|
2007/02/13 Berria
De Juanaren espetxe zigorra hiru urtera gutxitu du Espainiako Auzitegi Gorenak.
12 urte eta 7 hilabeteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, «mehatxu terroristak» egitea egotzita.
Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko medikuek ohartarazi dutenez, hiltzeko arriskuan da presoa, eta presaz hartu du erabakia auzitegiak.
Hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote Ińaki de Juana presoari Gara egunkarian bi iritzi artikulu idazteagatik. Finkoa da Auzitegi Gorenak eman duen epaia. Behin betikoa. Gorenak kaleratu duen epaiak Auzitegi Nazionalak emandako epaia baliogabetu eta murrizten du.
Bi iritzi artikuluetan «mehatxu terroristak» egitea egotzita, hamabi urte eta zazpi hilabeteko zigorra ezarri zion azaroaren 7an Auzitegi Nazionalak presoari. Defentsak epaiaren aurka aurkeztutako helegitea «partzialki» onartu du orain Auzitegi Gorenak, eta nabarmen murriztu du zigorra. Delitua egin izana egotzi dio De Juanari, eta ez du defentsaren absoluzio eskaera onartu. «Terroristak ez diren mehatxuak» egitea eta «indarkeria goratzea» egotzita, hiru urteko zigorra ezarri dio.
Epaia finkoa izanik, Espainiako Gobernuaren esku geratuko da orain auzia. Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzak baldintzapeko askatasuna emateko aukera izango luke. Ezarritako zigorraren erdia baino gehiago betea du presoak, eta horrek kaleratzea erraztu dezake. Izan ere, 18 urteko espetxealdia eginda kitatu zuen Auzitegi Nazionalak ezarria zion zigorra, duela urte eta erdi baino gehiago. Baina preso mantendu zuten bi iritzi artikulu idazteagatik beste auzi bat abiatuta. Ordutik, badaezpadako neurri gisa izan dute preso. Orain, ordea, epaia finkoa izanda, Espainiako Gobernuaren esku egongo da baldintzapeko askatasuna emateko aukera.
Edozein kasutan, helegiteak aurkezteko beste aukera bat badago: Auzitegi Konstituzionalera jotzea. Konstituzioak jasotzen dituen eskubideak urratzekotan soilik jo daiteke azken ate hori, hogei laneguneko epean. Alvaro Reizabal abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez, helegitea lehenbailehen aurkeztuko du abokatuak, urgentziaz, presoaren osasunak hala eskatzen duelako. Gainontzean zein bide hartuko duen ez du erabakiko presoarekin egon artean.
Auzitegi Nazionalaren epaia baliogabetu duen erabakia hartzeko, goiz eta arratsalde egon ziren bilduta Auzitegi Goreneko Zigor Salako hamahiru magistratuak; hiru orduz goizean eta beste biz arratsaldean. Defentsaren abokatuak De Juanaren absoluzioa eskatua zuen, iritzi artikuluetan deliturik ez zegoela argudiatuta. Auzitegi Nazionalaren zigor epaia berresteko edo bestela terrorismoa goratzea egotzita lau urteko zigorra ezartzeko eskatua zuen fiskalak. Akusazio gisa aritu den elkarteak, AVTk, fiskalak hasieran egin zuen eskaerari eutsi zion: 96 urteko espetxeratzea galdegin zuen.
Berri agentziek Auzitegiko iturriak aipatuz zabaldu dutenez, «arazotsua» izan zen bilera eta hainbat bozketa egin zituzten azken erabakia hartu aurretik. Izan ere, iturri berberen arabera, absoluzioaren alde egiten zuten hainbat epailek eta 96 urteko zigorra ezartzearen alde beste batzuek.
Bost orduko bileraren ondoren, hiru urteko espetxe zigorra ezartzea erabaki zutela esan zuen Goreneko Zigor Salak. Erabakia azaltzeko idazkia datozen egunetan plazaratuko dute.
Ińaki de Juanak bigarren gose greban 98 egun egin dituen egunean hartu du erabakia Gorenak. Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko medikuek ohartarazi dutenez, hiltzeko arriskuan da presoa, eta presaz hartu du erabakia auzitegiak.
|