|
2005/09/14
Lan Ikuskaritzak ETB informazio ematera behartu du
Euskal Telebistako Langile Batzordeak 2003ko abenduan zuzendaritzari legez zor dizkion hainbat informazio idatziz eskatzea erabaki zuen. Ia hilero-hilero eskatu baditu ere, iaz LABek Langile Batzordearen babesarekin Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen ETB informatzera behartu zezan. Aurtengo uztailan izan da Lan Ikuskaria, ETBko Zuzendaritza eta Batzordearen arteko bilera, eta erantsita doan txostena Ikuskariak ondorioztatutako errekerimendua da.
Halere, lerro hauetan gai bakoitza sakontxoago azaltzen saiatuko gara:
- Jefatura postuei buruzko informazioa
2003ko abenduan informazio zehatza eskatu zen, eta 2004ko urrian 2002ko organigrama eman zuen zuzendaritzak. Ikuskaritzan egon ondoren eman du ekainean bertan onartutako organigrama.
- Prestakuntza gastuei buruzko informazioa
2003ko abenduan eskatuta ere, gaur egun ere ez du esan ETBk zenbat gastatu duen langileen prestakuntzan, Lan Hitzarmenak Esplotazio Aurrekontuen milako bia gehi azken urteetako KPIa gastatzeko agintzen badu ere.
- Garapen Profesionalaren Sistema prestatzeko ikastaroen kostearen informazioa
Hau ere 2003ko abendutik eskatuta. Hainbatetan hoteletan edota sariekin egindako auskalo zenbat ikastarok ehundaka liderri ez dakigu oraindik zein kostu izan duten. Zuzendaritzak emandako aitzakia kalkulua egitea oso zaila dela izan da, diru asko izaten ari dela onartu badu ere. Hori kudeaketaren bikaintasunari lotuta dauden ISO eta Zilarrezko Q jaso duen munduko komunikazio talde bakarrak esan du. Egun ez dute eman kontsultoriak eraman duen diru piloaren datua.
- Aurrekontuak
Sinesgaitza badirudi ere, 2003ko abenduan eskatu zituen Langile Batzordeak eta... 2004ko azaroan 2004 eta 2005ekoak batera eman zituen zuzendaritzak.
- Azken urteetako zerbitzuen esleipenei buruzko informazioa
2003ko abenduan eskatuta. Aurtengo ekainean zuzendaritzak informazio hori zenbaterainoko piloa den jabetzen ote garen galdetu zigun, asko zela alegia. Irailean iraunkortasuna bermatzeko sistemaren bat aurkitzeko bilduko garenaren hitza eman bazuen ere, zain gaude oraindik. Digitalizazioan lidertzat bere burua duen taldeak KD pare bat emateko zailtasunak ditu nonbait.
- Bilboko egoitza berriari buruzko informazioa
Iazko ekainean eskatuta, aurtengo uztailaren 28an eman du. Datorren urtean Iurretako egoitza Bilbora eramango dute, obra guztiek dituzten ohiko arazoak direla medio trasladoa (zorionez) atzeratzen ari da, eta oso azaleko informazioa eduki du Batzordeak. Hori bai, langile guztientzako Bilboko Erakustazokara txangoak eta bidaia birtualak agindu ditu zuzendaritzak, lanak in situ ikustearren.
- Bitako balorazio batzorde parekidea biltzeko
Lan Hitzarmenak ere alde batek eskatu eta hiru egunera biltzeko agintzen du. Iazko ekainetik bilera egin zain dago Langile Batzordea.
- Kontratu merkantil baten kopia
Iazko udan erredakzioan langile bati kontratu laborala egin beharrean merkantila egin zion. Honek suposatzen duen desregularizazioa kontutan edukita, salaketa jarriko du LABek. Hori bai, kontratuaren kopia ematea hamar hilabete kostatu zaio zuzendaritzari.
- Goi mailan egondako langileen zerrenda
Kontsolidatzeko barne deialdia irekitzearren ezinbesteko informazioa du hau Batzordeak. Halere Digitalizazioaren liderrek kontsolidazio hauek a dedo egin nahiago izan dute. Uztailaren 28an eman dute zerrenda bat, kalkulua egitea asko zailtzen duena bestalde.
Aipatu beharra dago ere, Zuzendaritza Langile Batzordearekin bildu den aldi kopurua. Soilik berari ere interesatu izan zaizkion gaiak lantzeko, edota presio neurriak hartu izan direnean. Hau da, bi urtetan hiruzpalau aldiz.
Informazioan liderrak izateko informazioa gordetzen ere jakin egin behar da, ezta?
|