2014/10/26 :: 8:31

Última actualización:2014/10/24 :: 9:53

IDIOMA
Estas aquí: Ainhoa Etxaide: «Iparra argi dugu, euskal estatu sozialista eraikitzera goaz»
Partekatu albistea
ainhoaEtxaide.jpg
«Bizkaiako ezkerraldean hasi zuen talde honek bere bidea duela lau urte. Gure herri txikiaren beste muturrean. Nafarroaren bihotzean, Euskal Herriaren hiriburuan eman diguzue zuen babesa berriro ere zuzendaritza lanetan jarraitzeko. Askotan esan dugu harro gaudela sindikatu nazionala garelako. Horrek ematen digu aukera Euskal Herriak duen aniztasunaz LAB sindikatua aberasteko. Baita momentuko erronkei aurre egiteko ere. Gaurko testuinguru historiko honetan nazio egitasmo eta bitartekoekin aritzea da horietako bat.
2012ko Biltzar Nagusia Nafarroan egiteak esan nahi berezia zuela esan genuen atzo, horrela delako. 500 urte dira ja konkistatuak izan ginela, proiektu arrotz bati lotu gintuztela. Bost mende eta gero, Euskal Herriak Estatu aitortu bat izateko borrokatzen jarraitzen du. Borrokak independentziaren aukera bizirik mantendu du. Eta hori erabakigarria izango, zalantzarik ez izan, bizi dugun krisi bortitz eta sakon honetatik etorkizun bat dugula ateratzeko. Bai herri bezala, baita langile klase bezala ere. Biak elkarlotuak joango direlako.

Garai oso berezian burutu dugu VIII Biltzar Nagusi hau. Guztiok jabetzen gara horretaz. Orain arte ezagutu ditugun eta aldaezinak ziruditen paradigma politiko eta ekonomikoak hankaz gora daude. Okertzeko beldurrik gabe esan dezakegu etorkizunean gauzak ez direla berdinak izango krisi honek gaur arte ezagutu dugun eredu politiko, ekonomiko eta soziala aldatuko duelako. LABek ikuspegi estrategikoaz eta momentuak eskatzen dituen erantzukizunak bereganatzeko prestutasunez heldu nahi dio egoerari.

− Euskal langileriari borroka eskaintza sendo bat eginez gure klase interesak defendatzeko.

− Euskal sindikatuei eta eragile sozialei aliantza sendoak eraikitzeko proposamenak eginez. Ezinbestekoak izango direlako langileei benetako alternatiba bat proposatzeko.

− Nazioarteko lankidetza indartzeko konpromisoak hartuz. Munduko langileriak klase aliantza sendo bat behar dugulako guztiok behar dugun proiektu sozialista berritua eraikitzeko.

− Eta nola ez, alderdi politikoei langileriarekin lerrokatzeko eta gure eskubideekin konpromisoak bereganatzeko eskatuz. Beti, eskubide horien alde batera borrokatzeko akordioak eraikitzeko prest. Aliantza hori ere, eremu politikoaren eta sindikalaren arteko aliantza ere, behar beharrezkoa delako eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikiko badugu.

Guzti horien inguruan eztabaidatzen eta erabakitzen jardun ginen atzo lan saio luze batean. Oso luze batean.

Aliantzak eraikitzeko urratsak ematea izango da datozen urteetan LABen ardatz nagusietako bat. Eta horregatik, eskerrak eman nahi dizuegu gaur gure artean biltzar nagusiaren azken ekitaldi honetan parte hartzera etorri zaretenoi zuek zaretelako aliantza horiek eraikitzeko bidailagunak.

− Eskerrak nola ez munduko leku ezberdinetan borrokan dauden langile eta sindikatuen izenean etorri zareten ordezkariei. Eta bereziki, Munduko Sindikatuen Federazioaren izenean etorri den Valetin Pachori.

− Euskal Herritik etorritako sindikatuei. Azken urteetako eraso kapitalistaren kontra elkarrekin borrokatzen egon garen sindikatuei. Baita borrokan eskuz esku izan zareten eragile sozialei ere.

− Eta eskerrak ere noski gure artean zaudeten Euskal Herriko alderdi politiko abertzale eta ezkertiarrei.

