· euskara   · castellano
FORMAKUNTZA   | AGERKARIAK   | EUSLAB   | EUSKALHERRIA   | NAZIOARTEKOA
                    

Gaur egun

Negoziazio Kolektiboa

Analisiak

 
 






<b>Aberastasuna banatu, soldata eta lan baldintzak hobetuz</b><br><i>Prekarietate, diskriminazio eta gehiegikeriarik ez!</i>



<b>Aberastasuna banatu, soldata eta lan baldintzak hobetuz</b><br><i>Prekarietate, diskriminazio eta gehiegikeriarik ez!</i>



<b>Aberastasuna banatu, soldata eta lan baldintzak hobetuz</b><br><i>Prekarietate, diskriminazio eta gehiegikeriarik ez!</i>


 

2004/02/10
Aberastasuna banatu, soldata eta lan baldintzak hobetuz
Prekarietate, diskriminazio eta gehiegikeriarik ez!

2004rako Negoziazio Kolektiborako Akordioa 2003 urterako negoziazio kolektiboari buruz ELAk, LABek eta ESKk sinatu zuten akordioarekin mugarri bat ezarri nahi izan zuten negoziazio kolektiboan, baita jokabide berriei ekin ere, ekintza sindikaletik hainbat arazori modu eragingarrian aurre egite aldera.

Arazo horiek aberastasunaren banaketa bidegabea, lan-harreman gero eta eskasagoa eta langile-klasearen eskubideen murrizketa dira. 2003 urtean puntu horiek enpresa eta sektore mailako negoziazioan oso kontutan izan ditugu, eta hasiak gara egoera berri baterantz nahiz negoziazio kolektiboaren bestelako praxirantz urratsak egiten.

Hitzarmen hau sinatu duten sindikatuek funtsezkotzat jo dituzte negoziazio kolektibo eraldatu honetako atal eta asmo batzuk:
- Sindikatuon konpromisoa sakondu izana, bai euren artean, bai adostu diren helburu errebindikatiboekiko.
- Prekarietatearen eta bereizkeriaren aurkako tresna nagusitzat negoziazio kolektiboa hartzea.
- Aberastasunaren banaketa zuzenagoa errebindikatzea, klaseen arteko desorekak areagotzen dituzten joerak geldiarazteko.
- Ugazabekiko indar-erlazioa hobetzea; hau antolatzeko eta presioa eragiteko gaitasunarekin lotuta dago.
- Negoziazio kolektiboaren egitura eta betidanik ezagutu diren negoziazio esparruen azterketa kritikoa.

Tradizio eta jokabide sindikal desberdinetatik datozelarik, erakunde sinatzaileen ustez, dagoeneko 2003ko aliantzaren oinarrian zeuden hausnarketa komun horiek baliatu behar dira langile-klasearen egoera hobetzeko eragingarria izango den bategite sindikala finkatu eta etorkizunean luzatzeko.

Bestalde, erakunde sinatzaileentzat aliantza honek negoziazio kolektiboari txertatzen dizkion balio eta helburuok ez dira lan-harremanaren esparrura mugatzen, ez harekin batera agortzen. Aitzitik, bere baitan bestelako gizarte eredu zuzenago eta solidarioago baten aldeko borroka hartzen duen asmo orokorragoan sartzen dira.

Botere ekonomikoek eta patronalak setaz eusten diote lortu duten abantailazko lekuari; seta hori medio negoziazio kolektiboaren esparruan akordio antidemokratikoak ezartzen dituzte (minoriekin egindako akordioak, eragindako langileek enpresetan hautatu dituzten gehiengoen aurka), edota errebindikazioari ematen dioten erantzuna txantajea izan ohi da, sektore osoak hitzarmenik gabe utziko dituztela esateraino.

Beraz, sinatzen duten erakundeek badakite hasitako bidea aski zaila dela, eta ez dagoela lasterbiderik; aurrera egiteko konpromisoa eta egonarria beste aukerarik ez dago.

NEGOZIAZIOAREN ILDOAK

Konfederazio mailako akordio honek ez du eduki bakoitza zehastasunez aztertuko, hori negoziazio esparru bakoitzean egingo baita, baina helburu orokorrak aipatuko ditu. Esan beharra dago erreferentzia hauek ez direla adierazpen teoriko hutsak; sindikatu sinatzaileen konpromisoa hitzarmen bakoitzerako plataforman, eta areago, sinatzen diren akordioetan benetan islatuko direla saiatzea da.

Soldatak
- Izandako inflazioa aise gaindituko duten igoerak.
- Soldata bereizkeriaren aurkako borroka (eskala bikoitzak, soldata eskasak dituzten taldeak).

