2007/03/21
ETB Bilbora? Negoziazioa orain! |
 |
Bost urte igaro da dagoeneko EITBko Zuzendari Nagusiak Iurretako egoitza Bilbora eramateko erabakia hartu zuela iragarri zuenetik, 2005eko udazkenerako hain zuzen ere. Denbora luze honetan zuzendaritzaren jokabidea utzikeri programatua izan da, denbora pasatzen uztea alegia, azkenean kalte ordainak negoziatzeko inolako asmorik ez zuela garbi frogatuta gelditu delarik. Negoziatzea da beraz eskatzen duguna, berriketa hutsalak saihestuz. Horrela, eta inaugurazio ofiziala baino hilabete lehenago, Iurretako egoitza Bilboraino eramatea ez dela mugikortasun geografikoa diote, ez eta lan baldintzen aldaketa nabarmena ere. Ez daudela negoziatzera derrigortuta beraz, eta kalteak arintzea euren borondatean onean datzala. Langileok gero eta sinesmen gutxiagoa dugu zuzendaritza honen borondatean. |
| Dagoeneko mobilizazioei ekin diogu, eta horrexegatik mugitu da pittin bat zuzendaritza. Pittin bat esaten dugu, izan ere bere eskaintza -nolabait deitzeagatik- astero biltzea izan da, eta apirilean akordiorik ez egotekotan epaitegietara jotzea bertan negoziatzera derrigortuta dauden ala ez erabaki dadin. Hau da, denbora alferrik pasatzen uzten jarraitzea denbora pasatzen uzteko helburuarekin. Langileok garbi daukagu negoziatu beharra daukagula, eta fede onez negoziatzeko prest gaude. Baina lehenbailehen eta seriotasunez. Ez abuztukeriekin eta egintza burutua bezala, eurek nahi duten eskupekoa onartzeko.
Atzera joz, eta historia pixka bat eginez, hasieratik zioten denbora asko zegoela ere kalteak neurtzeko eta hauen ordainak langileokin negoziatzeko, inkesta zehatzak eta informazio guztia puntualtasunez emango zitzaigula esan zitzaigun ere. 2002an, atzera bueltarik ez zuen trasladoaren zentzugabekeria beraz gain, zuzendaritzak egindako inkestaren sakontasun falta salatu genuen eta zor zaizkigun informazio zehatzak behin eta berriro eskatu izan dugu. Lan Ikuskaritzak derrigortu egin zuen arte deus ez, eta ondoren ere txosten bakarra, aldaketen berri ez ordea. Orokortasun hutsak eta liluratzeko asmoa izango zuten bisitatxoak -birtualak barne- aurten bertara arte.
Trasladoa abuztuaren amaieran burutzeko helburua edukita, apirilaren 3an dagoeneko egin nahi omen da egoitza berriaren inaugurazioa. Langileok ordurako negoziazioa amaituta egotea ikusten dugu egokiena, hainbat zalantza argitzeko nahiko denbora egon baita orain arte, eta garaiz gaudelako.
Zuzendaritzaren utzikeria salatzeko eta negoziazioak hastera derrigortzeko mobilizazioei ekin behar izan diogu langileok. Errepikatzen dugu, zuzendaritzak ez duela onartzen Iurretako egoitza Bilboraino eramatea mugikortasun geografikoa denik, ezta lan baldintzen aldaketa nabarmenak suposatzen duenik ere (L.E.ren 40 eta 41 artikuluak). Denbora pasatzeko helburuarekin bilera antzuak deitzea besterik ez du egiten, eta langileok fede onezko eta fundamentuzko negoziazioa da exijitzen duguna, legeak derrigortzen duena, eta zuzendaritzak ukatzen duena. Borondate onari lotutako kalte arintze onartezinak besterik ez du aurkeztu orain arte: Bi urterako autobus gastuak Durango eta Donostiatik, oraindik ere Miramon eta Gasteizera zenbat langile trasladatu daitekeen zehaztu gabe gainera.
Langileriaren bi herenak gara kaltetuak, maila ezberdinetan, eta kalte ordain motak ere ezberdinak izan daitezkeelakoan gaude: Miramon eta Gasteiza trasladoak, ekonomikoak, denboraz... Martxoa bitartean kaltetuen mapa definitu eta hainbat kontu argitu daitezkeela uste dugu, baldin eta borondaterik badago. Mobilizazioekin hasi ginenetik denbora dezente alferrik galdu da, eta hauek areagotu beharrean aurkitzen gara. Hain zuzen ere abuztu amaiera iritsi eta lanean zein baldintzatan hasiko garen jakin gabe.
Bilbora joan behar baldin badugu, ahalik eta gogo onenarekin joan nahi genuke, ETB eta beste edozein lantokik ondo funtzionatzeko oso baldintza garrantzitsua. |
|