|
2005/11/25
Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren premiazko demokratizazioaren alde
Nafarroako gobernuak, Ekonomia eta Gizarte Kontseilurako Legearen erreforma bultzatzea erabaki du. Kontseilua, administrazioaren kontsultarako organo bat da eta bere izaera eta osaketak, hainbat interes ekonomiko eta sozialen parte hartzea bermatu beharko luke Nafarroako politika ekonomiko eta laboralean.
Aurkeztutako lege proiektuak, EGKren egungo erregulazioaren funtsezko aldeak mantentzen ditu. Eta hauxe da, izan ere, finkatu nahi den EGKren eredu antidemokratikoaren kritika zorrotza egitera bultzatu gaituen arrazoia.
Administrazioaren kontsultarako tresna gisa, EGK gobernutik kanpoko organoa izan beharko litzateke; hala ere, kontseilua Ekonomia eta Ogasun Sailaren menpe egongo da. Izan ere, horrela funtzionatzen ari da gaur egun, indarrean dagoen legearen testu artikulatuak kontu hau oso zehazki jasotzen ez duen arren.
Argi dago, EGK gobernuaren sail batean kokatzeak, bere funtzionamendua gobernuaren ekintzetatik independiente izatea eragozten duela berez, praktikan behin baino gehiagotan agerian geratu denez.
Aurreko kontsiderazioa larriagotzen duen beste ezaugarri bat, kontseiluaren beraren osaketa da, non administrazioak talde propioa gordetzen duen. Horrela, eta gure iradokizunak alde batera utzita, EGKk lau taldek osatua jarraituko luke: administrazioak, talde sindikalak, enpresarien taldeak(CEN) eta zenbait erakunderen ordezkariek osatutako laugarren taldeak.
Osaketa honek, Nafarroako eskuin politiko eta ekonomikoak kontseiluaren botoen erdia behintzat izango duela bermatzeko maniobrari erantzuten dio. Horrela, bere proposamen guztiak aurrera ateratzea ahalbidetuko litzateke. Horrez gain, presidentziak duen kalitatezko botoa nahikoa litzateke berdinketak gertatuz gero haiekin bukatzeko.
Ezin dugu aintzat hartu gabe utzi, presidentearen izendapena kontseilua osatzen duten pertsonen erdiak proposatuta egingo dela. Orain arte, presidenteordea eta ekonomia eta ogasun sailburua den Francisco José Iribarren izan da kargu hau izan duena. Eta horrela izaten segituko du hemendik aurrera berak bere burua kargu honetarako proposatu ostean EGKren azken osoko bilkuran.
Bestetik, EGK organo presidentzialista gisa diseinatua izatearen kontrako jarrera ere adierazi nahi dugu. EGKren lege berriaren arabera, presidenteak ahalmena izango du beharrezkotzat joko dituen lan batzordeak osatzeko eta bere osaketa ere determinatu ahal izango du. Hau "demokrazia organikoa" erakutsi nahia!
Lan batzordeen osaketari dagokionez, adierazi behar da EGKren erreforma proposamenak biltzen dituen berriztapen adierazgarri gutxienetariko bat dela.
Hain orijinala ez dena zera da, proposamen horrek foru administrazioa ezaugarritzen duen bazterketa politika sustatzen jarraitzen duela, EGKren presidentearen hitzetan, lan batzordeak inoiz ez bailituzkete zortzi pertsona baino gehiagok osatuko; hau da, talde bakoitzeko bi. Eta ildo honetatik, gobernuarentzat traba diren erakunde abertzale eta ezkertiarrak kanpoan geratuko garelako susmoa dugu.
Azken finean, EGKren erreforma parte hartze sozial eta sindikal baztertzailerako ereduari eutsi nahi dion ekimena bat da; beste erakunde batzuen mendekotasuna elikatzera bideratutako eredua.
|