|
2008/05/07
Errepresiorik EZ! Langileok Autodeterminazioaren alde!
Azken ekintza errepresibo-judizialak Ino Galparsoro karzelaratzea eta ANVk Portugaleten zeukan egoitza historikoa ixtea izan dira; baina horien aurretik Oarsoaldean euskal gazteriaren kontrako sarekada izan zen eta Madrilen Amnistiaren Aldeko Mugimenduko militanteen kontrako auzia ere abiatu zen.
Zapaterok agintaldi berria hasi du, baina ildo politiko eta judizial beretik.
PSOEren Gobernuak politikoki indarrean dagoen konstituzio eta estatutuen markoari eusten dio; horregatik Euskal Herria nazio bat dela eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan jendarteak bere instituzio eredua, soziala, ekonomikoa, eta kulturala erabakitzea eragozten du.
Beraz, Euskal Herria nazioa dela eta euskal jendartearen borondatea errespetatzean oinarritzen den eszenatoki demokratikoa eskatzen du euskal jendartearen gehiengoak. Baina PSOEk, PNVren laguntzaz, ez du hori onartu nahi eta bere apustua egungo dependentzia eta ukazioa estaliko duen estatutuaren erreforma burutzea da. PNVk eredu espainiarraren aldeko eta euskal nazioaren defentsaren eta bere eskubideen aurkako aukeraketa taktiko-estrategikoa egin du eta horrek ezker abertzalearen aurkako errepresio eta estrategian konpromiso gehiago ekarri du. Ikusi besterik ez dago "mozio etikoen" gaia eta Gobernuaren eta Ertzaintzaren jarrera Durangoko ekitaldian; biek argi erakusten dute PNV PSOErekin lerrokatu dela apustu politiko bera dutelako.
Juridikoki ezker abertzaleko sektoreen kontrako presioa areagotzen ari da erabaki arbitrario eta erabat politikoekin. Arlo juridikoan Ino Galparsoro kartzeleratu izana eskandalu ikaragarria da; baina argi dago Arrasaten mozioa aurrera irten ez delako mendekuaren ondorio izan dela. Horixe da hain justu, euskal jendartearen gehiengoak eta sindikatu honek pentsatzen duena.
Erabaki judizial horiek kartzelak betetzen jarraitzen dute, eskubideak urratzen, ... eta batez ere, une honetan aldaketa politikoa eskatzen duen euskal jendartea isilarazi nahi dute. Ez dute nahi instituzioak eta negozio ekonomikoak jerarkia jeltzaleak kudeatzen jarraitzeko euren eskema eta eredu "katalana" zalantzan jarriko duen erreferente politiko edo sozialik egoterik.
Beste behin ere, LABek berretsi nahi du errepresioak konfrontazioa eta konponbiderik ez dakarren tentsio soziala areagotu besterik ez duela egingo. Era berean, elkarrizketa, negoziazio eta akordio eszenatokia aldarrikatzen dugu; horrek bakarrik ekarriko baitio benetako aldaketa jendarte honi. Baina horretarako, PSOEk zein Estatuak euskal herritarren etorkizuna libre eta demokratikoki adierazitako borondatearen errespetuan oinarritu behar dela. Hau da, erabakitzeko eskubidearen aitortza, autodeterminazioa.
Horregatik guztiagatik, Arrasaten ostegun honetan izango den greba orokorrarekin bat egiten du LABek eta eguerdiko 12:00etarako jakinaraziko diren tokietan kontzentrazioak egingo ditu.
DEIALDIAK:
· Bilbo:12:00etan manifestazioa abiatuko da Moyuatik Justizia jauregiraino. Hasi aurretik Txutxi Ariznabarreta, LABen Komunikazio idazkariak adierazpenak egingo ditu komunikabideen aurrean.
· Gasteiz: 12:00etan Gobernu Zibilaren aurrean.
· Laudio: Lamuza plazan.
· Donostia: 12.30ean epaitegietan
· Irun: a las 12:00etan Zabalza plazan.
· Azpeitia:12:00etan Landeta poligonoan.
· Legazpia: Industrialdean.
· Ordizia: Udaletxe aurrean.
· Tolosa: Udaletxe aurrean.
· Igorre: 12:00etan Kultur Etxea aurrean.
· Basauri: 12:00etan PSOEren egoitza aurrean.
· Sopela: Udaletxe aurrean.
· Durango: Manifestazioa Ezkurditik.
Ezkerraldea eta Busturian ere mobilizazioak izango dira. Horrez gain, LABen zuzendaritzaren ordezkaritza bat Arrasaten egongo da; besteak beste, Rafa Diez Usabiaga, idazkari nagusia, eta Ainhoa Etxaide, idazkariordea.
Bestalde, enpresetan ere kontzentrazioak egingo dira txanda aldaketetan "Errepresiorik ez! Langileok autodeterminazioa!" lemapean.
|