|
2007/07/13
Prekaritateak, lan erritmoak, arduragabekeriak... hiltzen dute! Lan istripuak, lan eritasunak eta lanari lotutako eritasunak ez dira kasualitatearen emaitzak baizik eta lan baldintza kaxkarren emaitza. Ondo baino hobeto ezagutuak dira lan istripu eta baldintza prekarioen arrazoiak eta azken hauek ekiditzeko jazarri beharko liratezkeen formakuntza eta bermeak; baina behar diren medioei muzin egiten zaie.
Pasadan ostiralean ere, eraikuntzako langile bat istripu baten biktima izan da Hendaian eta Baionako erietxera eraman dute. Denok dakigu, zer nolako lan erritmoak eta ordutegiak egiten diren sektore honetan eta zer nolako arriskutsua den berez eraikuntzako lana.
Mugerren beste lan istripu bat izan zen atzo Sita Sud Ouest lantokian. Honetan langileak kartoiak biltzen ari zela eta, orga igoitzaile batek parez pare jo egin du eta Baionako erietxera eraman izan behar dute azken hau ere bai.
Industrian eta eraikuntzan tresnen egoera txarraz, segurtasun berme ezaz, karga altxatze handiegiaz, ekoizpen kimiko eta arriskutsuengatik, lan erritmoengatik... lan istripuz suertatzen diren heriotzak eta zauri larriak ohizkoegiak dira.
Jakinda arriskuak eta irtenbideak ezagunak direla, zergatik behar diren erantzunak ez dira hartzen? Prebentzioa ez da aplikatua, patronalak etekinei lehentasuna ematen baitie langileen osasunaren kontu, eta bestalde Administrazioak muzin egiten dielako bere ardurei ugazaben dinamismoa ez galkotzeko.
Guzti honen aurrean gure erantzun sindikala bizkortu behar dugu gure lantokietan, eta langile oro borroka honetan inplikatu beharko litzateke. Patronalaren jokoa egunez egun salatu behar dugu, langileen osasunaren gaizkitzearen erruduna delako.
|