|
2006/03/28
Martxoaren 30ean greba deialdia Eusko Jaurlaritzan. ELAk eta LABek bi orduko lanuztera deitu dituzte EAEko Administrazio Orokorreko langileak.
ELA eta LAB sindikatuok, EAEko Administrazio Orokorreko langileen ordezkaritzaren ia %70 dugularik, grebarako deialdia egin dugu Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden lantokietan. Lanuztea martxoaren 30erako deituta dago goizeko 11etatik 13etara. Deialdiak 5.900 langileengan du eragina; horietatik 4.800 funtzionarioak dira eta 1.100 lan-itunpekoak.
Gobernuak lanpostuen berregituraketa-egitasmo bat inposatu nahi du, langileen gehiengoaren iritziaren eta sindikatuen ordezkaritzaren %80a aurka duela. "Analisi funtzionalak" izendatu duten egitasmo horrek eragin larria izango du lanpostuen definizioan eta balorazioan baina baita langileen sustapen profesionalean eta mugikortasunean ere.
Langileen ordezkariok behin eta berriro adierazi diogu Administrazioari beharrezkoa zela egitasmo honen mamia adostea. Alabaina Idoia Zenarruzabeitiaren taldeak langileen ordezkaritzaren gehiengoak adierazitakoari muzin eginez, CCOOen oniritzia baino ez du bilatu -ordezkaritzaren %20a-.
Otsailaren 7an, analisi funtzionalen egitasmo honen aurka guden sindikatuok (ELA, LAB eta UGT), 2400 langile funtzionariok izenpetutako idatzi bat helarazi genien Lehendakariordeari eta gainontzeko sailburuei, proposamena atzera bota dezaten eta Gobernuak berriro negoziazio bideari ekin diezaion eskatzeko, beti ere, egitasmo berri baten oinarriak, bitartekoak, metodologia eta ondorioak gehiengo sindikalarekin adosteko, oinarri demokratikoen arabera jokatzeak eskatzen duenaren arabera.
Inposizio-jarrera hori, zoritxarrez, langileongan eragina duten beste hainbat gaietan ere islatzen da; hala nola, lan-baldintzen akordioa edo lan-hitzermen kolektiboa negoziatzerako orduan adostasunak lortzeko borondate faltan, zerbitzuak pribatizatu eta azpikontratatzeko etengabeko joeran, 2000ko EPEri dagozkion aldebakarreko hainbat erabakitan, ...
Inposizio jarrera horri aurre egiteko, langileak mobilizazioetara deitu ditugu. EAEko Administrazio Orokorraren Gobernuak ezin du elkarrizketa eta akordioa goraipatzen ibili eta bere langileekiko harremanak inposizioan oinarritu.
Lanuztea bi ordutakoa izango da, 11etatik 13etara. Horrez gain, lantoki handienetan langileen elkarretaratzeak izango dira. Gasteizen, Lakuan eta Samaniego kaleko egoitzan; Bilbon, Kale Nagusia, 85ean; Donostian, Andia kalean. Lakuako kontzentrazioa 11:15etan izango da, gainontzekoak 11:45etan.
|