2009/11/03 EAEko hezkuntza sailburu Isabel Celaak atzo egindako adierazpenen aurrean LABen irakurketa
CELAAren ADIERAZPENAK DEMAGOGIKOAK DIRA ETA DOKTRINAMENDURAKO DEIA EGITEN DUTE

EAEko Hezkuntzaren Erreformarako bidean, EAEko Hezkuntza Sailak atzo Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa arautzeko curriculum dekretu egitasmoak aurkeztu zituen eta aurkezpen horretan Isabel Celaa Hezkuntza Sailburua den andreak egin zituen adierazpenak eta egitasmoak, LAB Sindikatuarentzat guztiz salagarriak dira. Gure irakurketa bi punturen inguruan laburbil genezake.

Lehenik, Hizkuntza trataeraren harira eginiko adierazpenekin erabateko ezadostasuna adierazi nahi dugu lerro hauetatik. EAEko bi hizkuntza ofizialak bata bestearen parean jarrita lortuko den gauza bakarra egungo egoera egonkortzea besterik ez da, jakinik egungo egoerak derrigorrezko eskolaldia amaitutakoan oraindik ere euskara ezagutzen ez duten ikasleak jendarteratzen dituela. Gainera, hau guztia "eskola inklusiboa" termino eta kontzeptua erabiliz gauzatu nahian ari da. Ekimen honek izen bakarra dauka: DEMAGOGIA. Aipatutako honek guztiak zuzenean egiten du talka 1993ko Eskola Publikoaren Legean jasotzen zenarekin: "Ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatzea, euskararen erabilera bultzatuz eta normalkuntzari lagunduz". Penagarria eta salagarria da guztiz, oraindik ere 2009. urtean amaitzear dagoela 1993an jasotzen zen hori bete ez izana. Bide honetan egin beharreko aldaketak lege hori betetze aldera bideratu beharko lirateke eta ez bide segregazionista eta baztertzailetik. Bigarrenik, orain arte gauzatutako "adoctrinamiento abertzale" delakoa gainditzeko curriculumean planteatzen dituen aldaketen gaineko aipamena. Hezkuntza Sailburuak bultzatu nahi duenak adoktrinamendua izena du. LABek ez zituen babesten aurreko Hezkuntza Sailak onartutako curriculumak, besteak beste, curriculumaren % 55aren zehaztapena Espaniako Estatuari aitortzen ziolako. Baina Celaa andereak beste aurrera urrats bat eman nahi du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza Espaniakorekin homologatuz. Bi hizkuntzak "maila berean" jartzeaz gain, Euskal Herria terminoa desitxuratu egin nahi du, Euskal herria gizon eta emakumez osaturiko nazioa dela ezkutatuz, Batxilergoko Historia irakasgaia Espaniako Historia bilakatuko dute, curriculum erabili nahi dute eskolan biktima batzuekiko enpatia lortzeko, Euskal Herrian bortxa egoerak askotarikoak, eta hauek sortaraziko biktimak anitzak (lan istripuak sorturikoak, jendarteak sortutako bazterketa sozialekoak, sexu indarkeriazkoak, genero indarkeriazkoak, gehiegi polizialak eragindakoak, ...) diren egoera ezabatuko dute, ... Honek guztiak adoktrinamendu nazionalista espainola izena du, eta honen aurrean oldartu beharra dago. Horregatik, LABetik egitasmo eta adierazpen hauek salatzeaz gain, deia egiten dugu gai hauetaz komunitate eskolarrak hitz egin dezan, derrigorrezko eskolaldia amaitutakoan gure ikasleek euskara ere ezagutu eta erabili dezaten dagoen atxikimendu gehien jaso duen Kontseiluaren proposamena ezagutu eta defenda dezaten. Era berean dei egiten diegu euskal curriculumaren definizioan lanean ari diren eragileei ahalbait azkarren tresna hori hezkuntzako langile, ikasle eta familien esku jar dezaten, bi tresna horiekin,euskal curriculuma eta hizkuntz politika berria, eta elkar lanarekin egin ahalko diogu PPSOE hezkuntza munduan ezartzen ari den ofentsiba ideologikoari. Euskal Herrian, 2009ko azaroaren 3an



inprimitu