|
2008/05/08
Larunbatean langileok Sartagudara!
Ohar honen bidez, LAB sindikatuak larunbat honetan Sartagudan antolatutako ekitaldian parte hartuko duela iragarri nahi du. Era berean, Sartagudara bertaratzeko deialdia zabaltzen diogu langileriari. Nafarroan 1936an eta handik aurrera hildako langileei omenaldia egiteko eta gure oroimen historikoa bizirik mantentzeko mugarri garrantzitsua da Sartagudakoa. Izan ere, 36ko gertakariek eta geroko frankismoak zerikusi handia du gaur egun Nafarroan bizi dugun egoerarekin:
- 1936an Francok eta Molak gidatutako altxamendu militarra hasi zen.Nafarroan altxamenduak arrakasta izan zuen lehen unetik eta ez zen gerra-fronterik egon. Alta, 3.000 sozialista, anarkista, abertzale, langile fusilatu zituzten 2nazionalek".
- 1939-1975: Gerra irabazi eta Nafarroa "gorri eta abertzaleez" garbitu zutenak jaun eta jabe dira gure herrialdean. Eurek dute botere ekonomiko, politiko eta kulturala. Halere, apurka-apurka langileria alderdi eta sindikatu ezkertiarretan antolatu eta borrokan hasten da.
- 1975-1982: 40 urteko diktadura ankerra pairatu ostean, diktadurarekiko haustura ematea eta beste euskal herrialdeekin batera eskenatoki demokratikoa eraikitzea aldarrikatzen zuten indar politiko ezkertiarrek, langile mugimenduak eta herritar ugarik. Alta, Nafarroako eskuinak frankismoan zehar pilatutako boterea iraunarazteko operazioa gidatu zuen: Foru Hobekuntza.
Duela gutxi Nafarroako klase politikoak Foru Hobekuntzaren 25. urteurrena ospatu zuen. Guretzat ez dago ezer ospatzekorik, aitzitik, benetako aldaketa da guk aldarrikatzen duguna. Langileok sakoneko aldaketa behar dugu, Nafarroan eskuinak eta patronalak duten hegemoniarekin amaitu eta herritarron hitza aintzat hartuko duen eskenatokia eraikitzeko.
Horixe da, Sartagudako ekitaldiaren ildoan, LAB sindikatuak publiko egin nahi duen gogoeta.
DEMOKRAZIA NAFARROARENTZAT!
DEMOKRAZIA EUSKAL HERRIARENTZAT!
HAUSTURA DEMOKRATIKOA ORAIN!
|