|
Sindikatuek eskubide guztiak bermatzea izango dute ardatz
2003ko apirilak 4
"Herritar guztion eskubide guztiak, Euskal Herri osoan" agiria aurkeztu dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, ELB eta Hiruk ï Egoera politikoa gainditzeko erreferentzi gisa aurkeztu dute, eta parte-hartze politikorako eskubidea aldarrikatu dute.
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, ELB eta HIRU sindikatuek Parte-hartze politikorako eskubidearen alde: Herritar guztion eskubide guztiak, Euskal Herri osoan agiria aurkeztu zuten atzo Donostian, Batasunaren legez kanporatzearen analisi bateratua eginez batetik, eta, bestetik, parte-hartze politikorako eskubidearen urraketaren aurrean euren erreferentzia aurkeztuz.
Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiaren ustez, Batasunaren legez kanporatzearekin «Itun Antiterroristak hauteskunde espresioa kendu nahi dio Euskal Herriko gatazka konpontzeko ezinbestekoa den espazio bati, sustraituta dagoen espazio bati. Eta mehatxuak hor jarraitzen du».
«Ez da nahikoa erabaki judizial eta politiko jakin hau kritikatzea», esan zuen Elorrietak, «eta ez da nahikoa funtseko estrategiari mozorroa kentzea. Beste jokaleku bat behar da, eta horretarako, oinarrizko aukera bat egin behar da: eskubide guztiak, pertsonenak eta erakundeenak».
Rafa Diez LABeko idazkari nagusiaren arabera, «irtenbideak behar ditugu, eta sindikatuok, batzen gaituen erreferentzia bat markatu dugu: eskubide guztiak, norbanakoenak eta kolektiboenak, autodeterminazioa barne, Euskal Herri osoan, eta, nola ez, emakume eta gizon guztientzat. Uste dugu egoera politikoa gainditzeko erreferentzia hau dela, eta ikuspegi honekin lan egiteko konpromisoa hartzen dugu sindikatuok».
Elorrietakbeste ideia bat ere gaineratu zuen: «Oinarrizko eskubideak ezin dira egoera politikoari lotuta egon; egoerak gogorrak eta zailak izan arren, ezin da zilegitu oinarrizko eskubideak urratzea, ez indibidualak eta ez politikoak».
ELAko idazkari nagusiak, proposamen eta posizioak azaltzen jarraitzeko borondatea ere agertu zuen. «Inflexio puntu batera iristeko asmo sendoa dugu berehala, bizkor eta modu atzeraezinean. Lehentasuna dugu hor, fase zibil batera iristea euskal gatazka konpontzeko, egon ados edo ez Itun Antiterroristaren sinatzaileak».
|