LAB SINDIKATUA

2014/04/24 :: 11:56

Azken Eguneraketa:2014/04/24 :: 4:47

HIZKUNTZA
Hemen zaude: Greba orokorra Greba Orokorra Inposaketen aurrean, BURUJABETZA. Euskal langileok lan erreformari EZ!

Inposaketen aurrean, BURUJABETZA. Euskal langileok lan erreformari EZ!

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea
b_234_106_16777215_0___materiala_argazkiak_kanpainak_M29GrebaOrokorra_12_02_22Infoa_grebaOrokorra.pngDekretuz onartu den lan erreforma euskal langileriaren kontrako eraso latza dugu eta ondorio benetan larriak ekarriko dizkio langile klase osoari: landunei –kontratazio berriei ez ezik, jadanik lanean daudenei ere eragiteko mekanismoak ezartzen dituelako- eta langabetuei –errefomak ez duelako enplegurik sortuko, suntsitu baino, eta, lan merkatura sartuta ere, enpleguak ez duelako bizi baldintza duinik ziurtatuko-.


Krisialdia ez da erreformaren arrazoia, aitzakia baino, patronalaren boterea ia mugarik gabe handitzeko aitzakia. Bere helburua ez da enplegua sortzea edota prekarietateari kontra egitea, saltzen diguten bezala. Aitzitik, erreforma honek patronalari bere betiko eskakizuna oparitzen dio: bere boterea handitu kaleratzeko, soldatak jaisteko eta hitzarmen kolektiboak ez betetzeko.

Enplegua:

• Kaleratzeak erraztu eta merketzen ditu: 45 egunetako kaleratzea desagertu da. 33 egunetakoa orokortu da, baina azken hau ere ez da aplikatuko, kaleratze guztiak “bidezkoak” izateko arrazoiak guztiz erraztu direlako eta, hortaz, praktikan, 20 eguneko kalte ordaina baino ez da jasoko, urtebeteko mugarekin. Kaleratze aske eta doakoa.
• Espedienteak ez dira lan agintaritzatik pasatu beharko. Enpresek eskuak libre izango dituzte kaleratze kolektiboetarako.

• Administrazio publikoetan ere espedienteak aplikatzeko aukera eman da. Denok erabiltzen eta behar ditugun zerbitzu publikoak murrizten jarraituko dute.

Prekarietatea:

• Formazio kontratuak: gutxienez urtebetekoak eta gehienez hiru urtetakoak. Lehen urterako 481 euro hilean eta bigarren zein hirugarren urteetarako 513 euro. Kontratu hauek, gainera, kateatu ahal izango dira.

• Jardunaldi partzialeko kontratuak: jardunaldi partzialekoak izan arren, aparteko orduak egin ahal izango dira. Hau da, jardunaldi osoa bete ahal izango du langile batek praktikan honelako kontratu batez. Kontratu mota hau emakumeei zuzentzen zaie bereziki. Ez da bizi pertsonala eta laborala bateratzeko neurri bat, baizik eta emakumeen enplegua “etxeko soldataren laguntzatzat” jotzeko eta ardura familiarrak emakumeen ardura esklusibo moduan uzteko.

• “Ekintzaileei laguntzeko” kontratu mugagabea: lehen urtean kaleratzea askea eta kalte ordain gabekoa. Kontratu hau 50 langile baino gutxiagoko enpresetarako da, hau da, Hego Euskal Herriko enpresen %97ak aplikatu ahal izango dute.

• ABLEak (ETTak): Eskumen eta protagonismo gehiago ematen zaie. Honek enplegu zerbitzu publikoak pribatizatzea dakar.

Negoziazio kolektiboa guztiz desarautua
Enpresarioak, horrela erabakiz gero, lan baldintzak nahi duen erara aldatu ditzake. Hitzarmen kolektiboan adostutakoa ez aplikatzeko gaitasun osoa ematen zaio, berdin soldata, ordutegi edota jardunaldian. Honek, gure lan baldintzak okertzeaz gain, soldaten jaitsiera progresibo eta etengabea ekarriko du eta, hortaz, jendartearen pobretze progresibo eta etengabea, enpresa guztiak kosteak jaisteko lehian sartuko baitira, beti ere langileon kontura.

Gure eskubideak zapaltzeaz gain, gure eskubide horiek defendatzeko tresna funtsezkoa den negoziazio kolektiboa ere guztiz zapuztu dute. Negoziazio kolektiboa deuseztatu egin dute. Alde batetik zentralizatu egin dute, estatu mailako hitzarmenak herrialde mailakoen gainetik ipinita, honek dakarren lan baldintzen galerarekin, eta bestetik, enpresari ahalmen osoa eman diote beste eremu batzuetan adostutakoa baliogabetzeko. Derrigorrezko arbitrajea inposatu dute hitzarmen kolektiboak ez aplikatzeko eta, honetaz gain, ultraaktibitatea ezabaturik, hitzarmenak aplikazio gabe geldituko lirateke indarraldia galdu eta bi urtetara, hau da, bi urte berriztu gabe emanda.

Aldebakarreko lan harremanen eredua
Lan harremanen eredua guztiz aldatu dute erreforma honen bitartez. Aldebakarreko lan harreman eredua inposatu zaigu. Ez dago benetako negoziazio kolektiborik akordioak beharrezkoak ez badira. Eta ez dago negoziaziorik enpresariek egin eta desegiteko botere osoa eta langileok langabeziaren mehatxua besterik ez badaukagu.

Ez da beste erreforma bat, baizik eta gaurko eredua goitik behera deuseztatzen duen erreforma. Estatuak albo batera gelditzea erabaki du, bitartekari eta eskubide bermatzaile funtzioari uko eginda. Baina aurretik, lan legedia oparitu egin dio patronalari: lan legedia eskubideak bermatzeko tresna izatetik, kapitalaren pribilegioak bermatzeko tresna bihurtu dute.


Erantzun sendo eta ozena Hego Euskal Herri osoan
Erantzun egin behar dugu. Euskal langileok erantzun ozen eta argia eman behar dugu. Ez daukagu ezelako etorkizunik kapitalaren apeta eta eskaera guztiak betetzeko prest dagoen estatu espainolean. Ez gaude prest Madriletik datozen murrizketak, erreformak eta inposaketak onartzeko. Horrelaxe adierazi dugu eta horrelaxe borrokatuko dugu.

Gero eta premiazkoagoa da lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzea, horixe baita modu bakarra inposaketa hauetatik guztietatik babesteko: guk geuk erabakitzea eta ezartzea zeintzuk diren gure lan harremanak zuzentzen dituzten arauak, inposaketetatik aske. Gero eta premiazkoagoa da bestelako eredu ekonomiko eta soziala eraikitzea Euskal Herrian, horixe baita modu bakarra Madrilek garamatzan hondamenditik ihes egiteko. Bestela, laster batean Espainiarekin batera hondoratuko gara. Euskal Herrian egin ahal dugu, egoera ekonomikoa ezberdina delako, baina, batez ere, egoera politiko, sindikal eta sozialak bide propioa egiteko aukera ematen digulako. Horretara goaz!


Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu