|
2006/10/03
Kontratazioaren datuek lan erreforma berriaren porrota baieztatu dute.
Urtarrila eta iraila bitartean Hego Euskal Herrian sinaturiko kontratuen %8,88 soilik izan dira mugagabeak; aldiz, ekaina arte (azken lan erreforma indarrean sartu aurretik) metatutako kontratu mugagabeek kontratazio osoaren %9 ordezkatzen zuten. Aldi baterako kontratuen %78,9ak hiru hilabete baino gutxiagoko iraunaldia du eta %97,8ak ez du urte beteko iraupena gainditzen.
Urteko lehenengo bederatzi hilabetetan 795.776 lan kontratu erregistratu dira INEM-ek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan dituen bulegoetan. Baina 70.678 soilik izan dira mugagabeak edo aldi baterakoen bihurtzetik eratorriak, hau da, kontratazio osoaren %8,88. Portzentaia hau urteko lehenengo sei hilabeteetan metatutakoa (%9) baino txikiahoa da; beraz, nahiz eta iraileko datuak nahiko positiboak diren, ezin daiteke gauza bera esan, lan erreformaren ondoren, uztaila, abuztua eta irailean metatutako datuei buruz.
Kolektibo ezberdinek dituzten lan baldintzak konparatuz gero desberdintasun nabariak antzeman daitezke; gizonezkoek sinaturiko kontratuen %9,7 mugagabeak izan dira, eta emakumeen kasuan, aldiz, portzentaia hau %8koa da. 25 urte baino gutxiago dituzten gazteen artean, kontratu mugagabeek sinaturiko kontratu guztien %5,5 soilik ordezkatu dute.
Bestalde, azpimarratu beharra dago kontratazio mugagabearen %56,2 aldi baterakoen bihurtzetik eratorria dela; mugagabe arruntak, aldiz, mugagabeen %25,8 eta kontratazio osoaren %2,3 soilik suposatzen du. Datu hauek mugagabe arruntaren izaera marjinala eta desagertzeko joera baieztatzen dute.
Lan erreformak enpleguaren errotazio maila gutxitzeko ere ez du balio izan, eta kontratuen iraunaldiak lehen bezain laburra eta prekarioa izaten jarraitzen du. Aldi baterako kontratuen (iraupen mugatukoak sinatzeko momentuan) %78,9ak ez ditu hiru hilabete gainditzen eta %97,8ak urte bete baino gutxiagoko iraupena du.
Nahiz eta oraindik hiru hilabete soilik igaro diren PSOEko gobernuak onartu eta CCOO eta UGT sindikatuek eta Espainiako patronalak itzartu zuten lan erreforma indarrean sartu zenetik, garbi dago azken emaitza porrot berri bat izango dela; izan ere, erreforma honek iraganean prekaritatea eta aldi baterako kontratazioaren aurkako borrokan nahikoak izan ez diren formulak berreskuratu nahi ditu.
|