|
2006/03/30
Administrazio orokorreko langileen grebaren balorazioa.
ELAk eta LABek oso positiboki baloratzen dugu EAEko Administrazio Orokorreko langileak gaurko egin dugun greba-deialdiari eman dioten erantzun zabala.
Lanuztearekin eta kontzentrazioarekin, langileek arbuiatu egin dute Ogasun sailak negoziazio-mahaietan mantentzen duen inposizio jarrera.
Lan-hitzarmenak behin eta berriro gutxiengoarekin izenpetzeak edo akordiorik ez egoteak argi nabarmentzen du Administrazioaren ordezkariek irekitako negoziazio-mahaietara daramaten jarrera inposatzailea.
Analisi funtzionalen proposamenak erantzun zabala jaso du, aurkeztutako 3000tik gorako alegazio kopuruagatik ez ezik, gaurko lanuztean emandako ezezko borobilagatik ere.
Alabaina, langileek Administrazioak beste gai batzuetan izan duen jarrerari ere eman diote erantzuna, hala nola, soldata igoera inposatu eta soldataren zati bat Itzarri pentsio-funtsean bahitzeari edota azpikontratazioen politikari.
Azkenik, 2000ko EPEren azken fasean edozein logika legal hausten duen alde bakarreko erabaki mordoa hartu direla azpimarratu behar da. Horrelako erabakiekin, Gobernua norabiderik gabe, inposizioan oinarriturik eta nahasirik dabilela erakusten ari da eta, azkenean, planteatutako gai guztiak ezinbestez auzitegietara bideratzea baino ez du lortzen.
Laburbilduz, Administrazioak funtzionario zein bitarteko langileekin erakutsitako prepotentziari erantzun zabala eman diote gaur atera diren langileek.
Mobilizazioekin hasi garela ikustean, Gobernuak langileekin eta sindikatuekin duen jarrera aldatzea espero dugu eta, aurrerantzean, negoziazio kolektiboa adostasunetara iristeko benetako borondatearekin bideratzea. Gobernuak ematen duen erantzuna ikusi ondoren, asanbladak egingo ditugu lantokietan, aurrerantzean egin beharreko urratsak langileekin batera baloratzeko.
|