|
1995ko Aberri Eguna
Aberri Eguna dela eta ELA eta LABek euskal langile eta gizartearengana jo nahi dugu, euskal nazioaren eraikuntzarako sindikalismoaren ahalegina burutzeko asmoa islatzen duen adierazpen baten bidez.
Adierazpen honekin bi sindikatuok, ELA eta LABek, arestian ekindako lankidetzari eusten diogu eta -ekintza sindikalaren erabateko autonomiatik abiatuta- bidezko gizartea izango duen Euskal Herri burujabe eta demokratikoaren aldeko borrokan parte hartu nahi dugu.
Urtero Aberri Egunez bi gauza berretsi eta ospatzen ditugu: gure nazio nortasuna, alde batetik, eta gure etorkizuna komunitate nazionaltzat gauzatzeko borondatea, bestetik. Gaur egun Aberri Egunak oraindik erreibindikatiboa izan behar du, estatu espainolak eta frantsesak osatzen duten marko politikoak herri honi subjektu politiko denik, eta bertako hiritarrei beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea, ukatzen baitiote.
Autodeterminazio eskubidearen ukapena beraz funtsezko oinarri demokratikoen aurka doa.
Herri izateko eskubidearen ukapenean datza Euskal Herriak nozitzen duen gatazka politikoaren sustraia. Gatazka konplexu horrek gure herriaren bizitzan eragin handia du, eta bere adierazpide eta eragin bortitzek pertsona eta familia askotara oinazea eta sufrimendua dakarte.
Testuinguru honetan, ELA eta LABek, gatazka honen zenbait ondorio oso era ezberdinean juzkatzen badute ere, herri honen etorkizuna Euskal Herriko hiritarrak era demokratikoan, eta kanpoko inolako eskusartzerik gabe, gauzatu eta erabakitzen joan daitezen bideak eta borondateak ipintzea beharrezkoa dela ikusten dute.
Hortaz, gatazka gainditzeko oinarriak jar daitezen elkarrizketa eta negoziaketa politikoaren bideak bultzatzea beharrezko ikusten dugu ELA eta LABek, eta bi sindikatuok bere esparruan helburu hori lortzeko dinamikak garatzeko konpromisoa hartzen dute.
Eraikuntza nazionala arlo ekonomiko eta soziolaboralean
Abertzalegoak ekin beharreko erronka eta eginbehar garrantzitsuen artean (besteak beste, kultur eta hizkuntzaren berreskurapena, integrazio territoriala, egituraketa politikoa...) ELA eta LABek bereziki premiazkoa ikusten dute euskal hiritarrek politika neoliberalen eraginez jasaten dituzten arazo ekonomiko eta sozial larriei erantzuna eman beharra. Industriaren narriadura, enplegu suntsiketa, kolokako kontratu kopuru beldurgarriak, lan munduan sartzeko belaunaldi gazteek dituzten oztopoak, lan eta bizitzarako ikuspegirik eza, ingurunearen hondatze maila handia, txirotasun eta baztertze gero eta hedatuagoak... Arazo guztiok konpromiso politiko argi bat eskatzen dute. Euskal abertzalegoak arazo hauei aurre egiteko gauza dela erakutsi behar du, euskal gizartearen gehiengoak onargarri ikusiko duen eraikuntza nazional proiektu bat aurrera eramanez.
ELA eta LABek bultzatzen duten erreibindikazioa -lan harremanetarako euskal esparrua eta espazio sozioekonomiko propioa- da hain zuzen langile klasea nozitzen dituen arazoei modu egokian ekiteko tresna egokiz hornitzeko beharraren adierazpidea.
Aberri Egun honetan salatu egin behar dugu lan gaietan eta gizarte babesari dagokionez euskal erakundeek duten konpetentzi hutsune estrukturala, eta dagoeneko duela hamasei urte hitzemandako transferentzia soziolaboralak (INEM eta Gizarte Segurantza) gauzatzeari gobernu espainolak ematen dion ezezkoa.
Hori dela eta, lan eta gizarte babes gaietako legegintza ahalmena eta euskal erakundeei enplegu, lanbide heziketa eta Gizarte Segurantzako konpetentzien berehalako transferentzia eskatzen dugu ELA eta LABek. Izan ere, gai horiek gure gizarteko langabezi eta babesik ezaren arazoen mamiarekin zerikusia baitute.
Halaber, euskal gizarte eta ekonomi esparruari dagokionez, ELA eta LABek honako erreibindikazio hauek aurkezten ditugu: Euskal Finantza Herri-Erakunde baten sorrera, Estatuaren eskutan dauden enpresa publikoen transferentzia, Portu eta Aireportuen erabateko transferentzia, Telekomunikazioen Euskal Espazioa eta azkenik zerga-sistema aurrerakoia, iruzur fiskala deuseztatu eta gastuaren birbanaketa ziurtatuko duena (Osasungintza, Hezkuntza, Pentsioa, e.a.).
Aipatu beharrekoa da ELA eta LABentzat, langile erakunde legez egindako analisitik abiatuta, eta klase horren beharrizan eta helburuei begiratuta, eraikuntza nazionala eta Euskal Herria gizarte bidezko eta solidario bilakatzea gauza bat eta bera direla.
ELA eta LABek elkartasunaren eta nazioarteko lankidetzaren praktikarekiko konpromisoa berresten dugu, bai euskal esparruan eta baita muga eta herriez gaindi. Baina aldi berean sasi-elkartasun baten izenean nazio-erreferentzi espainola sendotzea eta estatu mailako erakunde sindikal eta patronalaren neurriko marko laboralak ezartzeko asmoa besterik ezkutatzen ez duen lelo ideologikoa arbuiatzen dugu. Aitzitik, euskal langileen gehiengo gero eta zabalagoak lan harremanetarako euskal esparruarekin konpromisoa duten erakundeak hautatzen dituenez, sindikatu arteko beharrezko lankidetzarako testuinguruan euskal esparruarekiko erreferentzia gero eta erabakigarriagoa da.
Herrigintza prozesuan euskal klase langilearen erabateko protagonismoa gauzatzeko ELA eta L Abentzat gizarte eredua, marko soziolaborala eta marko sozioekonomikoa dira erreferentea.
Guzti honen ondorioa, 1995ko Aberri Egunaren
aurrean ELA eta LABek hau diogu:
* Euskal Herriaren nazio izaera, egungo muga eta zatiketa politikoez gaindi, eta herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea berresten dugu. Ezinbestekoa deritzogu hortaz autodeterminazio eskubidea onartzeari.
* Gure herriaren eskubide demokratikoen defentsan euskal erakunde eta alderdi politikoengandik jarrera irmo eta sendoa eskatzen dugu.
* Premiazkoa deritzogu Euskal Herriak egun nozitzen duen gatazka gainditzeko beharrari; horretarako elkarrizketa eta negoziaketa politiko bideei ekitea eskatzen dugu.
* Herri honetako hiritar askoren arazo ekonomiko eta sozialei gobernu politikatan dagokien arreta eskaintzea eskatzen dugu. Lehenbailehen garatu behar da lan harremanetarako euskal esparrua eta espazio sozioekonomiko propioa.
* Helburu komunak lortzeko lankidetza oinarriak jar ditzaten deitzen diegu erakunde politiko eta sozial abertzaleei. Guk ere gure lan sindikalean norantza horretan lan egingo dugula hitzematen dugu.
* Langileak eta herri guztia eraikuntza nazionalera, Euskal Herri burujabe, bidezko eta solidario bat eraikitzeko lanera bil daitezen animatzen ditugu.
|