2005/11/25
ETBko azpikontraten sakoneko «epifenomenoaz»

2005eko irailaren 29an Eusko Jaurlaritzako kultura kontseilaria den Miren Azkarate eta EITBko Zuzendari Nagusia den Andoni Ortuzarrek Gasteizko Parlamentuko EITBko Kontrolerako Batzordearen aurrean agerraldia egin zuten. EITBko Zuzendari Nagusiak «sindikatu guzti guztiekin sinatutako akordioa dugu, bai telebistan zein irratian ere» baieztatu zuen, azpikontratazioaren arazo larria «epifenomeno» bezala behin baino gehiagotan kontsideratuz gainera. Bai eta «ez dagoela lan kontratu bat ere sindikatu guzti guztiek sinatutako akordio euritako sindikal batetik kanpo» ere esan zuen. Hau dela eta, ETBko Langile Batzordeak goitik behera gezurtatzearren hauxe adierazi nahi du: 1. 2003-2005 lan hitzarmenari lotuta Langile Batzordeak eta Zuzendaritzak adostu zuten Iurretako zentruko azpikontraten testua LABek ez zuela sinatu, ez-nahikotzat jo zuelako. 2. Akordio hori hainbat azpikontraten lan baldintzak babestearren sinatu bazen ere, zuzendaritzak hainbat Unitate Mugikorren zerbitzu pribatizatzeko erabili zuen, sindikatu guztien kontrako jarrerarekin, ELA, LAB, KLB eta CCOO alegia. 3. Urrian bertan ETBko Hemeroteka zerbitzua ia osorik kanporatu egin da, eta horren inguruko informaziorik ez du Langile Batzordeak. Gogoratu beharra dago Lan Ikuskaritzak uztailean zuzendaritza kontratazio guztien berri puntualtasunez ematera behartu zuela. 4. Erabiltzen diren bekadunen figurak ez daudela inondik ere sindikatuen babespean, eta noski, ezin dira «zabor kontratu» bezala hartu, kontratuak ere ez baitira. Are gehiago, gehiegizko erabilera Lan Ikuskaritzan salatuta dago ere Langile Batzordearen eskutik. 5. Lan Ikuskaritzan beste hainbat kontratu irregular ere salatu egin dituela Langile Batzordeak. Haietan «pertsonal falta», «oporrak direla eta pertsonal falta», «liberazioak direla eta pertsonal falta» eta horrelako orokorkeriak agertzen ziren. Oraingoz ordezkapen kontratu baten inguruan zigor txostena atera da. 6. Nekez babes dezakete sindikatuek ez eta hamar «euritako sindikal akordio» bidez ETBren kontratazio politika, izan ere horiei buruzko informazio zehatza hilero-hilero eskatu izan ditu, Lan Ikuskaritzak esan bezala horretara behartu du eta oraindik informazioaren zain dagoenean. Euskal Telebistako Langile Batzordea



inprimitu