|
2010/02/08 Gea Iberica S.A
Langileen garaipen garrantzitsua Gea Iberica enpresan Lan delegaritzak atzera bota du Enplegu Erregulazio Espedientea
Gea Iberica enpresak aurkeztutako Enplegu Erregulazio Espedienteari ez dio oniritzirik eman Lan Delegaritzak. Zuzendaritzak ezin izan du frogatu aurkeztu zuen argudioa, hau da, 2010eko hurrengo hilabeetan lan kargaren jaitsiera emango denik.
Gea Group Multinazionalaren enpresa bat da Igorreko Gea Iberica S.A lantegia, eta 132 langilek osatzen dute lantaldea. Enpresa zuzendaritzak 2009ko abenduaren hasieran Etendurako Espedientea sartu zuen Lan Delegaritzan. LABek ondorioztatu zuen orduan enpresaren trikimailua zela hura; estrategia bat, hurrengo hilabeteetan hainbat langile kaleratu eta multinazionala munduko bere beste enpresetan egiten ari zen berrantolaketa lasai eta patxadaz egiteko. Horrela salatu zuen sindikatuak Lan Ikuskaritzan eta Lan Delegaritzan, eta azken honek arrazoia eman dio sindikatuari.
EEE honen ebazpena garaipen txiki bat da, txikia baina garrantzitsua, patronalaren erasoei aurre egin eta langileen eskubideak bermatzeko bidean, gaur egun langileen eskubideen defentsan kalera atera eta borroka egiteak duen garrantzia agerian uzten baitu.
|