|
2004/12/20
LABek egiten duen behin behineko balorazioa, 2004ko negoziazio kolektiboa, Eusko Jaurlaritzako erakunde eta sail desberdinetan lan egiten dutenentzat (Hezkuntza, Osakidetza, Administrazio Orokorra, Justizia Administrazioa, eta abar)
Gaurko bilerak oraindik bukaera izan ez badu ere, dagoeneko mahai gainean daude baloratu beharreko elementu guztiak:
- Gutxiengoarekin egindako sinadura.
Eusko Jaurlaritzak berriro egingo du akordio bat gutxiengo baten ordezkaritzarekin, hau da CCOO eta UGTrekin, dagoeneko sinatzeko prest agertu direnak. Berriro ere bakoitzaren ordezkapena gogoratzeko unea dela dirudigu: UGT-k ez du mahaian ordezkapenik, ez baita %10era iristen eta bertan egotea LOLSek ematen dio eta CCOOren ordezkapena mahaian %22ra iristen da, LABen ordezkapena %26koa izanik. Beraz, gehiengo zabal batek (%78a) proposamenari ezetza emango badio ere, Gobernuak akordioaren itxuraketa hutsa egingo du.
- Edukiak gutxi eta berandu.
Eta itxuraketekin jarraitzeko, ez da kasualitatea Administrazioak apaindu nahi izatea aurtengo eskaintza, soldatari dagokiona baino zerbait gehiago jarriz hiru urte pasa ondoren. Hau da, hauteskundeen haizeak jotzen hasiak direnean Gobernuak, azkenekoz, soldataz baino zerbait gehiagoaz hitz egin nahi izan du. Tamalez, beren proposamenak beranduegi iritsi dira, hiru urte galdu ondoren eta gainera, eskasak geratu dira, aurrekoan genioen moduan, galdutako denbora errekuperatzea zaila baita.
Aparteko orduek jarraituko dute, erabateko euskalduntzea ez dugu lortuko, lan osasunari dagokion lanik garrantzitsuena, hau da, prebentzioa egin gabe geratuko da, ez dugu sakonduko kolektibo anitzetan ematen diren desberdintasunak emakume eta gizonen artean, zerbitzuak pribatizatzen jarraituko dute, plantilak ez dira gaztetuko aldi berean enplegua sortzen... Hau da aurtengo itxuraketak emango duen emaitza 2005ean.
Guzti honengatik, LABek oso argi utzi du ez duela parte hartuko itxuraketa horretan bai bileran bertan bai kalean, Lakuaren parean sektore desberdinetako delegatuek egin duten kontzentrazioaren bidez.
|