Ezinezkoa dugu oraindik Sortuko ordezkariei gure ongi etorria eman, eraiki behar den proiektua delako oraindik. Baina Biltzar honek eskaintzen digun aukera ezin hobea baliatu nahi dugu LABek Sortun Euskal Herriaren independentziaren eta sozialismoaren alde borrokatzeko aliatu estrategiko bat bilatuko duela aldarrikatzeko. Eta ziur gaudela aurkituko dugula.
Independentismoak proiektu politiko eta sozial sendo bat behar du, euskal langileen tresna politiko eraginkorra izango dena. Ezker abertzaleak urrats erabakigarriak eman ditu hori errealitate bat izateko. Baina bereziki, Euskal Herria da urrats eman duena, herri honen eskakizuna delako nagusitu dena estatuak ezarritako oztopo guztien gainetik. Lortu dugu. ORAIN PRESOAK!!!
Euskal Herriak bere bidea egin behar duela aldarrikatu dugu kongresu honetan. LABek bide hori hartzeko eta bide horretan langile klasearen interesak nagusitzeko borrokatuko du. Gure jatorrizko eskakizuna da, gaur inoiz baino indar gehiagorekin aldarrikatuko duguna hor dagoelako euskal langileok dugun aukera bakarra benetako alternatiba bat eraikitzeko.

Europar Batasunaren proiektu kapitalistak porrot egin du. Hamarkadak egin dituzte bitarteko publiko guztiak sistema finantzieroaren eta multinazional handien esku jartzen hauek inolako neurririk gabe espekulatu zezaten. Hauek beste sistema finantzieroekin lehiatu zezaten. Eta langileak larruz ordaintzen ari gara proiektuaren porrota Europa osoan.

Politika berdin berdinak leku guztietan, ondorio berdinekin ezinbestean. Amildegira garamatzate, gutxi batzuk egoera honetan negozio itzela egiten jarraitzen dute bitartean. Luze hitz egin dugu egoeraren inguruan. Oso kezkatuak eta nazkatuak gaudelako. Hiru urte erreformak eta murrizketak nola inposatzen dizkiguten ikusten eta guk esandakoa betetzen ari da.
Bide horrek krisi larritu besterik ez du egiten eta orain erreskatearen bidean ito nahi gaituzte.

Iruzur historiko baten atarian gaude. Hartu daitekeen biderik okerrena hartuko dute gure izenean eta gure borondatearen kontra. Ez da zilegia gure etorkizuna krisi hau sortu duen sistema finantzieroa salbatzeko zorpetzea. Ez da zilegia herritarrak pobreziara kondenatzea. Espekulatzaileak sarituko dituzte langileoi murrizketa ikaragarriak inposatuz. Herriari hitza eman gabe, konponbideetatik oraindik eta gehiago urrunduz.

Ez da zilegia eta ez da beharrezkoa alternatiba egon badagoelako eta eskutan dugulako.

− Alternatiba Europa berri bat eraikitzea da, eredu sozial indartsu batekin eta Europako Herrietatik eraikitakoa. Euskal Herriak proiektu horren eraikuntzan parte hartu behar du, ahots propioz, eskubide osoz, zuzenean.

− Alternatiba eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea da. Euskal langileok bide hori egiteko eskubidea dugu.

− Alternatiba krisi honen aurrean behingoz lana eta langileak kapitalaren gainetik jartzea da. Lana eta aberastasuna banatzea enplegua sortzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, babes soziala ziurtatzeko.

− Alternatiba aldaketa politiko eta sozialak burutzea da. Aldaketa prozesu bat burutzea langileriaren interesak eta beharrak prozesuaren agendaren erdian jarriz.

Gaurko gobernuek hartu duten bidea suizidio politiko eta ekonomiko bat da. Eta badakite. Badakite bidegurutze batean gaudela. Estatu españolean 78an hartu ziren erabakiak eman beharreko guztiak eman dute, porrot egin dute. Ez dute lortu Estatuko Herriek gure nazio eskubideei uko egitea eta gainera orain ez da ekonomikoki bideragarria. Sakoneko aldaketak egin behar dira eta bidegurutze horretan Euskal Herriak zein bide egingo duen dago jokoan.

