|
Eusko Jaurlaritzak geldiaraziko du epaitegietako jarduera
EAEko Justizia arloaren % 100 ordezkatzen duten CCOOek, CSI_CSIFek, ELAk, LABek, CGTek eta UGTek deituta, Erkidego Administrazioko gainontzeko langileekiko parekidetasuna, benetakoa baina, negoziatzea helburu harturik, Justizia Sailburuordetza behartzeko asmoz mobilizatzeari ekingo diogu Justizia Administrazioko langileok.
96. urtean hasi genuen Lakuako langileekiko parekidetze osoa lortzeko prozesua gaur egun ez dugu burutu, ordea. 2004ko urtarrilean Lege Organiko berria indarrean jartzeaz bat, aurreko aldeak hazi baino ez dira egin talde bakoitzari dagokion titulazioa goratzearen ondorioz.
Lege berri horren bitartez Jaurlaritzak ez du inolako aitzakiarik Justiziako langileak ez parekatzeko. Izan ere, lege eraldaketak epai-bulegoko antolaketaz gain lansari-egituraketa bera ere egokitzea ahalbideratzen du; hortaz, berariazko osagarria izenekoaren bitartez Erkidego Administrazioko langileen titulazio taldeei dagozkien lansariak ezartzeko ahalmena bere esku dago.
Justiziako langileok salatzen dugu Sailburuordetzak bere ardurapean duen pertsonala aldezteko ez duela ahaleginik egin. Are gehiago, lan-baldintzei dagokienez, zeharo baztertzen gaituzte Jaurlaritzak dituen gainontzeko beharginekiko Gobernu organoan; hortxe Lehendakariordeak muturreko tesirik neoliberalenak inposatu ohi dituelako eta, batez ere, azken urteotan benetako parekidetzearen aldeko gure eskaerei entzungor egin eta hilabeteak inolako negoziaziorik gabe igarotzen utziz irtenbideei bizkarra eman dietelako.
Aurreikusitako presio ekintzen artean hauexek: batzarrak lantokietan eta epaitegietako jarduera gelditzeko asmoz, ordu beteko lan etetea (11:00 _ 12:00) burutuko dugu epai-eraikinetako ateetara bildurik honako egutegiaren arabera: hilaren 15ean Araban, 16an Gipuzkoan eta 17an Bizkaian. Etenaldi hauek eragingo dute 1900 bat langileren zeregina hiru herrialdeetako 13 epai-barrutietan.
Pasa den 8an eginiko bileran, Justizia Sailburuordetza Sindikatuok eskatutako gutxieneko planteamenduari ihardestekotan geratu zen, goragoko instantzietan aurkeztu behar zutela argudiatuta. Bada, oraindik ez dugunez ezeren berririk eta laster erantzunik jaso ezean edo egokia izan ezik, presio ekintzak eta mobilizazioak gogortzeko beharrean izango gara eta, ezinbestekoa iritziz gero, ez diogu uko egingo greba orokorrari.
CCOO CSI_CSIF ELA LAB CGT UGT
|