| |
2008/05/09
EAEko irakaskuntzaren aldeko akordio berri baten beharra (iritzi artikulua).
LABek askotan salatu du, hezkuntza politika eta ondoriozko lan baldintzei dagokienez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1992an zabaldu zen hezkuntza markoa agorturik dagoela. Are gehiago, gure iritziz, hasiera hasieratik, marko horrek ez zituen, EAE mailan, Euskal Herriko Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen joateko zeuden itxaropenak asetu. Ondorioz, erkidego honetan, ikastoletako eta ekimen sozialeko ikastetxeetako (Itunpeko ikastetxeak) langileok oraindik pairatzen ari garen zenbait egoera tamalgarri itun horretan daukate oinarri sendoa. Beraz, LABentzat, 1992 urteko itun horrek itxiera faltsu bat eman zion Euskal Irakaskuntzaren Berariazko Eredu baten eraikuntza-beharrari.
Bestaldetik, ordudanik hainbat urtetan ibili gara behin eta berriro aldarrikatzen, Jaurlaritzaren Sailpeko langileekiko, itunpeko hezkuntzako langileen lan baldintzen parekatze global baten beharra. Horretarako, ondorio ekonomiko nahikotxo duten hainbat korapilo askatu beharrekoak baziren. Beti hezkuntza marko berri baterako urratsak emateko helburuarekin lotuz, eta Hezkuntza bezalako Zerbitzu Publikoaren defentsan.
Eta horrela jokatu izan dugu eta egun ere horrelaxe ari gara jokatzen, Herrigintzarako edo Hezkuntza Zerbitzu Publiko gisa Herri bateko kohesio soziala erdiesteko funtsezko Erakundetzat hartzen dugulako.
Izan ere, euskal herritar ororen oinarrizko eskubide subjetiboa denari erantzutera datorren Irakaskuntza Publikoaren definizio berria, ezaugarritzen duen Zerbitzu Publikoa zehazten duen Instituzio batean gorpuztuta egon behar du ezinbestez.
Akordio berri bat Hezkuntza Legearen bidean
Horren ondorioz, berandu baino lehen, EAEko esparruan kokaturik, LABen helburu nagusia, aurreko koordenada horietan oinarrituko den Hezkuntza Legea egitea da. Eta horren bitartez orain bizi dugun egoera honi bukaera emango zaio etapa berri bati ekiteko.
Zentzu honetan, LABek, euskal hezkuntza arloko eragile beste askok bezala, momentu honetan, Finantzazio Akordio berri bat egiteko aukera aprobetxatzeko beharra ikusten du. Ahaztu gabe, LABek, orain EAEn posiblea dena, gainontzeko euskal lurraldeetan posible izateko lanean jarraitzeko konpromisoa hartua duela.
Gainera, Akordio hori egina izateak EAEko Hezkuntza Sistema antolatuko duen Euskal Herriko Hezkuntzaren Legea lortzeko egin beharreko bidea erraztuko lukeelakoan baikaude; gure ustetan, jendartearen kohesio soziala eta ekitatea bilatu behar dituena, besteak beste. Aldi berean hezkuntza arloko norbanakoen eskubide eta interes indibidualei zein Herri bateko eskubide eta interes kolektiboei erantzun azkar, bidezko, egoki eta orekatua eman behar dio.
Horretarako, zalantza barik, nahitaez Hezkuntzari dagokion Publikotasun kontzeptu berriari heldu behar zaio Akordio horretan. Eta bere oinarrian ezin dute leku txikienik ere izan edozein merkantilismo,elitismo,diskriminazio eta merkatu lehiaren kutsuk. Baina bai ikastetxeetako kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea, finantzaketa publikoaren kontrol publikoa, eta hezkuntza eskaintzaren plangintza eta antolaketa publikoa.
Finantzazio eredu berria langileen lan baldintzak eta ikastetxeen zeregina egokitzeko
LABek argi dauka, Akordiorako dokumentu horretan finantzazio eredu berriaz gain, langile guztiok (irakasleak eta zerbitzuetako langileak) errealitate berri batera eramango gaituen lan baldintza alorreko zenbait elementu eta konpromiso zehatz jasota egon behar litzatekeela (soldataz, lanaldiaz, dedikazio zuzeneko orduez, ikasle ratioaz gelako, langile figura berriez, kudeaketarako kreditu orduez, ordezkapenaz, eta abar).
Ildo honetan, LABentzat, EAEko hezkuntzako langileen lan baldintzen parekatzea eta itunpeko ikastetxeetarako baliabideen zuzkiduraren ekiparazioa prozesu baten azken ondorioak baino ez dira, Hezkuntza Lege batek eragin eta babesturiko bestelako hezkuntza antolaketa baten baitan.
Parekatze prozesu horrekin batera, Euskal Irakaskuntzak (Euskal Herri Osoan eta, ondorioz, EAEn ere bai) dituen erronka zahar-berriei aurre egiteko, eta Hezkuntzako Legearen baitan, ikastetxe guztien funtzioak eta betebeharrak definitzea eta ezaugarriak finkatzea ezinbesteko jotzen dugu.
Horrek zera ekarriko du berekin: alde batetik; ikastetxe guztiek bertako Hezkuntza Sistemak definituriko xedeak eskuratzeko egin beharreko jardunean aukera berdinak izatea bertan aritzeko eskubide guztiekin, baina beste aldetik, eta aldi berean, dagozkien betebehar eta hezkuntza konpromiso guztiak bereganatzea.
