Aurrean
duzun estilo-liburu honek eginkizun nagusi bat du: euskararen erabilera
bultzatzea zeure eguneroko lanean. Liburua EUSLAB egitasmotik abiatuta landu
dugu. Lanean euskara erabiltzeko, besteak beste, borondatea, planifikazioa
eta erreminta lagungarriak behar zirela, eta halaxe sortua da, laguntzarako
erreminta izateko asmotan.
Labur esanda, bi bidetatik iritsi nahi luke LABen euskarazek helburu nagusira:
-
1. Sindikatuan euskara
sustatzeko sortzen diren egitasmoen berri-emaile izan nahi du. Horretarako
prestatu dugu LAB eta euskara atala.
2. Euskaraz lan egiteko etortzen zaizkigun zalantza eta oztopoak gainditzen
lagundu nahi dizu, batez ere idatzizko jardunekoak. Ondorengo atalak aurkituko
dituzu:
-
Euskaraz
idazteko argibideak: hizkuntza-kontuak dira, gramatika-gai nagusiak
eta lanean erabiltzen ditugun egitura arruntenak; baita maiz egin behar
izaten ditugun testu formaletarako esaldi-ereduak ere.
Euskaraz jarduteko dokumentuak: Sindikatuko barne- nahiz
kanpo-funtzionamenduko dokumentuak bete eta erabiltzeko argibideak dira.
Betiere, gehientsuen erabiltzen diren dokumentuak hautatu ditugu.
Loturak: Interneten badira hizkuntzaren gorabeherak kontsultatzeko
hainbat eta hainbat web-orri. Horietako batzuetara zuzenean sartzeko aukera
duzu atal honetan.
Euskara-gaztelania-frantsesa hiztegia: Sindikatuan eta bertako
dokumentuetan bildutako lexikoa eta lokuzioak edo egitura bereziak dira;
guztira, laneko jardunarekin zerikusia duten 6.700 sarrera.
Bukatzeko, azken atalean ekarpenak edo galderak
egiteko aukera duzu, Ekarpenen txokoan, azken finean zeu baitzara lan hau
hobetzen edo osatzen ongien lagun dezakezuna. Txoko honetara maiz etortzea,
horixe da gure ametsa; lana euskaraz egiten duzunaren seinale izango baita
hori.