| |
Igorreko euskara normalizatzeko plana Mertxe Ortuzar Gastronomía Cantábricako LABeko delegatua, Zeanuri
Euskal Herri osoan suertatzen den fenomenoa da: herri euskalduna izan arren, euskararen erabilera ez da batere pozgarria. Igorren ere hauxe gertatzen da. 4 biztanletik 3 baino gehiago euskaldunak izan arren, euskararen egoera ez da horren ona. Esaterako, eskoletan eskaintza osoa D ereduan izanda (dena euskaraz), lan munduan euskararen erabilera eskasa da.
Igorreko euskara plana martxan ipinteko Sei elkarteak kale neurketa egin zuen urrian. Neurketa honen barri eta Elhuyarrek proiektua aurrera eroateko asmoa ezagutarazoteko Igorreko euskara plana aurkeztu zuten Igorren. Datu bat aipatzearren, Igorren % 33 baino ez da erabilera, ezagutza, ditugun azken datuen arabera % 77 den bitartean. Beste datu bat: gazteak dira euskaldunenak Igorren.
Elhuyarren proposamena
Datu hauek ikusita eta euskararen erabilera indartu guran, Elhuyarrek plan estrategikoa aurkeztu zuen. Plan estrategikoaren helburua euskararen erabilerak gorantz egitea da, horretarako herritarren ekimenean oinarrituz.
Antolamendu egiturari begira, bertan, jarraipen-batzordea, koordinatzailea, aholku-taldea, talde dinamizatzaileak eta behar taldeak eduki ditugu. Jarraipen batzordean, koordinatzailea, euskara batzordeko ordezkari bi, Igorreko Udaleko alderdi politikoetako ordezkari bana eta Elhuyarreko teknikariak egon dira. Koordinatzailea Urtzi Barrenetxea izan da eta berak herritarrak eta eragileak planean sartzea lortu du, taldeak osatzeko.
Elhuyarreko teknikariekin batera, komunikazio-plana landu du eta planaren ekintzak bideratu beharko ditu. Gainera, txostena egiten parte hartu du eta egitura guztiak koordinatuko ditu, Aholku taldean, Elhuyarreko teknikariak egon dira eta eurok arduratu dira trebatzeaz eta gidatzeaz. Talde dinamizatzaileak lan taldeak dinamizatu eta gidatu dituzte, eta koordinatzailearekin batera batzarretako emaitzak jaso eta prozesua aztertu dute. Behar taldeei dagokienez, herritarren parte hartzea ezinbestekoa ezan da, 15 lagun inguruko taldeak izan direlako eta bertan, erakunde eta elkarteetako ordezkariak be egon dira. Lan taldeak bakoitzaren euskarari buruzko jarrerak hausnartu, herriko euskararen erabilera aztertu, helburu estrategikoak finkatu eta ekintzak zehaztu ditu.
Behar prozesuaren barruan, hainbat pausu egin dira: Hasteko, herriko euskararen erabileraren diagnostikoa egin da; gero, sektorekako helburuak proposatu dira; eta azkenik, behar taldeetako kideak proposatutako helburuak lortzeko ekintzak zehaztu dira.
Orain, fase hau amaitu eta gero, plana garatzeko ordua heldu da, fase barri bateri ekiteko ordua, eta hau, herritar, elkarte, instituzio eta abarren esku dago, geure esku, danon esku hain zuzen.
LABekoak ere plan honen partaide aktibo izan gara, eta izango gara, hau ez da amaitu eta, hasi baino ez gara egin, planaren diseinu honetan egin diren hiru batzarretan partaide aktiboak izan gara. Zer esanik ez, euskara edozein tokitan normalizatzeko helburuarekin bat egiten dugula, nazio eraikuntzan geurea dugun hizkuntza defendatuko dugulako geure aitaren etxea defendatuko dugun bezala eta geure hizkuntza eskubideak urratzen diren edozein tokitan borrokatuko dugulako euskararen alde.
LABen, orain arte egin dugun modura, aurrerantzean ere ahalmena dugun toki guztietan euskara planen bultzatzaile eta partaide izango gara. Normalizazio bidean edozeinen lagun izango gara.
|
|