2004/03/08
Emakumeak eta ezegonkortasuna adineko pertsonen asistentzian.

Hamaika arrazoi ditugu martxoak 8 dituen bakoitzean emakumeok gizarteko esparru guztietan jasaten ari garen bazterkeria salatzeko. Gaur, Aldundiko Gizarte-ongizateko egoitzaren aurrean, eta honen zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresa batzuen ondoan, eskatzen dugu adineko pertsonen atentzioko sektorean emakume langileon lan baldintzak duinak eta kalitatekoak izan daitezen.

Sektore honetako gehiengoa emakumeak dira. Hauetako gutxiri egiten diote kontratu mugagabea, eta are gutxiagori lanaldi osoko kontratua. Emakumeei obra edo zerbitzu eta aldi baterako kontratuak ezartzen dizkiete. Hauen lanaldia, kasurik onenean, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan banatzen dituzte; baina maiz, txanda zatituan egiten dute lan, arautu gabeko ordutegirik gabe, telefonoz alegia. Lanaldiaren malgutasuna nagusi da, eta horrek dakar langile hauei eguneko lanaldia planifikatu ahal izana ukatzen zaiela. Ordainsariak lan-merkatuko apalenetakoak dira. Horri gehitu behar zaio lan baldintzen araudia oso sakabanatua dagoela, eta mailaka, zereginak zehaztu gabe irautea. Berriro ere, denetarako emakumeen rola erabiltzen da lan munduan. Egoera honen arduraduna Administrazio Publikoa da. Honek, biztanleriarentzako oinarrizkoak gerta daitezkeen oinarrizko zerbitzuak azpikontratatzeko politika neoliberala ezarriz, ez du bermatzen emandako zerbitzuaren kalitatea. Begi-bistakoa da asistentziako prestazioez ari garenean, oso lotura estua dagoela lan baldintzak eta asistentzia kalitatearen artean. Horrez gain, esan, Administrazioak ez duela, zeregin honekiko, indarrean dagoen araudiak behartzen duen ikuskapenik egiten. Administrazioak kudeaketa pribatuari zerbitzuak azpikontratatu izanak bideratzen du gutxi batzuk aberastea guztia komertzializatu eta gero. Horren ordainez, zain gaitzaten dagokigun eskubidea urratzen da sistematikoki. Baina horrez gain, emakumeoi lan-merkatuan gizonekiko ezarri diguten eta jasan ohi dugun subsidiariotasunaz baliatzen dira, eta horrek eskulan merkeago batean bihurtzen gaitu. Hau honela izanik, LABek bizitzaren zaintzari gizarte eta politikako ardura deritzo. Hori dela eta, Administrazio Publikoari eskatzen diogu zuzentzeko neurriak jar ditzan sektoreko langileok eta emakumeok oro har, gizarte zein lan mailan darabilgun sorospen zeregina onar dadin. Guri dagozkigun eskubideak direlako, beren betebeharrak direlako, eskatzen dugu: enplegu finkoa eta denbora osokoa langileontzat eta adineko pertsonen eta besteen laguntza behar dutenentzako kalitatezko asistentzia.



inprimitu