Titularrek ere etxeko lanak dituzte.
Halaber, Akordioaren bide paralelo batetik, zeharo beharrezkotzat jotzen dugu ere ekimen sozialeko ikastetxeetako titularrek konpromiso eta ekimen jakinak eta irmoak har ditzan, hainbat eta hainbat ikastetxe lehenbailehen euskalduntzeko asmoz,eta belaunaldi berriak eta gazteak pertsona euskaldun eleanitz gisa prestatzea helburu nagusienetakotzat izan behar duen hezkuntza sistema baten partaide eta eragile bihur daitezen.
Beraz, LABen irudiko, sare honetako titular horiek, ezinbestez, ikastetxeetan euskarazko hezkuntza eskaintzeko eta langileak euskalduntzeko apustu argia egin behar dute. Eta hori egi bihur dadin negoziazio kolektiboaren esparruaren baitan neurriak hartu eta langileen ordezkariekin adostu beharra dute.
LABentzat honako hauek dira fase honetan itunpeko ikastetxe orok zaindu beharreko gutxieneko eta ezinbesteko bi oinarri, bertako langileen lan baldintzen homologazioaren aldeko prozesu dinamiko bati ekiteko: nola doako eta denontzako irakaskuntza eskaintzeko asmoa, hala irakaskuntzaren euskalduntze prozesua sustatu eta babestea.
Akordioa egiteko zirt edo zart egin behar da.
Alabaina, EAEn, instituzio aldetik une hauskorra bizi dugula jabetzen ari gara. Badirudi alde batetik aukera batzuk zabaldu direla Akordio berri bat egiteko Baina. bestetik, jakinaren gainean gaude aukera hori zabaldu bezala deblauki itxi ahal dela, Jaurlaritzako Gobernuaren legegintzaldiaren amaieran baikaude, garai berriaren etorrera "sine die" atzeratuz. Beraz, politikak baldintzatzen duen arrisku baten aurrean aurkitzen gara.
Hori dela eta, ausardia eskatzen diogu Hezkuntza Sailari behar diren ekimenak abian ipin eta harremanak landu ditzan luze baino lehen, inplikaturiko hezkuntzako eragile eta sektoreekin goian aipatu dugun tankerako akordio bat ixteko, legegintzaldi hau amaitu aurretik.
Horretarako, badakigu Akordio hori ahalik eta babes sozial eta politiko zabalenarekin lortzen saiatzea nahitaezkoa dela. Baina, hala ere, eta une batean sektore guztien iritzi bateratasuna eta aho batezko onarpena ezinezkoa gertatuta ere, kasu batzuetan nahikoa izan daiteke, baldintza demokratiko gisa, Akordioaren alde sektore politiko eta sozial ezberdinen gehiengo bat agertzea.
Izan ere, akordioa sinatzeko uste baitugu garrantzitsuago dela hainbatetan eragileen zenbatekotasuna baino Akordioaren edukia edo nolakotasuna. Eta, LABen ustez, Akordioaren edukia agiri honetan azalduriko ildotik ez badoaz, eta lehentasuna ematen bazaio aho batezko onarpena lortzeko aldagaiari, horretarako akordioaren edukia hutsalduz, goian planteatutako bi oinarri horiek jasotzearen kalteetan, berriro EAEn auziari irtenbide ustela bilatuko litzaioke bigarren aldiz 18 urteko epean.
Negoziazio kolektiboa bahiturik dago hezkuntza marko berria egin ezean
Bestalde, EAEn hezkuntzako langileon lan baldintzak hobetzeko planteamendura bueltatuz, egungo hezkuntza markoaren agorpena dela eta, hezkuntzako langileok badugu, gaindiezineko eragozpen bat: ikastoletan eta ekimen sozialeko ikastetxeetan gaurko hezkuntza markoak negoziazio kolektiboa erabat baldintzatuta eta bahituta dauka. Horrek dakarkigun konstatazioa honako hau da:funtsezko gaietan itunpeko ikastetxeen negoziazio kolektiboak berea egin izana, egungo hezkuntza markoa gainditu ezean.
Hori guztia ikusirik, LABek, Euskal Irakaskuntzaren interesen eta hezkuntzako euskal langileen interesak bateratzen diharduen erakunde den partetik, derrigorrez erantzukizunez jokatu beharra du euskal langileen eta jendartearen aurrean. Euskal hezkuntza, EAEko eremuan, beste esparru batera eramango duen Akordio berrirako tren sozial eta sostengarria geltoki berri batera heltzea gura badugu behintzat.
Horregatik, Akordio berri baterako tren hau geldi ez dadin eta Akordio hori lortzeko prozesu hau azkartzeko xedez, kalera ateratzea baino ez zaigu gelditzen. Mobilizazio horietan Hezkuntza Marko berri bat aldarrikatuko dugu langileen lan baldintzak hobetzeko ditugun gaurko mugak ezabatzeko ez ezik, euskal lurralde hauei merezi duten kalitateko Hezkuntzako Zerbitzu Publikoa eskaini ahal izateko.
Sinatzaileak: Lurdes Agirrezabal, Maite Argoitia eta Ane Landeta Ikastola sektoreko LABeko arduradunak. Roberto Tornero eta Gotzon Etxarrri. Ekimen Sozialeko sektoreko LABeko arduradunak.
|
|