaiko praktikoki berberak) orientabideari buruz gutxi dio. Utzikeria honek kontrastatzen du 2004an Postak aitortutako 148 milioi euroko etekinekin eta 2005erako aurreikuspenarekin (300 milioi inguru). Bizkaian 66 langile landatar daude ibilgailu propioa daramatenak (64k autoa eta 2k motorra), 95 kilometrorainoko eguneroko ibilbideekin. Aldarrikapenak, langile landatar ia guztiek sinatutakoak eta estatuko sozietatearen presidenteari igorriko zaizkionak, honako hauek dira: - Ibilgailua jartzeagatiko osagarriaren berehalako gaurkotzea eta berraztertze automatikorako klausula ezartzea. - 2003ko urtarriletik izandako kostuengatiko konpentsazioa (ekarpenen azken gaurkotzea). - Ibilgailua erosteko kreditu bigunak. - Aseguru-etxeekin negoziatzea, ibilgailuaren aseguruaren kostua merkatuko duen TALDE ASEGURU bat sortzeko. Aldarrikapen justu eta beharrezkoak, Postak behingoz lana burutzeko bitartekoak eman arte. Egoera hau iritzi publikoaren aurrean jakinarazteko, KONTZENTRAZIOAK egingo ditugu hilaren 28 eta 29an eguerdiko 12:30ean Bilboko bulego nagusiaren aurrean (Urkijo zumarkalea).



inprimitu