|
2008/04/17
Administrazio orokorreko langileen komunikatua. Lehenik, gauza bat argitu nahi dugu: mahaiak biltzeko eskabidea bai Funtzionarioen Mahaiari, bai Lan-kontratudun langileen mahaiari dagokio. Herenegun, soilik jaso genuen Funtzionarioen lan-baldintzak arduratzen den mahaia biltzeko deialdia, eta hori salatzeko modukoa da.
Administrazio honek ez gaitu aintzat hartzen. Eguneko aztergaian sei puntu badaude ere, puntu bakarra da gure plataformaren negoziazioarekin zerikusia duena. Gure aburuz, Funtzio Publikoko Sailburuordetzatik saiatzen ari direna zera da: Mahai Sektorialen ganorarik gabeko bilerak ahalik eta gehien luzatzea, horrela legealdia agortuko delarik.
Eta hori funtzionarioentzako, lan-kontratudun langileetaz txintik ere ez. Proposatzen diguten gai-zerrenda adar-jotzea da, eta horrek gure erreibindikazioak gogo handiagoz egitera garamatza.
Era berean, azpimarratu nahi dugu ez dugula mobilizazio-dinamika amaitutzat ematen deialdi honekin. Negoziaziorako deia jasotzea aurrerapausu txiki bat besterik ez da, baina administrazioaren benetako borondatea langileekin akordioak negoziatzeko ikusteke dago. Eta akordio horiek lortuko ditugu negoziazioen mamia langileon onurarako bada. Askotan negoziazio-mahai aitzaki hutsa izan da. Sindikatuokin elkar-aditzea bilatzearen estakuruz, soilik administrazioaren onerako ziren gaiak jorratzen ziren. Adibide nagusia Analisi Funtzionaletako eredua izan zen, eredu horrek %2ko Deskripzio Funtzionaleko Osagarri eztabaidagarria zekarkigularik. Lanaldiaren hobekuntzari buruz, erretiro aurreratuari buruz, pribatizazioei buruz, edo Lanbide eskaintza publikoari buruz ez dago adostzerik.
Bestalde, Funtzio Publikoak ez du onartu nahi lan-kontratudun langile asko lanean dagoela administrazio honetan. Jaso berri dugun mahairako deialdiak hori argi eta garbi erakusten du. Lan-kontratudun langileon alorrean azkeneko akordioa 2001ekoa da, eta berebiziko garrantzia dauka akordio hori oso-osorik berritzea.
Horregatik, mobilizazioak mantentzea erabaki dugu. Apirilaren 24ko Mahaian Funtzio Publikoari ondoko hau exijituko diogu: lan-kontratudun langileon mahairako eta zein funtzionarioen mahairako deialdien egutegia. Agindutakoak benetako akordioak bihur daitezen eta akordio horiek administrazio honetako langile guztion onurarako izan daitezen, agiri hau sinatzen dugun sindikatuok borroka-dinamikari eutsiko diogu.Eta dinamika horretan batasun sindikalerako deia berretsi nahi dugu.
|