Guk argi dugu. Euskal lurraldeak batzeko eta euskal herritarrei hitza emateko momentua da. Egin behar diren aldaketak behingoz modu demokratiko batean egiteko momentua da, euskal herritarrei hitza emanez. Euskal langileei galdetuz zeintzuk diren krisiaren aurrean egin behar diren politikak. Euskal eragileen esku utziz euskal ekonomia eta eredu soziala berrantolatzeko erabakiak. Eta ezin da 78an gertatukoa errepikatu. Marko berri bat eraiki behar dugu eta langileon eskubideak ziurtatzeko bitartekoak ezin dira albo batean geratu. Gai ekonomiko eta sozialak hemen erabakitzea ekarri behar du marko berriak edo ez da Euskal Herriak behar duen markoa izango.

Bidegurutze batean gaude eta LABek borrokatuko dituenak argi dituela ateratzen da kongresu honetatik. Gatazkari konponbide demokratiko bat eman behar zaio gure etorkizunaz libre eta ingerentziarik gabe erabakitzeko. Aldaketa prozesua azkartu egin behar da krisi honetan Estatuek hartu duten bidean ito ez gaitezen. Politikak aldatu behar dira ditugun arazo sozialak ezin direlako etorkizunean konponduko diren arazoak izan.

Guzti horiei erantzungo dien prozesua soberanista bat behar dugu eta martxan da jada. Urrats handiak eman ditugu azken urteetan eta baldintzetan gaude aurrera egitea ekarriko duten jauziak emateko. LAB prozesu horren eragilea izango da, ez gara begira geratuko. Aldaketa prozesuan goitik behera inplikatu behar da euskal sindikalgintza eta gaur, berriro ere, eztabaida horretan sartzeko deia luzatzen dizuegu euskal sindikatuei. Zailtasunak zaitasun eta benetako akordioak eraikitzeko denbora behar dugula jakin arren. Euskal gehiengo sindikal indartsu bat behar du euskal langileriak, ELA eta LABen esku dago horretan aurrera egitea eta gu prest gaude konpromiso argiak eta sendoak hartzeko.

Ikaragarrizko erronkak ditugu aurrean. Aurreikuspenak egoera bera baino beltzagoak dira. Borroka asko egin beharko dugu aldaketak lortzeko eta borroka izango da beraz gure ardatza hurrengo urteetan. Borroka lantokietan eta lantokietatik kanpo. Mobilizazioa langileak euskal herriko kaleetan hitza hartzeko. Konfrontazioa kapitalari boterea borrokatzeko.

Langileok badakigu borrokak egin gaituela eskubideen jabe eta borroka da eskubideak ziurtatuko dizkigun bide bakarra. LAB borroka egiteko lanabesa izango da. Orain arte bezala. Bide luzea egin dugu 74etik hona. Urrats handiak eman ditugu: Euskal Herria osoan hedatu da. Langileak antolatu ditugu eta tresna baliagarri eta eraginkorra bilakatu gara euskal langile klasearen interesen defentsan. Hemen gauden ordezkariek hartu diegu lekukoa LAB sortu eta honeraino ekarri dutenei.

LABeko egungo arduradun eta ordezkariek ez dugu ahaztu, oso presente dugu ia berrogei urtetik hona sindikatu hau egin duten eta sindikatutik borrokatzea posible egin duten militante guztien ekarpena. Atzo esan genuen, gure ibilbide historikoak eman digun zilegitasunak eta sinesgarritasuna dago gaur borrokatzeko dugun indarraren oinarria. Orain da indar guzti hori askatzeko eta Euskal Herriak behar duen prozesuari begira jartzeko. Orain da garaia. Langileon Euskal Herria eraikitzeko garaia. Eta LABeko kideok badakigu non dagoen gure indarra:

KONPROMISOA, ANTOLAKUNTZA, BORROKA ETA BETI BETI, IPARRA ARGI: EUSKAL ESTATU SOZIALISTA BAT ERAIKITZERA GOAZ. SOZIALISTA. LANGILEENA.

GORA MUNDUKO LANGILERIA! GORA LAB!!!»

No hay comentarios


Para hacer comentarios debes estar registrado.¿Todavía no tiene una cuenta? Regístrate