2004/01/26
Euskara justizian!

Justiziako Administrazioan lan egiten dugun LABeko ordezkariok gure erabateko babesa helarazi nahi diegu Gernikan, bertakoa eta euskalduna beharko lukeen justizia eskatuz, baraualdian ari direnei. Bide batez, iritzi publikoari jakinarazi gura diogu Euskal Herria eta Justizia Administrazioko beharginok, euskarari dagokionez, jasaten ari garen BIDEGABEKERIA. Bestalde, azpimarratu beharra dago Justizia Administrazioan, batzuk Botere Judizialaren menpe dihardutela (epaileak), eta beste batzuk Ministerioaren menpe (idazkariak). Baina hala ere, beste batzuek Lakuako Justizia sailaren menpe daude (administrazio langileak). Epaile eta idazkariei dagokienez, ez dago legerik euskara erabiltzera behartuko dituenik. Ez dago inolako gogo edo eskakizun politikorik berau ikastera edota erabiltzera behartuko duenik. Baina tamalez, egoera ezer gutxi aldatzen da gainontzeko beharginei dagokienez. Botere Judizialaren Lege Organiko berriak, gorputzen nazio izaera azpimarratzen duenak, gure lan baldintzak, eta hauen artean, lanpostu batzuen hizkuntz eskakizunak arautzen ditu. Lege honek, behin oposizioak aprobatu eta gero, euskara meritutzat hartzen du soilik Justizia Administrazioan sartzeko orduan. Era berean, lege honek autonomia erkidegoen esku lagatzen du lanpostu batzuen zerrendetan hizkuntz eskakizunak jar ditzaten. Hala ere, Ministerioak onartu behar ditu behin betiko lanpostu zerrendak. Honek argitzen digu zein den Espainiako Gobernuaren asmoa ez dienean inolako eskuduntzarik eman gura justizia pertsonaleko transferentziak jaso dituzten autonomia erkidegoei. Eta honela, egun, Justizia sailak eskaintzen dituen euskara ikastaroez baliatu ahal izateko epailearen eta idazkariaren baimena behar da. Bestalde, ezagutzen dugu ere Administrazio honengana jotzean, euskara erabili ohi duten pertsonek eskubide hori gauzatzeko jasan behar izaten duten aurkako egoera: eginbide judizialak zabaltzeraino. Honek guztiak eramaten du Euskararen ohiko erabilpena, nahiz eta hizkuntza normalkuntzako dekretua egon arren, ezer ezean geratzeraino. Eta horretan, Justizia Ministerioak ardura zuzena du, eta Lakuako Sailak subsidiarioa. Azken honek gehiago egin beharko luke, eta Sailburu batek esan moduan, Justizia Administrazioan, Euskararen alde su eta gar egin behar da. Hau dela eta, Gernikako justizia jurisdikzio honetan eragindako eskualdeak (Lea Artibai, Busturialdea, Mungialdea) zein hiritarrak deitzen zaituztegu borrokari eustera (norberaren hizkuntz eskubideak betetzea helburu duen borroka). Botere judizialaren egitura honek ukatzen digu onartutako eskubide hau: egitura hau Madrileko botere zentralaren beste estamentu bat besterik ez delako; Euskal Herriaren eta munduaren altxorrik handiena suntsitzeko, euskara alegia, nahita erabiltzen den estamentua delako. Ekin diezaiogun ba! Bidean bat egingo dugu!  LAB Justizia eta Lea-Artibai / Busturialdeko LABen Eskualdeko Exekutiboa.



inprimitu