| |
2004/01/16
LABek Eusko Jaurlaritzako langileei bere hausnarketa helarazi nahi dizue Negoziazio Kolektiboari ekiteko orduan sortzen den arazo larriari
Azken urteotan egoera jasangabe hau etengabe errepikatu da eta, ondorioz, gure lan-baldintzak okerrera egin dute pixkanaka.
Izan ere, datuen arabera, gure erosteko ahalmena etengabe murriztu da (%18 azken 10 urteotan) eta, okerrago dena, hainbat gai gero eta itxura txarragoa hartzen ari dira: administrazio-karrera, bitartekoen egonkortasuna eta segurtasuna, euskalduntze egiazko eta eraginkorra, pribatizazio eta azpikontratazioen gorakada etengabea, enplegu publikoa sektore pribatura bideratzea, e.a.
Bide horretatik, Administrazioak eta Jaurlaritzak gero eta hurbilago ikusten dute beren benetako helburua: sektore publikoa gutxienekora murriztea eta kalitate txarreko enplegua eskaintzea, ahalik eta merkeena. Aldi berean, ordea, diru publikotik bizi diren enpresek gizartean justifikazio zaila duten hainbat eta hainbat kontratu jasotzen dituzte, gardentasun gutxirekin esleituak gainera.
Baina horiek beren interesak dira. Oso bestelakoak izan beharko lirateke euskal administrazioko langileonak: lehenengo eta behin aurre egitea, egoerari buelta eman ahal izateko.
Helburu hori lor daiteke, nahiz eta batzuetan ezetz iruditzen zaigun. Izan ere, gure inguruko zenbait administraziotan lortzen ari dira. Foru Aldundietako eta zenbait udaletako langileek guk baino lan-baldintza objektibo hobeak dituzte. Baina hori ez da kasualitatearen ondorio. Aitzitik, horretarako egunez egun lan egin behar da eta, plantilaren eskubideak etsi gabe defendatzeaz gain, ahalegina egin behar da errebindikazio eta nahiak lortzeko, partzialki bada ere.
Ildo horretatik, gogorarazi behar da bere garaian sindikatu guztien errebindikazioa izan zela toki eta foru administrazioekin parekatzea. Guk, LABen, horixe bera defendatzen dugu oraindik. Hala ere, gero eta urrunago gaude. Bada garaia funtsezko galdera bat egiteko: zergatik?
Jakina, erantzule nagusia gobernu hau da, Idoia Zenarruzabeitia eta bere talde ekonomikoa buru direlarik. Zalantzarik gabe, besteek ere, sindikatu hau barne, errudun izango gara, neurri batean behintzat. Baina derrigortuta gaude zenbait pertsonaren jarrera ere salatzera, izan ere, beren arduragabekeriarekin eta jarduerarekin egoera hau luzatzen laguntzen dute eta, are gehiago, laguntza ematen diote Administrazioari egoera hau aldatu ez dadin.
Mingarria bada ere, CCOOren jarrera salatu beharrean gaude. Izan ere, plantilaren errebindikazioak defenditzen dituela dioen arren, praktikan beti dago prest bere sinadurarekin diru apur bat ekarriko duen edozein proposamen babesteko. Horrela, gaur egun, ugazaben aliatu leiala bihurtu da. Arazo bat dugu CCOOrekin (azken aldian UGTren laguntzarekin), joera nabarmena baitu Administrazioari aurkezteko egiten diren errebindikazio-proposamen bateratu guztiak hausteko eta, sistematikoki, gure erosteko ahalmena errekuperatzeko nahikoak ez diren igoerak sinatzeko, ordainetan ezer lortu gabe.
Jakinarazi behar dugu azken urteotan, gure alorrean, CCOOk uko egin diola, sistematikoki, errebindikazio-planteamendu bateratu guztietan parte hartzeari. Lehian arituko dira UGTrekin 2003 eta 2004ko akordioa sinatu izanaren meritua norena den (akordio hori %0,5 eskas bat berreskuratzea baino ez da), baina, ordainetan, gainerako errebindikazio guztiak baztertu dituzte. Negoziazio kolektiboan utzikeria horrekin jarduteak eraman gaitu gauden egoerara.
Beraz, plantilak jakin eta epai dezala bakoitzak zer egiten duen eta horren arabera jardun dezala. LABen uste dugu garaia dela 2004ko negoziaziora seriotasunez eta babestuta joateko, bai aipatutako kontuak negoziatzeko, bai talde funtzionalei buruzko eztabaidan parte hartzeko, izan ere, duten filosofiarekin, arrisku larrian jartzen dute gure etorkizun laboral eta profesionala. Beren babesa ematen digutenei, betikoa eskainiko diegu: plantila osoaren interesak defendatzea eta horren alde borrokatzea eta abenduko merkealdietan ez saltzea.
Hasteko, abenduaren 23an Administrazio Orokorreko sektoreko mahaia irekitzeko eskatu genuen ELArekin batera. Oraindik ez dugu erantzunik jaso.
Zuen eskuetan dago zuen jarduerarekin proiektu sindikal bat edo bestea bultzatzea. Guztion artean erabakiko dugu gure enpleguaren geroa. Horixe da, ez besterik, jokoan dagoena.
|
|