ELKARRIZKETA SOZIALA, LABen KONTRAKO EPAIKETA ETA DIRU PUBLIKOAREN BANAKETA CEN, UGT ETA CCOOi
|
 |
LAB sindikatuak prentsaurrekoa eskaini du gaur Iruñeako egoitzan elkarrizketa soziala, LABen kontrako epaiketa eta CEN, UGT ETA CCOOi banatu zaien diru publikoren inguruko balorazio eta hausnarketen berri emateko. Prentsaurrekoan Andoni Barbarin, Igor Arroyo eta Espe Iriartek hartu dute parte.
Prentsaurrekoaren edukiak |
UGT eta CCOOek EPAIKETA GALDU DUTE
UGT eta CCOOek LAB salatu zuten orri honetan azaltzen den kartela argitaratzeagatik. Defentsarik onena erasoa delakoan, euren jarduerarekiko kritikak isilarazi nahi zituzten epaitegien bidetik. Erasoa ustela atera zitzaien eta epaiketa galdu zuten: UGT eta CCOO "salduak" direla kritika sindikalerako eskubidean kokatzen da, horixe esan zuen epaileak. Modu honetan, epaitegien eta herriaren iritzia bat etorri ziren (zoritxarrez, beti gertatzen ez dena). Izan ere, "salduak" edo gaztelerazko "vendidos" hori, UGT eta CCOOen amore emate etengabea salatzeko, milaka eta milaka langilek erabilitako esamoldea da. "Vendidos!" bezalako oihuen artean ihes egin zuten, bi sindikatu horietako ordezkariek, Koxka enpresatik, asanblada eta etika sindikala traizionatu ostean. Eta bati baino gehiagori burura etorriko zaio aipatu adjektiboa, 2010eko Nafarroako aurrekontuetan CEN, UGT eta CCOOentzat onartutako dirutzaren berri izan eta berehala.
CEN, UGT eta CCOOek 16,7 MILOI EURO (2.700 milioi pezeta baino gehiago) JASOKO DUTE AURTEN
CEN Nafarroako enpresarien elkarteak nahiz UGT eta CCOO sindikatuek 2.700 milioi pezeta baino gehiago jasoko dituzte, UPN eta PSNk onartutako Nafarroako aurrekontuei esker. Diru kopuru hau, inongo diru-sarrerarik ez duten hamar mila nafar familiak jasotzen dituzten laguntzak baino handiagoa da (ikusi taula).
UPNren GOBERNUAK ZERBITZU PUBLIKOEN KUDEAKETA EMAN DIE CEN, UGT eta CCOOi
UGT eta CCOOek euren diru-sarrera izugarriak justifikatzen saiatzen dira, esanez diru publikoa jasotzen dutela zerbitzu publikoa ematen dutelako. Eta horixe da, hain zuzen ere, arazoaren parte bat: Administrazioa zerbitzu publiko ugari pribatizatzen ari da UGT eta CCOOen mesedetan. Honela, bi erakunde hauek UPNren Gobernuaren gestore pribatuetan bilakatu dira (langileriaren interesen defentsarekin bateraezina dena, noski).
Esaterako, CEN, UGT eta CCOOek "lan arriskuen prebentziorako" programengatik jasotzen dutena, Gobernua beraren Lan Arriskuaren Prebentziorako Atalaren aurrekontua baino 3,66 aldiz handiagoa da. Eta edozein kasutan ere, horrek ez du eragozten Nafarroako lan istripuen tasak eta langileen heriotzek Europako bataz bestekoa bikoiztea.
Horrelako zerbait gertatzen da, halaber, berdintasuna, kontziliazioa eta emakumezkoen enpleguari dagokionez. CEN, CCOO eta UGTek 760.000 euro eramango dituzte, Enplegua eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzuak 75.000 euro besterik jasotzen ez duen bitartean, hau da, aurreko kopuruaren hamarrena. Bien bitartean, emakumeek langabezia gehiago, behin-behinekotasun handiagoa, soldata txikiagoa eta jardunaldi bikoitza pairatzen jarraituko dute.
Etorkinen arloan burugabekeria harago doa, izan ere, "etorkienen prestakuntza eta sarbiderako" partida oro UGT eta CCOOentzat baitoa. Hau da, Zerbitzu horri dagokion kudeaketa oso-osoa aipatu bi sindikatuen eskuetan utziko da. Eta bitartean, etorkinen eskubideak egunero-egunero urratzen dira.
Gobernua-CEN-UGT-CCOO itun berri baten bidez, "mendekotasunarekiko arreta" delako eremuaren pribatizazioa ontzat eman dute. Langileak eta erabiltzaileak kaltetuak diren bitartean, enpresa pribatuek negozio egingo dute horren bidez.
43.278 LAGUN LANGABEZIAN. ELKARRIZKETA SOZIALAREN PORROTA
Adibide moduan hiru datu:
- Gobernuak, Patronalak, UGTk eta CCOOek sinatutako lau enplegu planen ostean, Nafarroan 43.278 lagun daude langabezian
- III. Planaren helburua behin-behinekotasuna 6 puntutan jaistea zen bitartean, plana amaitutakoan 3 puntu hazi zen.
- III. Planaren helburua langabezia populazio aktiboaren %5etik jaistea zela eta gaur egun langabeziak portzentaia hori hirukoizten egiten du kasik.
- IV. Enplegu plana indarrean dago, baina BENETAKO PLANA KALERATZE MASIBOETAN DATZA eta Patronalaren aldetik aplikatzen ari da, UPN, PSN, UGT eta CCOOen konplizitatearekin.
Zertarako balio izan dute enplegu plan hauetan orain arte inbertitutako 1.430 milioi euroak? Izugarrizko eskandalua da hau. Nafarroako Gobernuaren enplegu politikan 180º aldaketa premiazkoa da.
|
|