· euskara   · castellano
FORMAKUNTZA   | AGERKARIAK   | EUSLAB   | EUSKALHERRIA   | NAZIOARTEKOA
                    

Albisteak

Hemeroteka

Deialdiak

 






Bakea ere sindikatuen aldarri.



Bakea ere sindikatuen aldarri.



Bakea ere sindikatuen aldarri.


 

2006/05/02    Berria
Bakea ere sindikatuen aldarri.

Lan-baldintza makurren aurkako borroka ez ezik, egoera politikoa izan da protagonista mobilizazio guztietan.

Bake prozesuari gorazarre eta prekarietateari desafio. Sindikatuek gogor gaitzetsi dituzte lan istripuak, behin-behinekotasuna eta gazteen, emakumeen eta etorkinen baldintza makurrak, bai, baina su-eten iraunkorrak ohikoa baino kutsu politikoagoa eman dio Maiatzaren Lehenari. Burujabetzaren alde daudenen artean akordioa egiteko eta «herriaren borondatea» errespetatzeko eskatu dute ELAk eta LABek, nork bere aldetik.

Bilbon batu da ELA. «Langile jendearen Euskal Herria eraikitzera» deitu du eta, «aspaldiko urteetan legez», prekarietateari iritzi dio Maiatzaren Leheneko kezka nagusi. «Nork gehien irabazi lehiatzen dabiltza enpresaburuak eta, aldi berean, baldintza are okerragoak ezarri nahi dizkiete langileei», sindikatuko idazkari nagusi Jose Elorrietaren arabera. «Eskandalua» da %30eko behin-behinekotasuna eta, bereziki, gazteek eraman beharreko egoera.Ildo horretatik, Elorrietak gogor salatu du UGTk eta CCOOk patronalarekin adostu asmo duten Lan Erreforma. «Literatura egitea eta sinatzea posible da, baina sinatzea eta borrokatzea ez da posible». Prekarietatea «egonkortuko» du akordio horrek, eta ELAk indar metaketa jo du lan merkatua «iraultzeko» tresnatzat. «Protesta handiagoa eta orokorragoa antolatzea da sindikatuon erronka».Mobilizatzeko eskatu dio gizarteari. «Subiranotasunaren aldeko indarrei», berriz, gutxieneko akordio bat egiteko premiaz ohartarazi die, «Kataluniako Estatutuan bezala, garbiketa operaziorik gertatuko ez bada hemen». Bake prozesua gidatzea euskal alderdien lana dela ere nabarmendu du, eta Lizarra-Garazi dauka galdeketaren bidez «erabakitzeko euskal esparrua» gorpuzteko oinarritzat.

Gizarte eredu alternatiboa aldarrikatu du LABek.

LABek Euskal Herriko hogei herritan antolatu ditu mobilizazioak, baina manifestazio nagusia Iruñean, Euskal Herria libre eta sozialista lelopean. Aldaketa sozial eta politikoaren alde agertu da sindikatuko idazkari nagusi Rafa Diez. «Gizarte eredu alternatibo bat nahi dugu, bestelako Euskal Herri bat, non politika ekonomikoa gizartean oinarrituta egongo den». Egungo politika ekonomiko neoliberala baztertu du, bai eta hori «babesten» dutenak ere. «Ez gaude ados Iruñetik eta Gasteiztik daramaten eredu politiko eta sozialarekin».

Su-etena ere izan du hizpide, eta elkarrizketa bultzatzeko eta adostasunak lortzeko garaia dela aldarrikatu du. «Bakeak demokraziaren eta herritarren borondatearen sinonimo izan behar du», LABeko buruaren ustez. ETAren erabakiak «Lizarra-Garazin ezarritako oinarrietatik zetorren aldaketa politikoan sakontzeko balioko du» .Politika alde batera utzi eta Nafarroako Volkswagenen egoeraz aritu da lantegiko LABeko ordezkari Benito Uterga. Gogor kritikatu du ekoizpena gutxitzeko mehatxua. «Zuzendaritza da hartzen dituen erabakien erantzulea, eta ez langileak». UGTk, bestela ere, Landabengo gatazkan «arduratsu» jokatzeko exijitu die bai LABi, bai CCOOri eta CGTri. Erreferendum baten bidez adostasunak lortzeko nahia agertu du Maiatzaren Lehenean. CCOOk, berriz, langileen batzordearen gehiengoarekin bat egiteko eskatu dio UGTri. Sindikatu bakoitza bere aldetik ibili da Nafarroan.Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, batera jardun dute. Egoera politiko berriak «itxaropena piztu» duela baina «gizartearen errealitateari aurre» egin behar zaiola uste du Euskadiko CCOOko idazkari nagusi Josu Onaindik: «Lan istripu etengabeak, behin-behinekotasuna, prekarietatea... arazo horiek guztiek ere egon behar dute errealitate politikoaren barruan». «Egonkortasunean, berdintasunean eta lan-baldintzetan aurrera jotzeko giltza» da Lan Erreforma, UGT-Euskadiko idazkari nagusi Damaso Casadoren aburuz. Salatu du «izarrei begira» dagoela Eusko Jaurlaritza, eta ez diola kasurik egiten «Euskadiren benetako egoerari». Su-eten iraunkorraz hitz egin du, azkenik. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu bakea posible izan dadin lehenbailehen».


 
LAB sindikatua Ekintza sindikala SektoreakArloak Prentsa