|
2006/05/08
Mercedesek 700 behargin ez dituela behar esan dio Langileen Batzordeari. Pizgarrien bidez gutxitu nahi ditu lanpostuak; bestela, jendea kaleratuko du.
Mercedes-Benz multinazionalak 700 lanpostu desagerrarazi nahi ditu Gasteizen duen lantokian. Lehenik eta behin, pizgarri ekonomikoak eskaintzeko asmoa du, lana uztearen truke. Hala ere, pizgarrien bidez nahi duen kopurua ez badu lortzen, langileak kaleratuko dituela aurreratu du.
Konpainia osoan ezarri nahi dituen antolakuntza programak aurkeztu zizkien Mercedesek sindikatuei joan den ostegunean. Alde batetik, administraziotik lanpostu ugari ezabatzeko asmoa du. Bestetik, tailerretako langile gutxiagorekin ibilgailu gehiago egin nahi ditu. Gasteizko kasuan, gaur egun furgoi bat fabrikatzeko 60 ordu behar dira, eta hamabost gutxiago izateko helburua jarri du. Batzordeko iturriek azaldu dutenez, lehenbiziko hartu-emana izan zen joan den astekoa, eta pare bat aste barru bilduko dira pizgarriei buruz hitz egiteko berriro. Batzarrean enpresak ez zuen eman deuseztatu nahi dituen lanpostuen zenbateko zehatzik, baina, emandako datuen arabera, 700 inguru izango direla ondorioztatu dute sindikatuek, hala tailerretakoak nola administraziokoak. Neurriak hiru urteren buruan martxan jartzea espero du enpresak. Eta sindikatuekin negoziatzen hasiko da aurki. «Ahalik eta traumarik txikienekin» moldaketa gauzatzea espero du, gainera. Sindikatuak ez dira asteon bilduko, Europako Mercedeseko Langileen Batzordera joan baita presidentea, Alemaniara. Egoera aztertzeko lehen bilera maiatzaren 15ean izango da.
|