Enplegua
- Prekarietatearen aurkako borroka:
- Aldi baterako enplegua benetan aldi baterako egoeretara mugatzea: Lan finkoa, kontratu finkoa.
- Lanaldi osoa eskatzen duten lanpostuetan lanaldi partzialeko kontratuak desagerraraztea.
- Aldi baterako laneko enpresen (ABLE) bidez kontratatzeko aukera galaraztea.
- Azpikontratazioari dagokionez:
· Enpresa nagusi eta azpikontratetako atal sindikalen arteko lana.
· Enpleguari dagoenean eutsiko dion errebertsioa eskatzea.
· Enpleguaren subrogazioa azpikontratak aldatzen direnerako.
· Enpresa nagusietako lan-baldintzekiko homologazioa.
· Enpresek lanak azpikontratatzeko asmoz egiten dituztenetan zatikatzeen aurkako ekintza sindikala.
· Lanaldi murrizketa: 35 orduko astera daramaten lanordu murrizte sakonak.
· Aparteko orduak desagerrarazi eta horren ordez lanpostu berriak sortzea.
· Errelebo kontratua hedatzea.
· Eskubideak galdu gabe laneko eta familiako ardurak uztartzea.

Genero bereizkeria
- Esparru bakoitzean emakumeek dituzten lan-baldintzak aztertzea: bereizkerien diagnostikoa eta beroiek erauzteko plangintza.
- Ez da aski antzeko funtzioetan soldatak alderatzea (hau ezinbestekoa bada ere); bereizkeria eragiten duten beste bide batzuren aurka ere jo behar da: hautaketa eta promozio sistemak, emakumeentzako lanbide edo kategoria bereziak, lan-kontratuen tipologia, etab.
- Halaber, genero ikuspegia ekintza sindikalean aintzat hartu behar da, zeharkako ikuspegiaz.

Malgutasuna
Malgutasunak langile talde batekiko diskriminazioa dakarrenean guztiz arbuiatzea.

Hitzarmenen iraupena
- Arau orokorra: urtebeteko iraupena.
- Akordioaren edukien arabera bi urtera ere luza daiteke.

Laneko osasuna
- Arrisku egoerak saihesteko politika aktiboa. Ez da nahikoa arau mailan geratzea; arriskuak ekiditeko egoera zehatzetan jokatu behar da.
- Aldi baterako ezintasunetan laneko istripuetarako mutuen eskuhartzea galaraztea.

Lan mundua euskalduntzea
- Enpresetan hizkuntz-normalizazio planei ekitea, euskara hitzez eta idatziz bai ohiko jardunetan, bai barne- nahiz kanpo-harremanetan erabiltze aldera.

JOKATZEKO OINARRI ETA IRIZPIDEAK

2004ko hitzarmen kolektiboen negoziazioa dela-eta ELAk, LABek eta ESKk berriro adierazi nahi dute negoziazio kolektiboa beren lan-baldintzak hobetuz aberastasunetik jasotzen duten zatia handitzeko langile antolatuen ekintza sindikalaren funtsezko ataletako bat dela; hain zuzen, negoziazio kolektiboari buruz sindikatuok honako oinarri eta irizpideak dituzte:
- Hitzarmen kolektibo bakoitza prestatu eta garatzerakoan helburu argiak izan behar dira.
- Ugazabei aurre egin ezean ezinezkoa da helburu mamitsuak lortzea, hala nola laneko prekarietatearen adierazpen desberdinak gainditzea.
- Sinatzen duten sindikatuen laneko lehentasunetako bat indar-erlazioa hobetzea izango da, behar denean gatazkara joaz.
- Aliantza sindikal hau sendotzea eta eragingarri izatea nahi bada, beharrezkoa da eskualde eta sektoreetan sinatzen duten erakundeen arteko hausnarketa eta ekintza guneak eratzea.
- Negoziazio kolektiborako estrategia honek eragindako langileen parte hartzerik gabe ezin du aurrera egin. Beraz, sindikatu bakoitzak afiliatuen parte hartzeko prozedurak garatzearekin batera, hitzarmenak bere baitan hartzen dituen langile guztien partaidetza sustatuko da prozesu guztian.
- Azkenik, patronalak aberastasuna era zuzenagoan banatu eta lan-prekarietatearen agerpen desberdinak gutxitzea erabat ukatzen duenez, ELAk, LABek eta ESKk uste dute gatazka, (eta gatazka aktiboaz ari gara, greba, manifestazio eta mobilizazio desberdinak barne), 2004ko negoziazio kolektiboan oso beharrezkoa izango dela.


 
LAB sindikatua Ekintza sindikala SektoreakArloak Prentsa